INFO

Osasunak etxetik kanpo puntuak hirunaka biltzen jarraitu nahi du Getaferen aurka

Osasunak ez du arerio erraza izango bihar (14.00etan), Jose Bordalasen taldearen aurka neurtuko baititu indarrak. Berriatuako prestatzaileak nabarmendu du «eraginkorrak» izan behar direla aurkariaren arean, eta «sendoak norberarenean». Unai Garciak ez du jokatuko belaunean arazoak dituelako.

Pablo Ibañez Osasunako jokalaria Bartzelonaren aurkako partidan, Sadarren. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Osasunako jokalariei ondo etorriko zitzaien bi asteko atsedenaldia indarrak berreskuratze aldera. Izan ere, abuztua partidaz beteta izan dute, Konferentzia ligako kanporaketa tarteko. Bihar Getaferen aurka neurtuko dituzte indarrak Madrilen, 14.00etan. Txapelketa hasiera honetan, Jagoba Arrasateren taldeak puntuak hirunaka bildu ditu etxetik kanpo: Celtaren (0-2) eta Valentziaren aurka (1-2).

Etxeko partidetan, ordea, ezin du gauza bera esan. Are gehiago, ez du puntu bakar bat ere zakuratu, ez Athleticen aurka (0-2), ez Bartzelonaren aurka (1-2). Iazko denboraldian Iruñean erakutsi zuten sendotasuna ez du erakutsi oraindik Sadarren.

Arazo horri hurrengo asteburuan helduko dio Osasunak, bihar etxetik kanpo jokatuko baitu. Bisitari gisara txanponaren alde gozoa ari dira dastatzen gorritxoak. Ez du aurkari erraza izango, baina. Jose Bordalasen taldea izango dute parean, eta Alacanteko entrenatzaileak gidatutako taldeak oso deserosoak dira, jokatzen uzten ez duten horietakoak. Getafek partida osoan exijitzen du kontzentratuta egotea eta erritmo altuan aritzea.

Hain justu, Jagoba Arrasatek gaur emandako prentsaurrekoan nabarmendu du talde gutxik lortzen dutela Getaferen aurka beren jokoa egitea: «Badakigu aurkari zaila izango dela. Talde indartsua da, eta etxean gehiago. Ez du golik jaso, eta Alavesi irabazi zion, eta Bernabeun partida bikaina jokatu zuten».

Horrez gain, partidaren gakoak zein izango diren aletu ditu Arrasatek: «Bi areatan gertatzen denak markatuko du partida. Eraginkorra izan behar da aurkariaren eremuan, eta sendoa norberarenean. Getafe aurretik jartzen denean abantaila hori oso ondo kudeatzen du».

2008tik ez dute garaipenik lortu Getaferen zelaian

Zentzu horretan, Osasunak hobetzeko arlo bat du: jasotako golak. Lau partidetan bost gol jaso ditu, eta horretan ere jarri du begia prestatzaile gorritxoak, nabarmenduta, «defentsan sendoak» izan behar dutela, eta hori «kontuan hartu» beharko dutela, «bihar emaitza on bat lortzeko».

Osasunak 2008tik ez du garaipenik lortu Coliseum Alfonso Perezen. Bolada txar hori amaitzea izango dute helburu gorritxoek. «Getafek gauzak ondo egiten dituen taldea da, entrenatzaileak neurria hartuta digu, eta estadio zail bat da. Emaitza horiek aldatzeko gauzak aldatu egin behar dira», adierazi du Arrasatek.

David Garcia eta Johan Mojica jokalariak aste honetan egun bakanen batean entrenatu dira, haien herrialdeetako selekzioekin jardun direlako. Hala ere, Berriatuako prestatzaileak nahi badu, jokatzeko moduan lirateke. Jon Moncayolak min hartuta jarraitzen du, eta zenbait egun gehiago beharko ditu osatzeko.

Unai Garcia ere ez da jokatzeko moduan egongo, belaunean arazoak dituelako. Alejandro Catenak ere ez du jokatuko, txartel gorria atera baitzion epaileak Bartzelonaren aurkako partidan. Gauzak horrela, litekeena da Jorge Herrando berriro ere hamaikakoan egotea, Kataluniako taldearen aurka egin bezala.