INFO

Gaztetu bat hartuta amaitu dute Ezkurdia eta Rezustak udako ferien sasoia

Zazpi urte beranduago Logroñoko feria eskuratu dute, final borrokatu batean Zabala eta Zabaletari 22-16 gailenduta. Bergararrak hasi bezala amaitu du uda eta sanmateotako pilotaririk onenaren saria eraman du.

Ondo merezita lortu dute garaipena Ezkurdiak eta Rezustak. (@ASPEpelota)

Partida kopuruz agenda beteta eta entrenatzeko apenas astirik gabe, uda izaten da pilotarientzat urteko sasoirik gogorrena, baina Joseba Ezkurdia eta Beñat Rezustaren kasuan, gaztetu bat hartuta irten direla esan genezake, ferien sasoia hasi baina hobeto eta, batez ere freskoago amaitu dutelako. Zabala-Zabaletari 22-16 gailenduta, arbizuarrak eta bergararrak Logroñoko torneoa irabazi dute elkarrekin zazpi urte geroago eta ez agian garai hartako distirarekin, baina aspaldiko sasoirik onenean eman diote ongietorria udazkenari.

Aurreko koadroetako joko nahasia inon baino gehiago estimatzen dute Logroñon eta Errioxan eta alde horretatik bi aldiz desengainaturik irten dira bertako zaleak, indarrez eta atzean jokatutako finala izan delako gaurkoa –materiala ere horretarako zegoen– eta Javi Zabalak ezin izan duelako garaipena etxean utzi.

Baina atzelarien jokoarekin gozatzen dakiten pilotazaleek bai gozatu ahal izan dutela, azken hamarkadako bi jotzailerik handienen jardunarekin. Eta lehia horretan, nabarmentzekoa izan da Beñat Rezustaren lana, bere mailara itzuli den Jose Javier Zabaletari eusteko gai izateaz harago, tarteka bizkarra erakusteko gai izan baita gaurkoan. Izan ditu azken urteetan makalago ibili den garaiak ezkerrak, baina aspaldiko freskura berreskuratzen ari dela dirudi 4-2koan jotako errebote latza tarteko. Uda Iruñean Altunarekin irabazita hasi zuen bergararrak eta amaitu Ezkurdiarekin Logroñokoa irabazten bukatu du,  protagonismo handiagoarekin gaurkoan.

Joseba Ezkurdiaren kasuan nabarmena udak aurrera egin ahala galdua zuen inspirazioa berreskuratzen ari dela. Gaurkoa ez du errematerako egunik aproposena izan, baina kantxan bai antzematen zaiola beste oldarkortasun eta konfiantza bat, kaiolako txapelari eusteko beharko dituenak.

Gutxiago oparitu

Baina ligaxkako bi partidetan bezala, garaipena lehiakortasunak eman die. Berme osoko bikotea osatzen dute, elkar ondo elikatzen dutenak eta gaur galdutako pilotetan egon da partidaren parte handi bat.

Izan ere, Zabalak eta Zabaletak bikoiztu egin dituzte arbizuarrak eta bergararrak egindakoak eta hori alde handia da goi mailako lehietan. Bikain ekin dio Logroñoko aurrelariak partidari bi tanto on eginda, baina ostiralarekin alderatuta, gaurkoan askoz aukera gutxiago izan ditu eta gantxoa gurutzatzerakoan ere ez da horren eraginkor aritu. Atzelari nafarrak lehia ederra izan du Rezustarekin, tarteka gehiago eman dio pilotari, baina galdu ere gehiago egin duenez, hasierako 0-2koan kenduta, partida osoan haizearen aurka jokatu behar izan dute eta ez dira gai izan buelta emateko.

FITXA TEKNIKOA:

Ezkurdia-Rezusta: 22

Zabala-Zabaleta: 16

Pilotakadak: 553. Iraupena: 61,38 minutu. Markagailua: 0-2, 5-2, 5-3, 8-3, 8-6, 9-6, 9-7, 10-7, 10-8, 12-8, 12-9, 13-9, 13-10, 14-10, 14-11, 16-11, 16-14, 19-14, 19-15, 20-15, 20-16, 22-16. Sakeak: 1 Ezkurdiak eta 1 Zabalak. Egindakoak: 8 Ezkurdiak, 2 Rezustak, 6 Zabalak eta 3 Zabaletak. Galdutakoak: 3 Ezkurdiak, 3 Rezustak, 5 Zabalak eta 6 Zabaletak. Gorabeherak: Sarrera bikaina, 1.476 ikusle Logroñoko Adarragan feriako azken jaialdian.