Etxebizitza hutsei %50eko errekargua ezartzea proposatu du Bilboko EH Bilduk
Etxebizitza hutsa merkatura ateratzeko, etxebizitza turistikoa kontrolatzeko, EITetatik eratorritako obrak errazteko eta irabazi-asmorik gabeko elkarteei laguntzeko proposamenak aurkeztu ditu EH Bilduk Udal ordenantza fiskalerako. Elkarrekin Podemosek 23 zuzenketa aurkeztu ditu ere bai.
Maria del Rio EH Bildu udal taldeko bozeramaileak iragarri duenez, koalizio subiranistak zuzenketa sorta aurkeztu dio Udal Gobernuaren ordenantza fiskalen proposamenari «fiskalitate bidezkoagoa eta progresiboagoa lortzeko».
Hain zuzen ere, EAJ eta PSEren Udal Gobernuak aurkeztutako ordenantzen proposamenak %3ko igoera orokorra planteatzen du 2020arekin alderatuta. Horren aurrean, Del Riok hurrengo galdera bota du: «Zergatik, tasa gehienak % 3 igotzen diren bitartean, ez da inolako igoerarik planteatzen jarduera ekonomikoen gaineko zergan?».
Hortik abiatuta, hainbat zuzenketa aurkeztu ditu EH Bilduk. Etxebizitza hutsen mobilizazioa bultzatzeko helburuarekin, etxebizitza hutsei %50eko errekargua ezartzea proposatu du, foru araudira egokituz.
Era berean, hobariak proposatu ditu irabazi asmorik gabeko kultur, kirol eta gazte elkarteek, gizarte-ekintzakoek eta antzekoek sustatutako ekimenen egoitzetako eraikuntza, instalazio eta obretarako.
Bestalde, Eraikinen Ikuskapen Teknikoaren txostenetan nahitaezko obrak eta jarduketak atzerapenik gabe egitearen garrantzia eta horiei aurre egiteko pertsona askok dituzten zailtasunak kontuan hartuta, Maria del Riok azaldu du EH Bilduk %30eko hobaria proposatu duela EITren txostenetik eratorritako obretarako. Ildo beretik, proposatu du desgaitasunen bat duten pertsonentzako irisgarritasun-obretarako % 50eko hobaria 75 urtetik gorakoentzat ere izatea, «haien ongizatea eta osasuna hobetzeko».
Halaber, EH Bilduk, bere zuzenketetan, Udalak Zorrotzaurreko Eremu Mistoan hirugarren sektoreko erabilera duten obra handiak zerga jaitsierarekin saritzearen kontra agertu da. EH Bilduk ere laguntzak ematea lehenestea proposatu du, sustatu nahi diren industriak zergak ordaintzetik salbuestea baino. «Eraginkortasuna bilatzen badugu, egokiagoak dira sustapenerako dirulaguntzak egoki iritzitako betekizunekin», azaldu du Del Riok.
Birziklatzea bultzatzeko asmoz, EH Bilduk bosgarren edukiontziaren programan parte hartzen duten etxebizitzentzako hobariak proposatu ditu, «gehien birziklatzen duenak gutxiago ordaintzeko eta hondakin gehien sortzen duenak gehiago». «Udal Gobernuak horretarako konpromisoa hartu zuen eta ez du bere lana egin», nabarmendu du.
Gainera, etxebizitza turistikoak zaborren tasan sartzea eskatu du, «pribilegiorik gabe eta baldintza berdinetan».
Elkarrekin Podemos
Elkarrekin Podemosek ere 23 zuzenketa egin die ordenantza fiskalei, «eredu fiskal bidezkoago, progresiboago eta birbanatzaileago baterako».
Besteak beste, koalizioak fiskalitate berdeago baten aldeko apustua egin du, besteak beste, zaldi fiskal gehien dituzten ibilgailuei TMIZk hilean 2 euro gehiago gehitzea, klima-aldaketa arintzeko politikak finantzatu ahal izateko, eta emisiorik gabeko ibilgailuei hobariak ematea babestu du.
Aldi berean, proposatu du telefonia mugikorreko enpresek, beste udalerri batzuetan gertatzen den bezala, espazio publikoa erabiltzeagatik tasa bat ordaintzea, beste hornidura-enpresa batzuek ordaintzen duten bezala.
«Azken batean, eredu fiskal alternatibo bat aurkeztu dugu, baina uste dugu eredu horrek eguneratzea eta sakonki birpentsatzea behar duela. Joan den mendeko ordenantza fiskalekin funtzionatzen ari gara, hiriak jasan dituen aldaketa sozial, ekonomiko eta fisionomia aldaketa sakonak jasotzen ez dituztenekin», adierazi du.
Horregatik, Elkarrekin Podemosek osoko bilkurari proposatuko dio baita ere tokiko eredu fiskala eguneratzeko eta modernizatzeko batzordea irekitzea. Eztabaidarako, hausnarketarako eta XXI. mendeko eredu fiskal bat proposatzeko gune bat hiriarentzat.