INFO

Zirt edo zart egiteko tenorea iritsi zaie Hibaikari, Kaikuri eta Zumaiari

Euskotren Ligako kanporaketak jokatuko dira larunbatean Bermeon (17.25ean), eta igandean Portugaleten (11.25ean). Hibaika, Kaiku eta Zumaia lehiatuko dira; lehenak mailari eusteko, eta beste biak, igotzeko. Traineru batentzat tokia dago gorengo mailan. NAIZek hiru taldeetako patroiekin hitz egin du.

Zumaiako, Kaikuko eta Hibaikako traineruak, Hondarribiakoarekin batera, Kontxako lehen jardunaldian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Hilabete bat pasatu da Euskotren Liga amaitu zenetik. Tartean traineruak Kontxako Banderan lehiatu dira , eta asteburuan, Hibaikak, Kaikuk eta Zumaiak, ziurrenik, denboraldiko estropadarik garrantzitsuena jokatuko dute: Euskotren Ligara igotzeko kanporaketak. Erlojupekoan arituko dira.

Errenteriako taldeak seigarren egin du Euskotren Ligan, Galiziako bi ontzien aurretik, baina Iñaki Mendizabalen taldeak jokatu beharko ditu kanporaketak. Izan ere, Galiziako traineruek bi urtez Euskotren Ligan tokia bermatuta dute, TKEk hala erabakirik. Hibaikakoek helegiteak jarri dituzte araudiak ez duelako hori argi eta garbi azaltzen. Baina atzo epaileak ebatzi zuen kanporaketak jokatu beharko dituela Errenteriako ontziak. ETE ligako bi traineru onenak aurkari izango ditu Hibaikak. Kaiku txapelduna eta Zumaia txapeldunordea.

Galdetegi berbera egin dio NAIZek Zuriñe Alberdi (San Pedro, 1993) Hibaikako patroiari, Jone Garcia De Andoin (Sestao, 2001) Kaikukoari eta Amane Jimenez (Azpeitia, 2004) Zumaiakoari: 1. Zer balorazio egiten duzu ligaz? 2. Zer helbururekin zoazte kanporaketetara? 3. Nola ikusten dituzu gainerako aurkariak? 4. Zer tankera hartzen diezu Bermeoko eta Portugaleteko estropadei? 5. Irabazteak zer suposatuko luke?

Zuriñe Alberdi (Hibaika)

«Guretzat Euskotren Ligan mantentzea litzateke berrestea iazkoa ez zela kasualitatea izan»

1. «Gure artean hitz egin izan dugu hasiberri gisa joan garela pixka bat. Hasiberriak ez gara, baina 2017tik ez geunden Euskotren Ligan. Orduan, pixka bat berria zen guretzat, eta txapelketa positiboa izan da. Zaila izan da, baina ondo borrokatu dugu eta pozik gaude».

2. «Helburua Euskotren Ligan mantentzea da. Bai Kaikuk bai Zumaiak demostratu dute Kontxan maila altua dutela. Hasiera batetik bagenekien hori horrela zela, baina guk ere demostratu dugu aurre egin behar den guztietan aurre egin dugula. Bai larunbatean bai igandean helburua da aurreneko postuan geratzea, eta Euskotren Ligari eustea».

3. «Asko estutuko gaituzte. Kontxako estropadan ikusi zen, Zumaia batez ere. Sailkapen estropadan emaitza oso ona lortu zuen, eta lehen jardunaldian eta bigarrenean oso gertu egon dira. Batez ere bigarrenean nahiko estua izan zen. Badakigu ezin garela erlaxatu, estutu egingo gaituzte, maila altua dute, eta hasieratik bukaerara arte estropada perfektua egin behar dugu».

4. «Eremu oso-oso desberdinak dira; bata itsasoan eta bestea ibaian. Gure alde esan behar dut beste urteetan kanporaketak jokatu ditugula eta Bermeon arraun egin dugula. Ikusi beharko da nola dagoen itsasoa, korrontea... Baina badakigu zer dagoen. Portugaleten gogorragoa izango da neke aldetik, gaitasun fisiko handia eskatzen duelako. Eta Bermeo teknikoagoa litzateke. Arraunketa garrantzitsua izango da batean zein bestean, baina exijentzia maila desberdina izango da. Aurten, bai beraiek, bai guk arraun egin dugu Portugaleteko ibaian; gu gehiago Santurtzi aldera, baina ikusi behar».

5. «Guri asko kostatu zaigu Euskotren Ligan egotea. Urte askoren emaitza izan zen iazkoa, eta guretzat hemen mantentzea litzateke berrestea iazkoa ez zela kasualitatea izan. Izan ere, aurreko urtean Euskotren Ligara igotzea ez zen erraza izan, baina bai agian errazagoa, bigarren postua lortuta eskubide hori genuelako. Aurten ere borrokatu dugu eta merezi dugu hor egotea».

