Bilbon eta Gasteizen hainbat gazte kateatu dira, Zelaia eta Barbadoren defentsan
Galder Barbado eta Aitor Zelaiaren espetxeratze aginduaren aurkako ekintza egin dute gaur goizean hamarnaka gaztek Bilbon. Espainiar Gobernuak duen ordezkariordetzaren erakinean kateatu dira bi gazte. Gasteizko Ertzaintzaren komisaldegian ere kateatu dira bi gazte. Bost atxilotu egon dira.
Goizean goiz, Bilboko Gobernu Delegaritzan eta Gasteizko Ertzaintzaren komisaldegian kateatu dira Ernaiko lau gazte Aitor Zelaia Gasteiztarraren eta Galder Barbado Amurrioarraren kontrako espetxeratze agindua salatzeko.
Ertzaintza gazteen aurka oldartu da pic.twitter.com/VxJgxzvsTi
— Asier Robles (@asierrobles) September 22, 2023
Beste hainbat gazte hurbildu dira kateatuei babesa emateko eta eraikinen aurrean eserialdia egin dute. Tentsio uneak eragin ditu ekintzak. Ertzaintza bertaratu da, eta Gasteizen bost gazte atxilotuak izan dira, kateatuta zeuden biak eta babesa ematen ari ziren beste hiru. Gainera, eserialdian parte hartu duten gazte guztiak identifikatu dituzte banan-banan.
Ertzaintza modu oldarkorreak beste behin gazteon kontra jo du!!!
— Ernai Gasteiz (@ErnaiGasteiz) September 22, 2023
Ez gaituzue geldituko! pic.twitter.com/scxTK0DNoO
Protesta 07.30ean abiatu da eta lau ordu geroago bukatu da. Suhiltzaileak etorri behar izan dira gazte kateatuak askatzera.
Suhiltzaileak etorri behar izan dira gazte kateatuak askatzerahttps://t.co/wKSduNFquV#AitorEtaGalderAske pic.twitter.com/7TSHPc3qWJ
— Asier Robles (@asierrobles) September 22, 2023
Ekintza honekin, «euskal gazteria eta herri honen duintasunaren aurkako eraso bezala seinalatu eta ankerkeria honen erantzule direnak jo-puntuan jarri» nahi izan ditu Ernaik.
2021eko otsailaren 2an, atxilotu zituztenetik bi urtera, Auzitegi Nazional espainiarrak bi gazte arabarren aurkako epaia eman zen: lau urteko kartzela zigorra, urtebeteko zaintzapeko askatasuna eta hamar urteko inhabilitazioa ezarri zien.
Hainbat errekurtsoen ondoren, joan den maiatzean berretsi zuen Auztegi Gorenak ebazpen hori, eta irailaren 15ean espetxeratze agindua heldu zitzaien. «Ez dugu onartzen», zioen gaur goizean zoruan zabaldu duten pankartak.
«Espainiar estatuko 78ko Erregimenak bultzatutako eta ertzaintzak zein EAJk babestutako prozesu politiko eta partziala izan da. Euskal Herriak aurrera egiteko beharra du. Euskal Gazteria ez da geldirik geratuko bi gazteren kontrako ankerkeri honen aurrean», adierazi du gazte antolakundeak.
Arratsaldean, Bilbon eta Hernanin
Goizean elkartu diren leku berdinetik abiatu da 19.00etan AnkerkeriariSTOP plataformak eta Ernai gazte antolakundeak deitutako manifestazioa, Bilbon ere. Ehunka gazte batu dira berriz Moyua plazatik Albia lorategietaraino joateko euren bi kideen espetxeratze aginduaren aurka, ‘Aitor eta Galder aske! Euskal Herriak aurrera!’ lelodun pankarta baten atzean. Bidetik, manifestariek «Hau ez da bakea!» edo «Aitor, Galder, herria zuekin» oihukatu dute.
Behin Albia lorategietan, Sabin Etxearen aurrean, antolatzaileek adierazpen hau irakurri dute: «Bada hamarkada luze bat herri hau bestelako testuinguru batean murgiltzeko ahaleginetan dabilela, baina badaude batzuk iraganera kateatuta nahi gaituztenak, horren prezioa edozein delarik ere. Euskal jendartearen eskubide zibil eta politikoak errespetatu beharrean, indarkeriaren errezeta besterik ez digute eskaintzen eta kartzelak hustu beharrean hauek betetzeko ahaleginean tematuta jarraitzen dute», esan dute Zelaia eta Barbadoren espetxeratze aginduen harira.
Manifestazioaren ostean, Bilboko Kale Nagusia moztu du gazte talde batek, Corte Ingles eta BBVA eraikinaren parean. Ertzain ugari bertaratu dela, taldea desegin da.
Ostiral honetako arratsaldean ere hainbat Euskal Herriko herritan egon dira manifestazioak eta elkarretaratzeak, hala nola Oñatin, Hernanin, Barakaldon, Larrabetzun, Lezaman, Zamudion, Lemoan, Altsasun eta Gasteiz, azken honetan goizeko atxilotuekin ere elkartasuna adierazteko. Hernanin ere bide mozketa egin dute; ertzainak bertaratu dira eta indarrez desegin dute.
Hernanin egin den eskualdeko manifestazio kubritzen ari nintzela Ertzaintzak mugikorra eskuetatik indarrez kendu dit gehiago ez grabatzeko. @Aiurri -ko kazetari gisa lanean ari nintzen. Informatzea ez da delitua. pic.twitter.com/D7ctzwdNkd
— Mikel Arberas (@chearberas) September 22, 2023
✊Gaur Aitor eta Galderren epaia ez dugula onartzen aldarrikatzeko mobilizatu gara Hernanin.
— ERNAI Buruntzaldea (@EBuruntzaldea) September 22, 2023
⛓️ Manifestazioan zehar errepidea blokeatu dugu eta zipaioek gazteon kontra jo dute beste behin.
Argi utzi dugu, ez gauituzue geldituko!
EUSKAL GAZTERIA AURRERA‼️ pic.twitter.com/cew0UCDYUu
Datorren larunbatean mobilizazio nagusia deitu dute, Gasteizen, arratsaldeko 18.30ean Artium museoko plazatik abiatuta.