INFO

AEBetako Ikasle-zorra, irteera gabeko putzua milioika lagunentzat

Ezaguna da zeinen garestia den AEBetan unibertsitate-ikasketak egitea. Hori dela eta, ohikoa da karrera kreditu bidez egitea. Mailegu horren kitapena dozenaka urtez luza daiteke, ordea. 40 milioi estatubatuarrentzat urrian hasiko dira berriz ordainketak, pandemian etenda geratu ostean.

Protestak New Yorken (GARA)

Ikasturte berriarekin, milioika estatubatuarrek aspaldiko amesgaizto bati heldu behar diote: ikasketak egiteko hartutako maileguak ordaintzea. Milaka dolar zor ditu AEBetako biztanleen zati handi batek, baita unibertsitatea amaitu eta urte asko igaro ostean ere. Pandemian, ordainketa etenarazi zuen Washingtonek, baina hortik aurrera zorra baliogabetzeko asmoak –sarritan, unibertsitateek eurek modu iruzurtian jokatzeagatik– bertan behera utzi zituen Auzitegi Gorenak joan den ekainean. Orain, interesei ekin berri zaie, eta ordainketak urrian hasiko dira.

«Aspaldiko partez nire ikasle-zorraren zerbitzaria begiratu eta, ene, uneotan 342.984,22 dolar zor dizkiot AEBetako gobernuari nire garunean dagoenagatik». Maddi Mier-ek medikua izan nahi zuen betidanik, eta Illinoisko unibertsitatean egin zituen horretarako ikasketak. «Ez zegoen bekarik graduazio aurretik, baina unibertsitate merkeenetako batera joan nintzen; 2008ko krisiak harrapatu gintuen eta doi-doi lortu nuen ikasturte baterako laguntza. Ikasi bitartean ez nuen lan egiterik izan, eta zorra metatuz joan zen», gogoratzen du.

Milioika dira AEBetan antzeko egoeran dauden pertsonak. Unibertsitate-ikasketak egiteko modu bakarra zorpetzea da askorentzat. Michelle Brooks etxegabe zegoen eta bi umeren ama bakarra zen; hala ere, karrera bat, bi master, irakasle-titulazioa eta doktoretza egin zituen eta, bere hitzetan, horri esker lortu zuen pobreziatik irtetea. Baina argi dio: «Ezingo nituen ikasketa horiek egin, ikasle-mailegurik izan ez banu». Orain, 230.000 dolarreko zorra dauka, eta urrian, ordainketak berriz ere indarrean sartzean, 700 dolar ordaindu beharko ditu hilabetero. Ikastetxe bateko zuzendaria izanik, soldata ona dauka, urteko 120.000 dolarrekoa baina, hala eta guztiz ere, erretiratu arte egon beharko du ordaintzen. Hiru haur eta etxeko gastuekin, «guztiz ezinezkoa zait. Ez dut ordainduko», ziurtatu du.

The Debt Collective elkarteak ikasle-greba deiturikoa bultzatu izan du; 2015ean Corinthian unibertsitatean ikasitako hamabost lagunek hasi zuten, ikastetxeak iruzur egin ziela ohartutakoan. «Horrela sortu genuen geure salaketa-orria; 15 lagunek bete eta zorra ezeztatzea eskatu zuten». Egiaz, oso gutxi dira zorra ordaintzeari erabat uko egiten diotenak. Izan ere, badira, asko zorpetuta ere, eskuratutako formazioari esker oso ondo ordaindutako lanetan dihardutenak, eta hilabetez hilabete mailegua kitatzen ari direnak. Gehienen kasuan, berriz, ez ordaintzearen arriskuak daude. Oraintxe bertan, Bidenen Gobernuak zorraren ordainketa urtebetez atzeratzea adostu du; hori bai, interesak metatuz joango dira.  Hala ere, urtebete barru presidentea aukeratzeko hauteskundeen atarian egongo garela aintzat hartuta, ez dirudi milioika herritarren kalterako litzatekeen neurria une horretan betearaziko duenik ere. Oraingoz, zorraren presioa jaisteko neurriak iragarri ditu exekutiboak, hileroko kopuruak murriztuz, eta ordainketen epeari ere muga jarriz. Izan ere, batek baino gehiagok ikasle garaian hasitako zorrarekin amaitu ez eta seme-alaben unibertsitatearen gastuekin jarraitu behar dute.

Auzitegi Gorenaren kolpea

AEBetako Gobernuak 420.000 milioiko zorra baliogabetzeko asmoa zeukan legea onartu zuen, diru sarrera baxu eta ertainak dituzten 43 milioi lagun ingururentzat. Hala, 20.000 dolarrera arteko zorrak kitatuta izango zituen, Gorenak neurria atzera bota ez balu. Familia askorengan izango duen eragina kontuan izanik, eta ekonomiari –kontsumoari bereziki; urteko 100.000 milioi dolar jaits litekeela kalkulatu dute– zelan eragingo dion ohartarazita, B plan baterako asmoa dauka AEBetako Gobernuak.

Abuztu amaieran hartu zituen neurriotako batzuk, urteetan indarrean egon den arau bati helduta: irabazi-asmoa duten unibertsitateek zorpetzeko engainatu zituzten ikasleei zorra barkatzea lehen ere erabili izan den mekanismoa da, eta 2.300 ikaslek Kalifornia eta Arizonako unibertsitate batekin zeukaten 72 milioi dolarreko zorra kitatzeko erabili berri du AEBetako Hezkuntza Sailak. «Nire administrazioak ez du onartuko unibertsitateak gogor lan egiten duten ikasleez eta mailegu-hartzaileez aprobetxatzea. Presidente naizen bitartean, ez dugu etsiko egoera arintzea behar duten mailegu-hartzaileen aldeko borrokan», esan zuen Joe Bidenek. Kamala Harris presidenteordeak ere hau aitortu zuen: «Ikasleen mailegu-sistemak huts egin die mailegu-hartzaileei. Borrokan jarraituko dugu unibertsitatea eskuragarriago egon dadin denentzat». Guztira, Bidenen administrazioak 116.000 milioiko ikasle-zorra barkatzea onartu du; 3,4 milioi laguni eragiten die. Baina hori ere AEBetan dagoen ikasle-zorraren zati txiki bat da. Irail hasieran 43 milioi estatubatuarren zorra bi bilioi dolarrera iritsi zen.

The Debt Collectiveko Braxton Brewingtonek gaiarekiko perspektiba pixka bat ematen du: «Ikasleen zorren ordainketak hastea zeinen larria izan daitekeen ulertzeko, egin kontu Child Tax Credit-ek (haurrentzako dirulaguntza bat) 30 milioi pertsonari 100 dolar eman zizkiola hilabetero. Neurri horrekin bakarrik haurren pobrezia erdira jaitsi zen. Aldiz, ikasle-zorren ordainketek 400 dolar baino gehiago kendu dizkie hilabetero 45 milioi pertsonari». Zorraren presioak batez ere emakumeei eta, zehazki, beltzei eta beste gutxiengo batzuetako kideei eragingo die.

Elkarte bereko Flirt Cobainek sistema honen jatorria gogorarazi du: «Unibertsitatera iristea ez zen garestia 50eko hamarkadan, eta doan ere bazen zenbait estatutan. Baina beltzak eta beste gutxiengoetakoak campusetan sartzearekiko beldurrak (Ronald Reaganek proletariotza edukatua deitu zuena) hezkuntza merkantzia bihurtu zuen».