INFO

Euskara, katalana eta galiziera ofizial egiteko eskatu dio ELENek Europar Batasunari

ELEN Hizkuntza Berdintasunerako Europako Sareak eta bertako kide diren euskararen, katalanaren eta galizieraren aldeko erakundeek agerraldia egin dute astelehen honetan Europako Parlamentuan, Bruselan. Hiru hizkuntzak ofizialtzat hartzeko eskatu diete EBko Kontseiluan bildutako estatu kideei.

ELEN elkarteak euskara, galegoa eta katalana ofizialak izateko galdetu dio EBko Kontseiluari astelehen honetan Bruselan. (ELEN)

ELENek pozik hartu du euskara, katalana eta galiziera Europar Batasuneko eskubide osoko hizkuntza ofizial gisa hartzeko Estatu espainiarrak egindako proposamena, eta hura babesteko eskatu dio EBko Kontseiluari. Eskaera horretan lagun izan ditu Hizkuntza Berdintasunerako Europako Sareak bere kide Euskalgintzaren Kontseilua, Plataforma per la Llengua, Omnium Cultural, A Mesa pola Normalización Lingüística, Obra Cultural Balear eta Acció Cultural País Valencià. Agerraldi bat egin dute guztiek astelehen honetan, Europako Parlamentuan, Bruselan.

Proposamena astearte honetan, irailak 19, eztabaidatu eta bozkatu daiteke EBko Kontseiluan. Prentsaurrekoan nabarmendu dutenez, hizkuntza ofizial gisa hartzeak onura praktiko ugari dakartza, baita estatus ofizialak ematen duen prestigioa ere. Era berean, EBri aukera emango lioke hizkuntza aniztasuna babesteko eta herritarrei, beren hizkuntza EBko erakundeekin erabiltzeko.

«Hizkuntza horiek barne hartuz gero eragina oso positiboa izango da, eta urrats handia gure hizkuntzen onarpenerako eta normalizaziorako bidean, Europa mailako estatus ofiziala funtsezkoa baita hiztunen hizkuntza eskubideak babesteko», adierazi du Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak. Berarekin batera izan dira A Mesa pola Normalización Lingüísticako lehendakariordea, Elsa Quintas; Plataforma per la Llenguako nazioarteko ordezkaria, Margarida Payola; Òmnium Culturaleko nazioarteko harremanen arduraduna, Elena Jimenez; Obra Cultural Balearreko lehendakariordea, Lena Serra; eta ELENeko idazkari nagusia, Davyth Hicks.

Gure eguneroko bizitzan eragiten du

Era guztietako 500 lege xedapen baino gehiago daude EBko hizkuntza ofizialen presentzia eta erabilera eskatzen dutenak, bereziki kontsumitzaileei eragiten dienean. Eta hori oso garrantzitsua da, pertsonen eguneroko bizitzan zuzeneko eta zeharkako ondorioak dituelako, azpimarratu dute agerraldian.

«Hizkuntzen inklusioa mugarri garrantzitsua izango da, EBk Europaren eta estatu kideen izaera eleaniztuna onartzen duela esan nahiko lukeelako. Hala ere, argi utzi behar da hori ez litzatekeela hizkuntzen gutxiagotzearen amaiera izango: oraindik bide luzea dago egiteko. Ildo horretan, fronte guztietan lanean jarraitzeko konpromisoa berresten dugu, gure hizkuntzei merezi duten aitortza emateko eta gure herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko», azaldu du Eskisabelek.

25 estatutako 50 hizkuntzaren ordezkari

ELEN (elen.ngo) Europako lurralde hizkuntzak sustatzeko eta babesteko lan egiten duen nazioarteko erakundea da. Gaur egun 175 erakunde kide ditu, 25 estatutan 50 hizkuntza ordezkatzen dituztenak, Iberiar Penintsulako hizkuntza guztiak barne. Oro har, ELENeko kideek hizkuntza horietako 40 milioi hiztun baino gehiago ordezkatzen dituzte, Europar Batasuneko biztanleriaren ia %10, eta gobernuen eta nazioarteko erakundeen aurrean hizkuntza horietako hiztunen ahotsa izatea dute helburu.

ELENek, bere erakunde kideekin batera, urte luzez egin du kanpaina xede horretarako.