INFO

Google mugarrian, Interneten aroko monopolioen aurkako lehen epaiketan

Astearte honetan hasi zen borroka legal itzela: AEBetako gGbernua Google konpainiaren aurka. Google-k bilaketa motorretan duen posizio nagusia lortzeko bilioka dolar ordaindu omen die Apple mugikor ekoizleari eta Mozilla nabigatzaileari, aukera aurrekonfiguratu bezala instalatzeko.

Sundar Pichai, interneteko bilaketen %90 kontrolatzen duen Google konpainiako burua. (Lluis GENE | AFP)

Duela urte gutxi batzuk, konpainia teknologiko erraldoien boterea mugatuko zuen ofentsiba berehala etorriko zela zirudien, ezinbestean. AEBetako Kongresuaren aurrean desfilatzen ikusten genituen Apple, Amazon, Google edo Facebook bezalako konpainien buruak. Baina usteak ustel. Pribatutasuna, datuen kontrola edo desinformazioaren gainean lege berriak ezartzeko ezina begien bistakoa izan da. Are, epaitegietan edukien inguruko beren erantzukizuna edo beste enpresa batzuk erosteko beren eskubidea kuestionatzen zuten kasuetan, konpainiok garaipen esanguratsuak lortu dituzte.

Hori guztia alda daiteke Columbiako barrutiko epaitegian, astearte honetan hasi eta hamar astez luzatuko den epaiketan. Arrisku handiko eta ondorio sakoneko epaiketa espero da. AEBetako Gobernua eta Google konpainia izango dira aurrez aurre. Salaketa publikoaren arabera, Google-k, bilaketa motorretan bere monopolioa mantentzeko eta indartzeko, bilioka dolar ordaindu dizkie telefono mugikorren ekoizle Apple eta Mozilla nabigatzailearen konpainiei, bere bilatzailea aukera aurrekonfiguratu bezala instala dezaten.

Desafio serioa

Fiskalaren arabera, kasua argia da: praktika horrek eman zion Google-ri bilaketa motorretan duen posizio nagusia –munduan kontsultatzen diren bilaketen %90a–, eta horrek aurkarien sorrera blokeatu du eta konpetentziaren AEBetako legeak urratu ditu.

Gogoratu behar da salaketa hau 2020. urtean aurkeztu zela, Trumpen administrazioaren azken egunetan, eta mugarri bat bezala kontsideratu dela; erraldoi teknologikoek funtzionatzen duten moduei egindako desafio serioena. Hori da ikuskizuna, ea gobernuaren eskuak konpainia hauek gerarazi ditzakeen. Analista askoren ustez, argumentu sendoak ditu, hots, epaiketa irabazteko aukera errealak.

1998. urteko Microsoft-en aurkako salaketarekin antzekotasuna ikusten dutenak ez dira falta. Orduan, epaitegiek ebatzi zuten Bill Gatesen konpainiak sistema operatiboen gaineko monopolioa konpetentziaren aurkakoak ziren taktika ilegalekin mantentzen zuela, Internet Explorer bezalakoen aurre instalazioekin, adibidez.

Ikuskizuna hor dago. Gobernuak irabaziko balu, Google aurrerantzean bilaketarako motor bezala automatikoki ez dela instalatuko esan nahi du, eta, agian, aldaketa erradikalagoak ere gerta daitezke. Baina gobernuaren garaipena ez da inondik ere segurua.

Borroka bat, ez gerra osoa 

Google-k dio produktu hobea eskaintzen duela eta, bere eskaintza sendoagoa denez, aurkariek ezer gutxi egin dezaketela. Are, kontsumitzaileak kaltetzen dituela ukatzen du, uste du gobernuak oso zaila duela hori frogatzea. Bere interpretazioaren arabera, monopolioen kontrako legeak ez du konpetentzia lehiatik babesten. Aitzitik, prozesu lehiakorra babesten du, kontsumitzaileak babesteko. Eta ziur azaldu da epaitegiek arrazoia emango diotela aipatzean.

Azken aldian, epaitegiek eman dituzten hainbat epaietan, adibidez, Microsoft-ek Activision Blizzard bideojokoen ekoizlea erosteko ahalegina blokeatzeko, gobernuak egindako saioaren aurrean, zaplazteko ederrak eman dizkiote administrazioari. Ikuskizuna hor dago. Goizegi da esateko nor ari den galtzen eta nor irabazten. Izan ere, borroka batzuk galdu eta beste batzuk irabazi egiten dira. Baina argi dago erraldoi hauen praktiken aurkako «gerra» hau ez dela inola ere amaitu.