INFO

Ikasgeletara itzultzeko eguna dute gaurkoa Ipar Euskal Herriko ikasleek

Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko ikasle gehienentzat eskola sartze eguna da gaurkoa. Ama eskola eta lizeo artean 50.000 bat ikasle arituko dira Ipar Euskal Herrian. Seaskak bere bosgarren kolegioa ireki du Senperen. Horri esker euskararen presentzia areagotuko da bigarren hezkuntza zikloan.

Oraindik ere lanak amaitzear direla eskola sartzea egin dute gaur Seaskak Senperen zabaldu duen kolegio berrian. (Guillaume FAUVEAU)

Orotara, 110.000 ikasle pasatxo daude Pirinio Atlantikoen departamenduan, horien erdia gutxi gorabehera Ipar Euskal Herrian.

Pauen frantziar Hezkuntza Ministerioak duen zuzendaritzak emandako datuen arabera, lehen mailan 11.028 ikasle arituko dira gaur hasi den ikasturtean hiru euskal lurraldeetan.

Bigarren hezkuntzan, ordea, 5.440 ikaslek eman dute izena. Zifra horiek osatzera datoz berdin lizeoan (14-18 adin arteko hezkuntza maila) zein goi ikasketetan (unibertsitatea) jarduten duten ikasleek.

Ohi bezala, era mailakatuan iraganen da aurten eskola sartzea, adin txikiago duten haurrengandik hasita.

Horrendako goizean goizetik guraso eta ikasleendako topaleku bilakatu dira udan zehar mutu izan diren ikastetxeetako atariak eta baita patioak ere.

Gurasoengandik agurtzeko tokia izan da lehena, oporraldi luze baten ondotik lagunekin berriz topo egiteko parada eskaini du besteak.

Ikasleentzat eta haien familientzat egun berezia izanen da ikasturte hasiera.

Kattalin Elizalde kolegioa, Seaskaren bosgarrena

Seaskan ikasketak egiten dituzten haurrentzat sartzeak ekarri duen albisterik nagusia Senperen bere ateak ireki dituen bosgarren kolegioaren estrenaldia izan da.

Herri Urrats egiten den aintziraren gertu kokatzen da era mailakatuan ikastoletako sarean bere jarduera txertatuko duen Kattalin Elizalde kolegioa.

Irailaren 4. honetan 82 ikaslerekin egin du sartzea bigarren hezkuntzako ikastetxeak (11-12 eta 14-15 urte arteko gaztetxoek jarduten dute kolegio mailan). Seigarren eta bosgarren maileko gaztetxoek estreinatu dute ikastetxe berria.

Izan ere, hilabeteak aurrera joan ahala 166 ikasleri harrera egiteko gaitasuna bereganatzea espero du zazpi hilabeteko epe errekorrean eraikia izan den kolegioak.

Ikastoletako federazioaren zorionerako, Hego Lapurdin matrikulazio azkar emendatu da eta badira zenbait urte Ziburuko Piarres Larzabal kolegioa txiki gelditu zen.

Senpereko kolegioa behar hori betetzera dator, baita bigarren hezkuntzan oraindik ere aski apala den euskararen itzala handitzera ere.

Zehazki, bigarren hezkuntzan 2.205 ikaslek hezkuntza elebiduna jasoko dute aurten eta 1.069 murgiltze ereduan arituko dira.

14-15 eta 17-18 adin arteko haurrak jasotzen dituen lizeo mailan oraindik ere zifrak apalagoak dira. 668 ikaslek elebidunean jardunen dute eta 485 murgiltze ereduan.

Lehen mailan jasotzen dira zifrarik azkarrenak euskal hizkuntzaren kasuan.

Ikastoletan 3.795 ikaslerekin abiatu da ikasturtea. Elebidun ereduan, berriz,  6.966 ikasle izanen dira. Ama eskolari dagokionez 267 ikasle izanen dira.

Bordeleko Hezkuntza Akademiak emandako datuen arabera, Zuberoan, Nafarroa Beherean eta Lapurdin dauden eskola publikoen %66an presentzia badu euskara, delako irakaskuntza elebiduna zein murgiltzean.

Datu ofizialak eskutan, lehen hezkuntzari dagokionez, ikasleen %43k ikasturteak euskaraz jasotzen ditu Ipar Euskal Herrian, gehienetan eredu elebidunean.

Hezkuntza ereduak aintzat harturik, hiru lurraldetako haurrak horrela banatzen dira: %61,60 eskola publikoan eman du izena, %30,27k sare giristinoan eta %8,12 ikastoletan.

Ikasturte hasierak hainbat kezka piztu ditu

Kurtso hasiera honek, bestalde, hainbat arazo azaleratu ditu. Hala, irakasleen eskasia nabarmentzekoa da.

Horretaz gain irakasleen diru sarrerak borobiltzeko Hezkuntza Ministerioak plantan eman duen ereduak ika-mika sortu du.

Emmanuel Macronen bultzadapean lan berriak –hala nola sostengu kurtsoak– haien bizkar gainean hartzearen truke soldata emendatzeko aukera proposatu zaie aurten irakasleei.

Frantziar presidenteak Ipar Euskal Herria barne den Pirinio Atlantikoen departamendua hautatu du lanbide heziketen alorrean gauzatuko den erreformari oihartzuna emateaz gain bigarren hezkuntza sostengatzeko bere programa defendatzeko.

Orthez hiriko Daniel Argote ikastetxean izanen da astearte honetan, hilaren 5ean.

Izan ere, lizeoan ere aldaketak aurreikusten dira kurtso honetan. Michel Blanquer frantses Hezkuntza ministro ohiak indarrean eman zuen baxoa azterketari buruzko egutegia baztertuz, berezitasunei buruzko azterketak martxoan egin ordez berriro ere kurtso amaiera aldera eginen dituzte derrigorrezko hezkuntza bururaturik goi ikasketak egiteko asmoa duten ikasleek.

Finean, familiek beste buruko min ukan dute kurtso hasiera honetan. Inflazioaren bultzadapean %11 emendatu direlako eskola materialen prezioak.