INFO

San Fermin Txikin Iruñeko Udalak komun mugikorrik ez duela jarriko salatu dute

Iruñeko Udalak ez du komun mugikorrik paratuko Alde Zaharrean San Fermin Txiki jaietan. Horrela jakinarazi dio auzoko Jai Batzordeari. Gauzak horrela, auzoa pixaleku bihurtuko dela eta azkenaldian gertatu den bezala arazo higieniko bat sortuko dela salatu dute.

Jendetza erraldoiekin iazko San Fermin Txiki jaietan. (Iñigo URIZ | FOKU)

Iruñeko Udala ez da San Fermin Txiki jaietan festak iraun bitartean Alde Zaharreko karriketan komun mugikorrak jartzeaz arduratuko. Horrela salatu du Alde Zaharreko Jai Batzordeak Udalaren jakinarazpena jaso eta gero. 

«Auzoko kale eta etxeetako atariak pixaleku bihurtuta ikusteak auzokideen artean ondoeza sortu du, eta, azken sanferminetan higiene faltak egoera larria eragin zuen Alde Zaharrean, baina Jai Batzordeak arazoari konponbide bat bilatzeko egindako saiakerak ez du fruiturik eman, eta Udalak uko egin dio hiru egunetan zehar hainbat puntu zehatzetan pixalekuak kokatzeko konpromisoa hartzeari», salatu du Jai Batzordeak. 

«Abuztu hasieran jarri zen Alde Zaharreko Jai Batzordea Udalarekin harremanetan, San Fermin Txikiko komunen arazoari heltzeko asmoz, eta egun horietan zehar Alde Zaharrera hurbiltzen den jendetzak eragindako arazoak gutxitzeko borondatez. Irailaren 5ean, komunak kokatzeaz ez dela arduratuko adierazi zuen Udalak, San Fermin Txikirako gainontzeko auzoetako irizpide berdina mantenduko duela esanez. Irizpide horren arabera, Iruñeko Udalak ez du auzoetako festetako komun mugikorren instalazioa kudeatzen ez ordaintzen, Jai Batzordeen gain utziz ardura hori. Horrek kostu handia du, eta are gehiago murrizten du Jai Batzordeek ekintzak antolatzeko duten aurrekontu urria, erabat mugatuz kokatu daitezkeen komunen kopurua», azaldu du.

«Udalak osasungarritasun arazo bati aurre egiteari uko egin dio, eta horrek erabateko eragina du Alde Zaharreko higienean eta bizi kalitatean», salatu dute.

Hori dela eta, elkarretaratzea deitu du Alde Zaharreko Jai Batzordean ostegunean 19.00etan Udaletxe Plazan. Honekin batera, talde politikoekin elkarrizketak mantenduko dituztela gaineratu. Bide batez, azken urteotako kontzientziazio kanpainarekin jarraituko du, San Fermin Txiki festetan Alde Zaharra auzoa eta bertan bizi diren lagunak errespetatu behar direla nabarmentzeko.