INFO

Azken indar tanta ere zukututa, urte osorako olioa eman dio Peio Etxeberriak Asperi

Zenotzekoak eta Iker Salaberriak banakako lehiatan lortutako garaipenek eman dizkiete Eibarko enpresakoei jokoan ziren 900 botilak. Binaka Jaka eta Mariezkurrenak emandako erakustaldiak ezer gutxirako balio izan die.

Peio Etxeberriak sasoiko dagoela erakutsi du beste behin ere. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Olioa azkenaldian hartzen ari den prezioarekin, merezi zuen esfortzuak eta, barruan zuen azken indar tanta ere zukututa, urte osorako Asperen biltegia bete du Peio Etxeberriak, partida akigarri batean Iñaki Artolari 18-14 gailenduta. Hobe esanda, ultzamarraren garaipena erabakigarria izan bada ere, buruz buruko lehiek eman diote saria Eibarko enpresari, lau eta erdikoan Iker Salaberriak lortutako garaipena ere funtsezkoa izan baita azken emaitzan. Binakakoan, Jaka-Mariezkurrenak oso erraz gailendu zaizkie Elordi-Tolosari (22-5), baina ezer gutxirako balio izan die.

Arratsaldeko lehen lehian, lehen mailako kaiolako txapelketan izango den Iker Salaberriak 18-15 irabazi dio denborarik gehienean markagailuan aurretik izan den Asier Agirreri, azken sei tantoak jarraian lortuta. Kosta egin zaio goizuetarrari partidan sartzea eta Baikoko aurrelariak bost tantotako aldeak ere izan ditu lehiaren lehen erdi gogorrean, baina Promozio mailako txapeldunak lau eta erdian aritzek dohainak dituela erakutsi du. Sakea eta ezker gantxoa izan dira Salaberriaren armarik arriskutsuenak. Lehen pilotakadarekin zazpi tanto lortu ditu –Asier Agirrek ez du alerik ere bildu– eta airez ere tanto dezente lortu ditu, denera 17, iruindarrak opari bakarra egin baitio 241 pilotakada gurutzatu dituzten lehian.

Binaka, errazegi Baikokoak

Oso bestelakoa izan da binakako partida eta Jaka-Mariezkurrena Elordi-Tolosaren gainetik pasa dira (22-5). Sasoi puntu antagonikoan dauden bi bikote jarri dituzte enpresek parez-parez eta kantxan asko igarri da batzuen ahala eta besteen ezina. San Mateotako finaletik at, ziurrenik Baikon udarik onena egin duten bi pilotariak jarri dituzte elkarrekin erronka honetarako –Peñaren baimenarekin aurrean– eta kantxan ikaragarri gozatu dute. Atzean, Jon Mariezkurrena nahieran aritu da, eskuinez zulo handiak irekiz azken unean deitua izan den Xabi Tolosaren aurka. Anoetarra ari da, poliki-poliki, bere mailara itzultzen, baina oraindik ez dago gaur egungo Jon Mariezkurrenari aurre egiteko moduan. Lanik eta borondaterik ez zaio falta izan, baina ezinean aritu da nafarraren erakustaldiaren aurrean.

Eta halako baldintzetan, nekez topatuko du Berriozarrekoak egungo Erik Jaka baino aurrelari egokiagorik bere jokorako. Udak on egin dio lizartzarrari, errematean oldarkor eta eraginkor dabil azkenaldian eta gaur, haizea oso alde zuela, hala aritu da berriz ere. Aitor Elordirentzat, ordea, udako sasoia ikaragarri gogorra izaten ari da txapelak jantzi eta gero eta, eskuak osatu baditu ere, oraindik bere mailarik onenetik urrun dago. Gaurkoan gainera, jokoan sartzeko aukerarik ere ez du izan apenas.

Dena airean zela kantxaratu dira Peio Etxeberria eta Iñaki Artola buruz buruko demarako eta partida ederra eskaini dute biek ala biek. Lehen sakea lagun, nafarra aurreratu da 5-0, aurkaria bere erritmo itogarrian harrapatuta. Sakea baliatuz eta aurkariari pentsatzeko aukerarik eman gabe, Aspekoak partida bere aldera eramango zuela zirudien, baina pixkanaka Iñaki Artola jokoan sartu eta indarrak asko orekatu dira. Hori bai, joko oso desberdina erabili dute biek parekoa gastatzeko. Goiko posturekin Peio Etxeberria eta behetik, askoz luzeago jokatuta alegiarra.

Pilotak eta norberaren indarrak gastatu ahala, Iñaki Artolak osoago zirudien, Etxeberriak sakez egindako bi opariak ere eskertu ditu, baina partida hamalauna berdindu ostean, Aspekoa nagusitu da. Errematean oldarkorrago, erabaki ahalmen apur bat faltan bota du Artolak, azken txanpa horretan asmatu egin du Zenotzekoak eta garaipena berea izan da.