INFO

Hondarribian jazotako bi eraso sexista salatzeko kalera atera dira, «denak ez duelako balio»

Udalak deituta, elkarretaratzea egin dute asteazken arratsalde honetan Hondarribian astelehen gauean, jaietan, gertatutako bi eraso sexista salatzeko. Jaietan «denak ez duela balio» nabarmendu du udalbatzak.

Hondarribiako Martxoak 8 plazan elkartu dira erasoak gaitzesteko. (Hondarribiako Udala)

Joan den astelehen gauean Hondarribian gertatutako bi eraso sexista gaitzesteko elkarretaratzea egin dute asteazken honetan Udalak deituta. Herritarrekin batera, Gipuzkoako Berdintasuneko foru zuzendaria, Nerea Isasi, bertan izan da.

‘Emakumeen aurkako indarkeriarik ez’ zioen pankarta batez lagunduta, Igor Enparan Hondarribiko alkateak herrian «eraso sexistarik edo homofoborik ez dela onartuko» ohartarazi du.

Udalak adierazpen batean gogorarazi duenez, «emakumeek eta LGTBIQ+ kolektiboko pertsonek jaiak askatasun osoz gozatzeko eskubidea dute eta jaiek emakumeen aurkako indarkeria martxista eta LGTBIQ+ fobikorik gabeko gozamen eta ospakizun gune izan behar dute». Jaien testuinguruan «denak ez duela balio» azpimarratu dute.

«Onartezina da erasotzaile batzuek jaia inpunitate gune bilakatu nahi izatea, esparru hauetan erasoan jarraitzeko. Erasoak ez dira jolas dibertigarri eta hutsal baten ondorio, indarkeria matxista eta LGTBIQ+foboaren ondorio baizik», ohartarazi du Udalaren adierazpenak.

Horrela, gertakari hauen aurka «konpromiso aktiboa har dezan» eskatu dio Udalak herriari, «behin betiko» indarkeria matxistarekin, homofobiarekin eta transfobiarekin amaitzeko «gizarte eta estamendu guztien jarrera aktiboa ezinbestekoa» delakoan. Gizonek haien erantzukizunaz onartzeko beharra ere azpimarratu du.

«Egiturazko arazo bat»

Bestalde, Foru Aldundiak Udalaren adierazpenarekin bat egin du gertatutakoaren aurrean «bere gaitzespen irmoena» erakusteko. Halako gertaeren aurrean «egiturazko arazo bat» dagoela baieztatu du, «gizon eta emakumeen arteko berdintasun falta, alegia, emakumeak kontrolpean eta mendean izan nahi dituzten jarrera matxistak».

«Emakumeen askatasuna, integritate fisikoa eta duintasuna eskubide urraezinak dira, eta eskubide horien aurka doazen jarrerak ez dute inolako lekurik gure gizartean. Hori dela eta, Foru Aldundiak berretsi egiten du gizarte eta erakunde guztion konpromiso aktiboari eusteko beharra, halako eraso sexista eta matxistei aurre egiteko garaian», adierazi du foru erakundeak.