INFO

Euriteengatik abisu berria dago gaur, baina maila arinagokoa

Igandean eta astelehenean izan ziren euri jasak eta txingorraren kalteak aztertzen ari diren bitartean, gaur ere eguraldiarekin loturiko abisua zabaldu dute agintariek. Dena den, prezipitazioak aurreko egunetakoak baino arinagoak izatea espero da.

Barakaldoko kaleetan urak gainezka egin zuen astelehenean. (EUROPA PRESS)

Euri jasak eman daitezke berriz Euskal Herrian eta agintariek abisu berria ezarri dute. Dena den, astelehenean eta igandean izan zirenak baino arinagoak izango direla aurreikusten da. Horrela, Lakuako Gobernuak abisu horia ezarri du. Astelehenean, laranja izen zen, larriagoa.

Eguerditik gauerdira orduko hamabost litro euri erori daitezkela aurreikusten da. Kantauri isurialdean ekaitzak izan daitezke. Toki batzuetan gogorrak izan daitezke, kostaldean adibidez. Mediterraneoko isurialdean ere ekaitzak izan daitezke ere, Ebro ibarrean bereziki. Txingorra ere izan daiteke eguerditik arratsaldeko zortziak arte.

Bitartean, asteleheneko ekaitzen ondorioak eta kalteak konpontzen ari dira, batez ere Bizkaia ea Gipuzkoan. Euri jasek putzuak sortu eta hodiak apurtu zituzten.

Horrela, Bizkaian Urko ibaiak gainezka egin zuen Etxebarrian eta Igorren txingor latza izan zuten. Bertan, emakume bat artatu behar izan zuten. Kalteak izan ziren ere Berriz, Iurreta, eta Durangon.

Inguru horretatik kanpo ere arazoak izan ziren putzuengatik Muskiz, Barakaldo, Erandio, Sopela, Ortuella, Abanto Zierbena, Santurtzi, Trapagaran eta Lemoan.

Gipuzkoan kalteak ez ziren hain larriak izan, baina putzuak sortu ziren Donostia, Getaria, Elgeta eta Mutrikun. Zerainen zuhaitz bat erori zen eta lubizi batek N-634 errepidea moztu zuen Deba inguruan. AP-8an ere arazoak izan zituzten Elgoibar parean eroritako zuhaitz bat zela eta. Errenteria, Astigarraga, Azkoitia eta Eibarren ere izan zituzten arazoak.

Nafarroako Erriberan, Alhama ibarrean igandean izandako txingorrak eta euri jasek nekazaritzan eragindako kalteak aztertzen ari dira. Fitero, Cintruenigo eta Corellan mahatsa biltzen ari ziren egunotan eta kalteak larriak izan daitezke. Olibondoetan ere eragina izan zuten ekaitzek.

NAIZek eguraldi iragarpen zerbitzu zehatza eskaintzen du.