INFO

Osasun publikoaren defentsan manifestazioak deitu dituzte Bilbo, Donostia eta Gasteizen

Osasun sistema publikoaren defentsan manifestazioak deitu dituzte azaroaren 11rako Donostia, Bilbo eta Gasteizen. Larunbatean osasun publikoaren aldeko plataformak Araian bildu ziren eta osasun publikoaren pribatizazioari eta desmantelamenduari aurre egiteko mobilizazioaren beharra nabarmendu zuten.

Larunbatean Araian bildu ziren osasun publikoaren aldeko plataformetako kideak. (OSASUN PUBLIKOAREN ALDEKO HERRI PLATAFORMAK)

Azaroaren 11rako manifestazioak deitu ditu Osasun Publikoaren Aldeko Plataforma Herritarren Koordinadorak Bilbo, Donostia eta Gasteizen. Araian larunbatean egin zuten koordinazio bileran hartu zuten erabaki hau.

Araian herritarrek eskatzen duten osasun sistema publikoaren inguruko gogoeta egin zuten eta Nafarroan eta EAEn bizi den egoera aztertu zuten. Honekin batera, datozen hilabetatarako lan ildoak zehaztu zituzten. Lakuako Iñigo Urkullu lehendakariak iragarri dituen neurriei arreta berezia eskaini zitzaien.

Bilera horretan izan zen ondorioetako bat herritarren mobilizazio iraunkorra osasun publikoa deseuztu eta pribatizatzeko asmoei aurre egiteko tresna izan behar dela da.

«Osasun publikoan ematen diren murrizketak eta desmantelamendua aspalditik datoz», nabarmendu dute gaur bidali duten ohar baten. Interes pribatuen alde egiten dutela eta horrek egun Osakidetzak duen egoeran islada duela erantsi zuten.

«Arazoa sortu dutenak konponbidearekin datoz orain. Gezurra da itxaron zerrendak pandemiaren ondorioa direnik. Osasun sistema publikoaren desmantelamentu programatuaren eta politika pribatizatzailearen ondorioa dira», salatu dute.

«Herritarrak ez dira inozoak eta pairatzen duten manipulazioaz ohartu dira», nabarmendu dute.

Gauzak horrela, itxaron zerrendak murrizteko Lakua eta Nafarroako gobernuek proposatu dituzten neurriak ez dituzte gogoko, ez direlako konponbide estrukturala eta «egungo zenbakiak makilatzeko baino ez dutelako balio», diru publikoa esku pribatuetan uzteaz gain.