INFO

Lan istripuz hil zen Issoufou D. migratzailearen heriotza salatzeko elkarretaratzea Urruñan

Hilaren 6an lan istripuz zendu zen Issoufou D. Urruñan. Boli Kostatik heldu ondoren, eta behin behineko lan baimenari esker, eraikuntza enpresa batean ari zen. CGT (Hendaia, eta USCBA), FSU, LAB eta Solidaires sindikatuek eta Etorkinekin-Diakite federazioak elkarretaratzea deitu dute etzirako.

Beste langile bat, Mohamed Kichouh 42 urteko garabilaria hil zenetik eta lehen urtemugara Baionan, iragan martxoan eginiko elkarretaratzea. (Patxi BELTZAIZ)

CGT Hendaia eta USCBA, FSU, LAB eta Solidaires sindikatuek, Etorkinekin Diakite federazioarekin batera, elkarretaratzea deitu dute, heldu den asteartean, ekainaren 19an, arratsaldeko 18.30ean Urruñako Herriko Etxearen aurrean, hilaren 6an izan zen lan istripu hilgarria gaitzesteko.

Issoufou D.Boli Kostakoa zen, 50 urte zituen, eta bi seme-alaben aita zen. Frantziar Estatuan lan egiteko baimena lortu ondoren, eraikuntza alorreko enpresa batean lanean ari zen apirilaz geroztik. Irailaren 6an, ordea, lan istripu baten ondorioz hil zen.

LAB sindikatuaren zenbaketaren arabera, 2023. honetan lan istripuz hil den 34. herritarra da, laugarrena Ipar Euskal Herrian.

Urruñako Lurberri eremuan eraikuntza lanetan ari zen langilea, hondeamakina irauli eta azpian harrapatu zuenean. Lankideek makina azpitik atera zuten eta goizeko 8.40ean eman zieten gertatutakoaren berri Hendaiako suhiltzaileei. Alta, sorospen zerbitzuak heldu zirenerako langilea bihotz-biriketako geldialdian zen.

Luzaz gizona suspertzeko lanak egin zituzten arren, 10.00ak aldera zendutzat eman du Samu zerbitzuko medikuak.

Baldintza prekarioak

LAB sindikatuak orduan azaldu zuenez, emaztea eta bi seme-alaba bere herrialdean utzi ondoren Issoufou D. 2019. urtean iritsi zen Ipar Euskal Herrira etorkizun hobe baten bila.

Harrezkero, hainbat lan egin zituen, batez ere ABLE egituraren bidez, beti prekaritatean murgilduta, sindikatuaren arabera.

LABek, bere webgunean idatzi zuenez, istripuaren inguruko «ikerketa zorrotza eskatzen du, eta egon daitezkeen erantzukizunak argitzea».

Era berean, erantzuna prestatzeko beste sindikatuekin harremana egingo zuela iragarri zuen.

Elkarrizketa horien ondorioz, bost sindikatuk era bateratuan erantzungo diote, etzi, lan-istripuen auziari, Urruñan. Migratzaileen eskubideen alde lan egiten duten kolektiboak ekimenera batu dira Lapurdiko kostako herrian langile migratzaile honen heriotza salatzeko.