Kontseiluak atsekabez hartu du EBk euskararen ofizialtasunaren erabakia atzeratzea
Europar Batasuneko Kontseiluak euskararen, katalanaren eta galizieraren ofizialtasunaren gaineko erabakia atzeratzea, «arrazoi teknikoetan baino, argudio eta oztopo politikoetan» oinarritzen dela adierazi du Euskalgintzaren Kontseiluak. Atzerapen honen ostean arazorik gabe onartzea espero du.
Euskalgintzaren Kontseiluak penaz hartu du Europar Batasuneko Kontseiluak euskara, katalana eta galiziera Europako hizkuntza ofizial izendatzeko erabakia atzeratu izana. Bere iritziz, orain arte hiru hizkuntzok ofizial egitearen aurka eman diren «arrazoi teknikoek gehiago dute argudio eta oztopo politikotik egiazko ezintasunetatik baino».
Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak erran duenez, «politikaren funtsetako bat da baliabide ekonomikoak eta bestelakoak nola bideratu eta nola banatu erabakitzea helburu egokiak lortzeko. Euskarari, katalanari eta galizierari ofizialtasuna aitortzea bide bat da Europako beste hizkuntza gutxituei ere aitortza bera egiteko. Funtsean, bide bat da herritarren berdintasunean, gizarte kohesioan, justizia sozialean eta bizikidetzan sakontzeko. Eta balio horiei arrazoi teknikoak kontrajartzea hautu politiko bat da».
Astelehenean prentsaurrekoa eman zuen Europako Parlamentuko egoitzan, Bruselan, ELEN Europako Hizkuntza Berdintasunerako Sareko ordezkariekin eta katalanaren eta galizieraren normalizazioa lantzen duten gizarte erakundeetako buruekin. Bertan adierazi zutenez, «ofizialtasuna onartzea aukera bikaina da gure hizkuntzen aitormenean eta normalizazioan urrats bat egiteko ez ezik, Europako bizilagun guztien hizkuntza eskubideetan eta, beraz, giza eskubideetan sakontzeko».
Kontseiluak espero du atzerapen honen ostean EBko Kontseiluak arazorik gabe onartzea euskararen, katalanaren eta galizieraren ofizialtasuna, «dibertsitatean sinesten dutenek nekez esan diezaioketelako ezezkorik proposamen horri».
Madrilgo Kongresuan
Bestalde, Madrilgo Kongresuan astearte honetatik zilegi da euskara, katalana eta galiziera erabiltzea. «Aspaldikoa beharko zukeen praktika den arren», ongi etorria da Euskalgintzaren Kontseiluarentzat, «gutxitutako hizkuntza horiei gutxieneko errespetu demokratikoa adieraztea delako».
Bide horretan, alderdi katalan eta galiziarrek iragarri dute katalanez eta galizieraz eginen dituztela beren hitzartzeak aurrerantzean. «Txalotzekoa da, gutxitutako hizkuntzek halako keinu eta ereduak ezinbestekoak dituztelako gutxiagotze horren parte den gizarte prestigio eskasari aurre egiteko». Aldiz, euskal alderdiek iragarri dute euskara eta gaztelania, biak erabiliko dituztela. Kontseiluak kezkaz hartu du iragarpen hori, hain zuzen ere, «euskara gutxitutako hizkuntza den heinean ezinbestekoa den prestigiatze eta sustapen lan hori murritz gerta daitekeelakoan».
Nolanahi ere, Kontseiluak zinez espero du euskal alderdietako ordezkariek hau guztia kontuan hartzea, eta euskara eta gaztelania erabiltzeko zenbatekoak erabakitzean presente izatea euskararen normalizaziorako zeinen garrantzitsua den eredu ematea, prestigiatzea eta sustapena.