INFO

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.

Isabel Hergueraren ‘El sueño de la sultana’ filmaren lehen teaser-a, ikusgai

Isabel Herguera zinemagile donostiarra Zinemaldiko Urrezko Maskorra lortzeko lehian sartu da ‘El sueño de la sultana’ animazio filmarekin. Lehen teaser-a ikusgai da.


Isabel Herguera zinemagile donostiarraren animaziozko lehen film luzea da ‘El sueño de la sultana’, izen bereko Begum Rokeya Hossain idazlearen eleberrian oinarrituta eraikitakoa.

Filmak Ines du protagonista, amets egiteko ezgauza den eta apur bat galdua sentitzen den donostiar gaztea. Egun batean, ‘El sueño de la sultana’ liburuarekin egingo du topo eta bertan deskribatzen den Emakumeen Herrialdea ezagutuko du: emakume guztiak zientzialariak eta boteretsuak dira herrialde horretan eta gizonezkoak, aldiz, etxean giltzapetuta bizi dira.

Literatura feminista utopikoko klasiko honekin, eta bere egile den Begum Rokeya Hossain idazle eta aktibistarekin, liluratuta, Ines-ek Indiara bidaiatuko du, autorearen eta Emakumeen Herrialdearen bila.

Pelikula osatzeko teknika ezberdinak erabili dituzte Herguerak eta bere lantaldeak. Ines protagonistaren bidaia irudikatzeko 2D animazio tradizionala eta akuarelak erabili dituzte; Rokeyaren bizitzari dagozkion atalak XX. mende hasierako Indian daude girotuta eta ebakigarrien teknika erabili dute, garaiko itzalen teatroari erreferentzia eginez; eta, azkenik, Ladyland-i eskainitako pasarteetarako ‘mehndi’ estiloa hautatu dute, eta soilik henna erabili dute horiek marrazteko.

Filma irailaren 222an abiatuko den Zinemaldiaren Sail Ofizialean ariko da lehian, eta zinema areto komertzialetara azaroaren 17an iritsiko da.