INFO

Euskal Herria Burujabe ekimenari buruzko xehetasunak eman ditu Bizi kolektiboak

Alternatiba ekimenak hamar urte betetzen dituenean Euskal Herria Burujabe izeneko topaketak iraganen dira urriaren 7an eta 8an Baionan. Lurraldea izanen dute ardatz nagusitzat Euskal Herritik zein hexagonotik Bizi! kolektiboak bultzaturiko elkarretaratzera bertaratuko diren eragileek.

Euskal Herria Burujabe ekimena aurkeztu dute Baionako Panecau karrikako zubian. (Guillaume FAUVEAU)

Frantziar Estatuaren gaindi zeharkaldia egin ostean Lapurdiko hiriburuan amaitu zen, badira bost urte, Alternatiba ekimena. Izan ere, bost urte lehenago sortu zen larrialdi eta justizia klimatikoaren gainean sentsibilizatzeko eta ekimenak martxan emateko xedez Alternatiba.

2013. urtean eman zuten plantan Bizi! elkarteko lagunek. Hain zuzen Baiona eta Paris arteko bizikleta ibilaldi batekin -Alternatiba Tourra- ezagutzera eman zuten geroztik etengabe hazi den ekintza.

Hamargarren urtemuga horrekin batera, Euskal Herria Burujabe egitasmoak hartuko du plaza Baionan urriaren 7an eta 8an. Euskal Herritik zein hexagonotik Bizi! kolektiboak bultzaturiko elkarretaratzera bertaratuko diren adituek lurraldea izanen dute ardatz.

Krisi klimatikoaren testuinguruan berdin jendarte antolaketa zein bizi-baldintzetan aldaketa sakonak ematen ari diren honetan, besteak beste, tokiko garapen ekonomikoa, energiaren aurrezpena, elikaduraren ekoizpena edota uraren kudeaketa izanen dituzte aipagai topaketa horien karietara antolaturiko hitzaldi, eztabaida, erakusketa eta tailerren bidez.

Metamorfosi ekologikoa areagotu

Ipar Euskal Herrian metamorfosi ekologikoaren norabidean oso bestelako eremuetan «urrats gehiago eta sakonagoak» nola eman, horra hor eztabaida gakoetako bat. Antolatzaileen esanetan, beraien asmoa da berdin erabakigunetan dauden ordezkariak zein gizarte zibil antolatuaren partaide diren militanteak mahainguruan biltzea.

Hala nola etxebizitzaren krisiari buruz eztabaida emateko orduan Se loger au Pays-Herrian Bizi plataformaren baitan jarduten duten eragileekin batera.

Helburua da Alda kolektiboaren edota laborantza lurren galera oztopatzeko jarduten duten Lurzaindia elkartearen ahotsak entzunaraztearekin batera, Uraren Agentziaren edo Euskal Herriko Laborantza Ganbararen (EHLG) baitan jarduten duten teknikariak eta bestelako erakundetan aritzen diren hautetsiak batzea eztabaidara.

Aurrera egiteko, palanka-lanak

Baionako Panecau karrikako zubian irailaren 19 honetan eginiko agerraldian eman dituzte antolatzaileek topaketa horien gaineko azkeneko xehetasunak.

Euskal Herria Burujabe ez baita «diagnostiko batekin gogobetetzeko» topaketa, baizik eta «lurraldeak eraldatzeari begira kolektiboki atzematen ditzakegun palanka-lanak identifikatzeko».

Horietako tresnak berdin gizarte kolektiboen eremuan zein zuzenbidearen edo ekonomia jasangarriaren alorretan ahal direla atzeman nabarmendu dute antolatzaileek.

Nahitaez, hemendik zortzi bat hilabetetara iraganen diren europar bozek itzala badute eztabaidetan, aldaketa klimatikoaren gaineko asko eskala horretan erabakitzen direlako.

Esaterako, eremu horretatik helduko dira Baionara Manon Aubry, Pierre Larrouturou eta Marie Toussaint eurodiputatuak eta beraiekin batera Europako aferetako aditu den Neil Makaroff.

Orotara berrogei bat mintzaldi antolatu dituzte, Paueko eta Aturriren Lurraldeetako Unibertsitatearen egoitzan Euskal Herria Burujabe ekimenaren karietara.

Horiekin batera, kontzertuak, alternatibei buruzko ekimenak ikustarazteko azoka handia eta ikusgarriak ere proposatuko dituzte.