INFO

Erraustegiaren aurkako giza katea egingo dute igandean Kontxako hondartzan

Urtero bezala, Kontxako Banderaren estropadaren bigarren asterburuan, irailaren 10ean, Erraustegiaren aurkako Mugimenduak giza katea antolatu du. Zubietako erraustegiaz gain, «Gipuzkoako agintariek beste bi proiektu» buruan dituztela salatu dute. 11.00etan abiatuko da mobilizazioa Alder Ederretik.

Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak irailaren 10erako deitu duen giza katea iragartzeko egindako agerraldia. (@ErrausAurkMugi)

Erraustegiaren aurkako Mugimenduak antolatutako giza kate batek Kontxako hondartza zeharkatuko du berriro ere igande honetan, hondakinak tratatzeko modu horren aurkako protesta gisa, Kontxako Banderaren estropaden bigarren asteburuaren egunean. 11.00etan jarri dute hitzordua, Alderdi Ederren.

Kontxa parean egindako agerraldian azaldu dute «behartuta» daudela urtero egiten duten protestari jarraipena ematera. Izan ere, urtetik urtera Gipuzkoan hondakinekin dagoen arazoa larriagotzen ari dela uste du Erraustegiaren aurkako Mugimenduak.

Zentzu horretan, gogorarazi du duela hiru urtetatik Donostiako erraustegia hondakinak erretzen ari dela, eta «lurraldeko agintariek» beste bi proiektu dituztela buruan: «Bergaran eta Zumarragan, paperontzi eta plastikoen hondakinak erretzeko, ‘Pirolisis’ izena jarri diote». Erraustegiek kutsadura ekartzen dutela eta hori «bizitzen aurka» doala ere salatu dute.

«Zaldibarko zulo beltza desagertu denean, urtez urte okerrera egiten ari den egoera honi irtenbide ekologiko bat eman beharrean, Gipuzkoako agintariek lurraldea hainbat arlotako erraustegiz betetzea baino ideia hoberik ez dute», ondorioztatu du agerraldia egin duen kolektiboak.