INFO

Haserre izugarria Dernako Udalaren eta Libia ekialdeko sasi-Gobernuaren kontra

Hiriaren herena uholdeak eraman duen Dernan ez da giro. Alkatearen etxea erre dute baina haserrea areago doa, Tripoliko Gobernuari desafio egiten dion Libiako ekialdeko Exekutiboraino. 

Jendea Al-Sahaba meskitan bildu zen protesta egiteko. (Hussam AHMED | AFP)

Derna hiriko (ekialdea) milaka biztanle kaleetara atera ziren atzo gauez Jalifa Haftar mariskalaren aginpean Libiako ekialdea «gobernatzen duen» Tobrukeko Parlamentuaren aurka.

«Libia, batasun nazionala. Ekialdea edo mendebaldea. Libiarrak anaiak dira eta ez dago ezberdintasunik!», oihukatu zuten Martirien plazan bilduta eta Aquila Salah Parlamentuko presidentearen dimisioa exijituz, hamabi urteko gatazkaren ostean herrialdearen bateratze prozesua oztopatzea leporatzen diotelako.

«Jainko bakarra besterik ez dago eta Aquila Jainkoaren etsaia da», oihukatu zuten manifestariek Al-Sahabako meskitaren sabaira igota.

Izan ere, Tobrukeko Parlamentua ez zen bildu uholdeek hiriaren herena uretan hondoratu eta hiru egunera arte.

Manifestari talde batek hiriko alkate Abdulmenam al Gaiziren etxebizitzari su eman zion. Alkateak herrialdeko krisi politikoaren ondorioz presa —ibaian gora zegoen beste bat uraren presioaren ondorioz erori eta gutxira amore eman zuena— 2008tik mantendu gabe zeukala ziurtatu zuen.

Bide batez, hildakoak 20.000 izan zitezkeela esan zuen, baina NBEk kopurua 4.000ra gutxitu du.

Baloiak kanpora

Tobrukeko Gobernuak udal talde osoa kargutik kendu du eta delitua egotzi die, bere erantzukizuna ezkutatzeko.

«Duela bi urte, presa erdiraino ere beteta ez zegoenean urak gainezka egiten zuen eta konpontzea eskatu zitzaien Udalari eta Gobernuari eta ez dute ezer egin», dio 48 urteko Abdelqader al-Omranik Bengasiko ospital baten ohean. Arduradunek «kontzienteki erail gaituzte», dio haserre.

Manifestariek zabarkeriagatik ikerketa abiaraztea exijitzen dute eta etxerik gabe geratu diren 40.000 biztanleentzat laguntza.

Hiriaren herena desagertu egin da, 2.200 eraikin. Bide batez, funtsezko errepide batzuk blokeatuta daude eta sare elektrikoa eta oinarrizko beste hornidura batzuek itxita jarraitzen dute.