Jone Garcia De Andoin (Kaiku)

«Disfrutatzera joango gara, ikustera zer gertatzen den. Ez dugu ezer galtzeko, irabazteko bai»

1. «Balorazioa oso positiboa da, zaila baita lortu dugun guztia lortzea. Oso pozik gaude, baita harrituta ere egindakoarekin. 2018an Kaikuk estreinakoz atera zuenean ontzia, ni hor nengoen eta esperientzia hartu nuen, baina askorentzat traineruan lehen urtea izan da aurtengoa».

2. «Estropada jokatzera joango gara. Indartsu aterako gara eta dena emango dugu, baina disfrutatzera joango gara, ikustera zer gertatzen den. Ez dugu ezer galtzeko, irabazteko bai. Igotzea ederra litzateke. Denboraldi hasieran finkatutako helburuak osotasunez bete ditugu. Beraz, igotzea lortzen ez badugu ere, oso pozik gaude egindakoarekin».

3. «Zumaia eta Hibaika oso indartsu ikusten ditut. Ligan hor egon gara beti Zumaia eta gu, eta ondo ikusten ditut, bai itsasoan, bai errekan. Hibaikak ere debut oso ona egin du Euskotren Ligan, eta orokorrean, uste dut nahiko pareko gaudela eta edozer gerta daitekeela».

4. «Bermeokoa nahiko exijentea izango da. Aurreikuspenetan ez dute olatu askorik ematen, baina albotik sartzen da olatua, eta badakigu ez garela gustura joango. Hala ere, uste dut ondo moldatuko garela. Eta igandeko estropada eremua sobera ezagutzen dugu. Guztiz desberdina da Bermeokoarekin alderatuta; gogorra ere izango da. Zubi azpian mugimendu asko egongo da».

5. «Poztasun handia suposatuko luke. Aho zabalik geratuko nintzateke igotzea lortzen badugu. Lehen urtean jada kanporaketetako txartela lortzea gehiegizkoa da, ez sinestekoa. Eta igotzea lortzen badugu... Ikusiko da harrobia oso indartsua dugula eta lan polita egiten ari garela».

Amane Jimenez (Zumaia)

«Bermeon lan ona egiten badugu, plus txiki batekin joango gara Portugaletera. Moralki altxatu egingo gaitu»

1. «Denboraldiko helburua zen kanporaketetarako txartela lortzea. Denok bezalaxe liga irabazi nahi genuen, eta estropada guztietan horretara joan gara. Ezin izan dugu irabazi, baina bigarren postuarekin oso gustura gaude, eta gainera ikusi da nahiko erregularrak izan garela estropada guztietan. Egun txarrak eta onak izan ditugu, baina beti ibili gara lehenak, bigarrenak edo hirugarrenak. Orduan, balorazioa oso ona da».

2. «Euskotren Ligara igo nahi dugu. Ikusi da azken estropadetan hiru traineruak hor gaudela, elkarren parean. Sailkapenean [Kontxakoan] emaitzak gure alde izan ziren. Badakigu lana eginez gero hor egongo garela, eta ez direla gu baino gehiago. Helburua gora igotzea da, eta dena emango dugu hurrengo urtean Euskotren Ligan egoteko».

3. «Oso indartsu, ikusi da Hibaikak Euskotren Ligan oso maila ona eman duela. Baita Kaikuk ere, gure ligan. Asteburuero eduki dugu lehia beraiekin. Badakigu aurkari oso gogorrak direla, haien lana ondo egiten dutenean emaitza onak edukitzen dituztela. Baina guk ere badakigu kapazak garela gauzak ondo egiteko, eta uste dut beraiek ere gu aurkari gogor bezala ikusten gaituztela».

4. «Momentuz ez dut itsasoa oraindik begiratu, ez eta zer eguraldi egingo duen ere. Larunbateko itsasoko estropada gure aldekoa da, betiere maila hobea eman dugulako itsasoan eta badakigulako itsasoan ondo ibiltzen garela. Bermeon lan ona egiten badugu, uste dut plus txiki batekin joango garela Portugaleteko estropadara. Moralki altxatu egingo gaitu igandean errioan gure maila hobeto emateko».

5. «Datorren urtean momentuz segitu egingo dut. Beraz, niretzat eta taldearentzat, sekulako poza litzateke Euskotren Ligan egotea. Baita Zumaiako herriarentzat ere. Berriro ‘Telmo Deun’ Euskotren Ligan ikustean, uste dut herria harro sentituko litzatekeela. Eta kluba ere oso pozik egongo litzateke. Haientzat jada garrantzitsua da trainerua uretan egotea, eta Euskotren Ligan egotea lortzen badugu, uste dut oso garrantzitsua izango dela».