INFO

Larrazabalek beteko du Unai Lasoren hutsunea Lau eta Erdiko txapelketan

Baikok bere seikotearen berri eman du gaur; Artola, Jaka, Larrazabal, Peña eta Urrutikoetxea ziurrak dira eta Agirre eta Zubizarretan euren artean atariko bat jokatuko dute.

Iker Larrazabal, egungo kaiolako txapeldun den Ezkurdiaren aurkako partida batean. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Udako sasoia amaitzear den honetan, enpresetako arduradunak hasiak dira udazkeneko txapelketak prestatzen eta hala, Baikok astelehen honetan eman du jakitera urriaren lehen astean hasiko den Lau eta Erdiko txapelketan bere ordezkariak izango direnen zerrenda.

Unai Lasorik gabe –Bizkarreta-Gerendiangoak ebakuntza izan zuenetik hirugarren hilabetea bete berri da eta Binakakorako prest egotea da erronka–, haren lekua nork beteko duen zen zalantza bakarra eta, uda guztian egin duenari jarraiki, Iker Larrazabal amurrioar gaztearen debuta izango da nobedade nagusia. Arabarrak iaz Promozio mailakoan jokatu zuen eta ligaxkan partida bat irabazita, Zabalari tanto bakarraz, eta bi galduta, Agirreren aurka 22-14 eta gerora txapeldun irten zen Salaberriaren aurka 22-19, ez zuen finalerdietara sailkatzerik izan.

Aurten, ordea, bere jokoan aurrera pauso bat eman eta Donostiakoan kenduta, Baikok udako feria garrantzitsuenetan eta Mastersean jokatzeko ateak zabaldu dizkio eta emaitzak onenak izan ez badira ere, egindako apustuari eutsiko diote eta Artola, Jaka, Peña II.a eta Urrutikoetxearekin batera, Larrazabal kurtso berriko lehen txapelketan ariko da. Seigarren posturako Asier Agirrek eta Iraitz Zubizarretak atariko bat jokatuko dute Itziarren irailaren 30ean.

Kanporaketa honetako galtzaileak Promozio mailako txapelketan jokatuko du Alberdi anaiak eta Bakaikoarekin.

Lau zerrendaburu Aspen

Aspek, bere aldetik, ez du argitu bere ordezkariak zeintzuk izango diren, baina gauzak normal, Ezkurdiak, Altunak, Elordik eta Peio Etxeberriak, hau da, iazko lau semifinalistek, barruan egon beharko lukete, zerrendaburuak izanda final laurdenetako ligaxkan hasteko abantaila eurena dutelako. Iaz Dariok eta Elezkanok osatu zuten seikoa –biek final zortzirenetako kanporaketa gainditu eta ligaxkan kanpoan geratu ziren– eta ikusteke dago aurten zeintzuk aukeratuko dituzten eta atarikorik egitea pentsatu duten.

Gogoan izan behar da Iker Salaberriak iaz Promozioko txapela irabazi zuela eta azkenaldian oso bolada onean jokatzen ari dela. Berez, azken urteetan bigarren mailako txapelak ez du lehen mailakoan lekurik bermatzen, bai ordea, gutxienez atariko bat jokatzea. Ematen duenez, atariko hori Elezkanoren aurka jokatuko luke goizuetarrak eta hortaz, Dario litzateke seikotea osatuko lukeena.