INFO

Ostatu turistikoak mugatzeko Udalak aurkeztutako neurriak nahikoak ez direla uste du EH Bilduk

Ostatu turistikoei buruz Donostiako Udal Gobernuak Plan Orokorra aldatuta proposatu dituen neurriak ez direla nahikoak uste du EH Bilduk: «Berandu iristeaz gain, uste dugu ez direla eraginkorrak Donostian bizi dugun egoerari irtenbidea emateko».

Donostiako EH Bilduko udal taldearen prentsaurrekoa. (Gorka RUBIO | FOKU)

Donostiako EH Bilduk Udalean duen bozeramaile Juan Karlos Izagirrek eta Ricardo Burutaran zinegotziak prentsaurrekoa egin dute ostegun honetan, duela egun batzuk Udal Gobernuak (EAJ-PSE) etxebizitza turistikoen arazoa konpontzeko aurkeztu zuen Hirigintza Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa baloratzeko.

Besteak beste, hoteletarako eta etxebizitza turistikoetarako lizentzia berrien lagapena mugatu nahi du Eneko Goiaren Gobernuak, nahiz eta etxebizitza turistikoak hirian dauden etxebizitza guztien % 10 izan.

Alde batetik, EH Bildu pozik agertu da Udal Gobernuak izandako jarrera aldaketarekin, zehazki, arazoa aitortzeari dagokionez: «Harritu gaitu Udal Gobernuak hain modu argian onartzeak hazkunde turistikoaren kontrol eza azken urteotan. Hala ondorioztatu daiteke joan den asteartean egindako proposamen partekatuan ezarri diren helburuen arabera. Diskurtso negazionista batetik, hazkunde hori kontrolatu behar dela onartzera pasatzen dira; EH Bilduk aspalditik eskatzen duenarekin bat dator hori», adierazi du Izagirrek.

Edonola ere, koalizio subiranistak uste du proposamena «berandu datorrela eta ez duela anbiziorik». «Eszeptikoak gara, zaila da sinestea proposatutako neurriekin lortuko denik tentsio handiko eremuetan ere hotel-jarduera berririk ez ezartzea. Zaila da sinestea gaur egungo egoera konpon dezakeenik honaino ekarri gaituztenek», azaldu du Izagirrek.

Gainera, asmoak «hanka motz» geratzen direla dio EH Bilduk. Bakarrik Gros, Antigua eta Erdialdea tentsio handiko eremu izendatzea ez dela nahikoa dio, eta funtsezkoa dela eremu mugakideetan neurriak eragina izango duela aurreikustea, hala nola, Amara, Egia, Arriola, Ategorrieta eta Intxaurrondon.

«Era berean, ulertezina eta onartezina egiten zaigu tentsio handiko eremuetan komentuak eta villak bezalako eraikin berezietan hotelak irekitzeko salbuespenak planteatzea. Beraz, esan behar da hiri honetan hotelak ireki ahal izango direla, gune aseak izan arren. EH Bilduk defendatzen du hotel-jarduera bat ezartzea ez dela ondare arkitektonikoa edo kulturala babesteko tresna, hori ezin da erabili argudio nagusi gisa, Udal Gobernutik defendatu duten bezala», gehitu du Izagirrek.

Bestalde, Ricardo Burutaran zinegotziak EH Bilduren proposamenen xehetasunak eman ditu, hala nola, eremu aseak ostatu mota guztietarako izan behar dutela eta salbuespen susmagarririk ezin dela onartu. «Salbuespenak soberan daude eta eremu sentikorrak zabaldu behar dira, arazoa inguruko eremuetara eramateko arriskua egon badagoelako. Arrisku hori txikiagoa da eremu babestuak zenbat eta azalera handiagoa izan. Zabalduz doan olio orban bat bezalakoa da», deskribatu du.

«Gobernu-talde honek ezarri dituen helburuak ez dira egingarriak iragarri dituen neurriekin behintzat. Horregatik, akordio baten beharra azpimarratzen dugu, helburu horiek bideragarri egiten dituzten proposamenak ditugulako», esan du Izagirrek.