INFO

Borroka sindikalaren eta eragile ezkertiar independentisten elkarlanaren alde egingo du LABek

Ikasturte berriari begira LAB sindikatuak dituen erronkak definitu ditu Garbiñe Aranburuk. «Langileen ahalduntze kolektiboa» ematen ari dela eta, borroka sindikala piztearen alde egingo dute lan. Halaber, eragile ezkertiar independentisten artean agenda sozial partekatua izatea jo du helburutzat.

Garbiñe Aranbururen agerraldia Bilbon. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Ikasturte berria hastear dagoela, Garbiñe Aranburu LAB sindikatuko koordinatzaile orokorrak lan eremuko egoera aztertu eta datozen hilabeteotarako erronkak definitu ditu Bilbon eginiko agerraldi batean. «Langileen ahalduntze kolektiboa» ematen ari dela azpimarratu du, baita zaintzaren agendari garrantzia emateko beharra ere.

«Langileen egunerokoa bilakatu dira azken hilabeteetan erosahalmenaren galera, elikagaien prezioen igoera, hipoteken garestitzea, zerbitzu publikoen ahultzea, zaintza krisia edota lan osasunerako eskubidearen urratzea», azaldu du Aranburuk.

Halaber, langileen mobilizazioa bizitzaren prekarizazio eta pobretzeari mugak jartzeko bermetzat jo du, aberastasunaren birbanaketarako politikarik ezaren aurrean.

Langileen bizi baldintzak hobetzeko neurri zehatzak mahai gainean jarriko dituztela ziurtatu eta horiek errealitate bilakatzeko dinamikak pizteko asmoa agertu du LABeko koordinatzaile orokorrak, horretarako baldintza egokiak daudela iritzita.

«Ahalduntze kolektiboa»

Ematen ari den «langileen ahalduntze kolektiboa» azpimarratu du, bereziki aipagarritzat jo duena sektore feminizatuetan, nahiz eta sektore horietan «patronalaren blokeoa gogorragoa izaten den».

Ildo beretik, Mugimendu Feministarekin batera azaroaren 30erako deituko duten Greba Feminista Orokorra aipatu du. «Zaintzaren agenda mahai gainean jarri behar da», adierazi du Aranburuk, «ez dugulako zaintza duina bermatuta eta behar bezala banatuta».

Halaber, testuinguru politikoak borroka sindikalari mesede egin diezaiokeela iritzi du, espainiar Estatuan Gobernu berria osatzeko «independentismoa erabakigarria» izango delako. Horregatik, Negoziazio Kolektiboa Euskal Herrira ekartzeko baliatu dezatela galdegin du: «Azken batean, euskal langileok gure lan eta bizi baldintzak estatuko injerentziarik gabe bertan erabakitzeko eskubidea errespetatzeko».

Era berean, maiatzeko hauteskundeetan langileriaren bozkak batzuk saritu eta beste batzuk zigortzeko izan duen ahalmena mahai gainean jarri du, eta Nafarroako gobernua langileriaren eskubideei dagokionean «anbizio gutxikoa» dela salatu.

Erronkei helduz, lantoki eta sektoreetan borrokak piztea du lehena sindikatuak: «Langileria osora iritsiko den sindikalismo berria praktikara eramaten jarraituko dugu». Esaterako, soldatak duindu eta KPIaren araberako igoera borrokatuko dutela azaldu du Aranburuk, baita zerbitzu publikoen defentsa eta garapenaren alde ere: «Hitzez ez, ekintzaz egin behar da». Zaintzari zentralitatea emateko konpromisoa hartu du eta, 30 orduko lan-astea helburu, lanaldi murrizketaren ale lan egitekoa.

Batasun sindikala

«Zatiketa sindikalak patronalari egiten dio mesede», idazkari nagusiaren hitzetan, eta horregatik, ezker independentismoaren eremuko eragileen arteko agenda sozial partekatua beharrezkotzat jo du. ELArekiko harremanean «berrikuntzarik ez» dela azaldu badu ere, itxaropentsu agertu da: «Dialektika positiboagoa espero dugu ikasturte honetan, badaudelako batasun eremuak».

Azaldu duenez, LAB «kontrabotere sindikatua» den heinean, eraldaketa sozialaren alde egingo dutela borroka, burujabetzaren defentsaren bidetik. Negoziazio kolektiborako marko propioa izatea beharrezkoa dela deritzo Aranburuk, eskumenen banaketa «aitzakiatzat» erabiltzeko aukerarik egon ez dadin.