INFO

«Euskal Herrian euskaraz bizi nahi dugu», Kongresuan euskaraz entzun diren lehenengo hitzak

Hizkuntza koofizialetan hitz egiteko aukera emango duen lege aldaketa tramitatzeari oniritzia eman dio astearte honetan Espainiako Kongresuak. Mertxe Aizpuruak (EH Bildu) eta Joseba Agirretxeak (EAJ) euskara erabili dute (baita Borja Semper PPkoak ere, azkenean).

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


«Euskal Herrian euskaraz bizi nahi dugu. Hau izan da eta jarraitzen du izaten euskaldunon helburua». Hala adierazi du Mertxe Aizpurua EH Bilduko diputatuak Kongresuan astearte honetan egin duen hitzartzean. Bertan hizkuntza koofizialetan hitz egiteko aukera emango duen lege aldaketa tramitatzeari oniritzia eman diote diputatuek, PP, Vox eta UPNko aurkako botoekin.

PSOEko diputatu Jose Ramon Gomez Besteirok ireki du eztabaida, eta galiziera erabili du. «Ohore bat da nire ama hizkuntza erabili ahal izatea», adierazi eta PSOEk, Sumarrek, ERCk, EH Bilduk, EAJk eta BNGk proposatutako arauak espainiar Estatuko «aniztasuna» agerian uzten duela nabarmendu du. «Kalean normala dena normalizatu nahi dugu Ganbera honetan».

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.

 

Sumarreko diputatua den Marta Loisek ere galiziera erabili du bere hitzaldian, eta Daniel Castelaok iraganean erabilitako esaldi bat gogora ekarri du. «Gure hizkuntzak, galizierak, gure babesa izan behar du, langileen hizkuntza delako, artisauena, arrantzaleena», esan du. Loisek gogor jo du eskuinaren aurka: «Gutxiengoa zarete, onartu zuen porrota».

Gabriel Rufian ERCko diputatuak katalanez hitz egin du. «Ahal dudalako, Kataluniako eskolari esker, nire herriko hizkuntza delako, eta gehien maite dudan pertsonarekin, nire semearekin, erabiltzen dudan hizkuntza delako», azaldu du. Eskuinak jarritako oztopoen ondorioz, euskara, katalana edo galiziera erabiltzea «ekimen iraultzailea» dela azpimarratu du.

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.

 

«Zuetako batzuek hizkuntz ofizial bat hitz egiten duzue bakarrik, eta esaten diguzue guri, bi hizkuntz ofizialak hitz egiten ditugunoi, arazoa gurea dela bi hizkuntz hitz egiten ditugulako», nabarmendu du Rufianek, eskuinaren «ezjakintasuna» kritikatuz.

ERCko kidearen ostean, Mertxe Aizpuruak hartu du berriro hitza. Diputatuak adierazi duenez, gaur egun euskaldunek ezin dute Euskal Herri osoan euskaraz bizi, «eta gaur hemen, Madrilen, espainiar Estatuko Kongresuan euskaraz mintzatzen ari gara, poztekoa. Nabarmentzekoa da pauso sinboliko baina garrantzitsu hau».

«Bereziki Estatu honek ukatzen duen errealitate bat azalarazten duelako: nazio bat gara. Estaturik gabeko nazio ezberdinak gara Estatu honen baitan gauden herriok. Eta gaur hori begi bistan geratzen da», ohartarazi du, Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako nortasuna nabarmenduz. «Hamarkadetan ukatu zaigun izaera, gaur, bete-betean, nabaritzen ari da».

Zentzu honetan gogoratu ditu epaitegiek euskal udalen aurka hartutako erabakiak, Nafarroan indarrean dagoen «egoera mingarria», baita «euskararen ukapen eta bazterketa sistematikoa» Ipar Euskal Herrian ere.

Joseba Agirretxea EAJko diputatuak txalotu egin du Voxeko diputatuen erabakia, izan ere eskuin muturreko ordezkariak Ganberarik atera dira eztabaida hasi denean. «Joan direnek lehen isunak jartzen zizkiguten, klasetik botatzen edo kartzelatzen gintuzten euskaraz hitz egiteagatik», esan du, eta aurretik egindako lana goraipatu du.

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.

 

«Urte luzeetako lana izan da, eskubideen aldeko borroka, hizkuntz eskubideak ere giza eskubideak direlako. Horregatik ezin dut ulertu, ikuspegi politiko maltzur eta traketsetik ez bada, erreforma honen kontra daudenen jarrera», gaineratu du. Agirretxeak galdera bat ere bota du: «Zeini egiten dio kalte bakoitzak bere hizkuntzan hitz egiteak? Ofizialak eta errekonozituak diren hizkuntzetan, nori?».

Zentzu honetan, Nestor Rego BNGko diputatuak hizkuntz ofizialen erabilera normalizatu egin behar dela esan du, eta PPko diputatu galiziarrek beraien hizkuntzaren aurka bozkatuko dutela salatu du. «Lotsagarria da».

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.

Eztabaidaren bigarren txandan hitz egin du Miriam Nogueras Juntseko diputatuak. Honek nabarmendu du lehen aldiz entzuten dela katalana Espainiako Kongresuan, «zentsurarik gabe». «Gaurko ekimenak erakusten du borondate politikoa nahikoa dela gure hizkuntzari behar duen estatusa aitortzeko», esan du, eta Kataluniaren eskubideak aldarrikatu ditu, baita erabakitzeko eskubidea ere.

UPN eta PP, aurka

Eztabaidak UPNko diputatua den Alberto Catalanen haserrea piztu du. Nafarrak Euskal Herriaren aurka jo du eta gaztelania hizkuntza «guztien» hizkuntza dela esan du. Halaber, ekimena «xantaia politiko» baten ondorioz adostu dela adierazi du.  

Borja Semper PPko diputatua ere lege aldaketaren kontra agertu da eta gaztelaniaren lehentasuna aldarrikatu du. «Gure hizkuntz ondarea erabiltzen duzue txanpon truke bezala», salatu, PSOE eta talde subiranisten arteko elkarrizketak aipatuz. Denon harridurarako, bere alderdiak egin eta esandakoarekin kontraesankorra zelako, bere hitzartzean euskaraz esaldi batzuk sartu ditu azkenean. Voxeko diputatuak ere ustekabean harrapatu ditu; aretoan sartu berriak zirela, berriro atera egin dira handik, oraingoan PPk egindakoarekin haserre.