Caixabank Masterseko finalerdiak noiz hasiko dena prest dago, pilotak aukeratu eta gero
Finalerdi bakoitzerako pilota lote bana atera dute pilotarientzat. hauek, material bizixeagoa eskertuko zuketen arren, ez dute inolako kexarik izan. Neurketa biak ostiral gauean Iruñeko Navarra Arenan jokatuko dira, 2.000 lagunen aurrean, eta igandeko finalerako 3.000 laguni lekua egingo zaie.
Caixabank Masterseko finalerdoetara sailkaturiko lau bikoteek astearte arratsaldean aukeratu dituzte datorren ostiral gauean Iruñeko Navarra Arenan jokatuko den jaialdian finalerako txartela jokatuko duten loteak. Finalerdi bakoitzerako sailkaturiko pilotariek lote ezberdin bana banatu zaie; lehenengo Altuna-Imaz eta Peña II-Rezusta bikoteak aritu dira eta hauen ostean, Ezkurdia-Mariezkurrena eta Jaka-Martijaren txanda izan da. Zortziek ez dute inolako trabarik egin Aspe eta Baiko enpresetako intendenteek proposatutako lotearekin.
Ondorioz, Altuna eta Imazek 105,4, 105, 1 eta 105,1 gramoko pilotak apartatu dituzte: Peña eta Rezustak 105,8, 105,7 eta 104,5 gramokoak, beren aldetik.
Ostean, Ezkurdia eta Mariezkurrenak, 104,5 105,8 eta 104,7 gramoko pilota bana aukeratu dute, eta Jaka eta Martijak, azkenik, 104,5, 105,1 eta 105,3 gramokoak.
Inolako kexarik ez da izan, baina hori bai, aukeran pilota bizixeagoak ere hartu ezin izanaren pena erakutsi dute protagonistek. Lehenengo aukeratu duten bikoteek irteera gehien duten pilotak bereizi dituzte, kasu bietan.
Ostiraleko ikuskizun bikoitza
Jakina den bezala, bi finalerdiak ostiral honetan jokatuko dira. Lehengoa 21.15ean hasiko da eta Ezkurdiak eta Mariezkurrena egungo txapeldunek Jaka-Martijaren aurka neurtuko dituzte indarrak. Ezkurdiak eta Mariezkurrenak abantaila txiki bat dute, etxean jokatzeko dutelako, eta iaz ere txapeldun izan zirelako, orduko finalean Jokin Altuna eta Ander Imaz mendean hartuta.
Ezkurdiak eta Mariezkurrenak, gainera, sailkapeneko lehen postuan dira aurreko bost jardunaldiak jokatu ostean lau garaipen lortuta.
Lehenengo finalerdiaren ostean, bigarrena jokatuko dute Altuna III.a-Imaz eta Peña II.a-Rezusta bikoteek. Irabazleek finala jokatuko dute.
Bigarren finalerdiko bi bikoteek play-offetan lortu zuten finalaurrekoa jokatzeko txartela. Ezkurdia eta Mariezkurrena, aldiz, zuzenean sailkatu ziren azken jardunaldiaren ostean sailkapeneko lidergoari eutsita. Bosgarren jardunaldiko partidan, gainera, garaipen erosoa lortu zuten, 22-11, Larrabal-Zabaleta bikotearen aurka.
«Giro ederra egongo da ostiralean eta gogotsu etorriko gara. Ez da pilotaleku erraza, oso gogorra baita, baina ilusioz gainezka egtorriko gara eta ea finalerako pausoa ematen dugun», adierazi du Jokin Altunak.
Zuhur, Jon Ander Peñak lan zailak aurreikusi ditu bere finalerdiari begira. «Aurrean Jokin dago eta atzean, berriz, oso uda ona egin duen Ander. Oso sendoak dira biak eta beraiei tantoa egitea asko kostatzen da. Hargatik, gehienetan 22ra iristen dira», ohartarazi du Tolosako aurrelariak.
Aurrekariak
Nolanahi, aurrekariek beste zerbait diote. Iz<an ere, Altuna III.a eta Imaz, teorian bederen, faborito izango lirateke Peña II.a eta Rezustaren aurka. Bada, ligaxkako bosgarren jardunaldian 20-22 nagusitu ziren Tolosakoa eta Bergarakoa, hilaren 2an Lekeitioko Santi Brouard pilotalekuan jokaturiko neurketan.
Ezkurdia eta Mariezkurrena bera ere, bestalde, faborito izan litezke agian aurreneko finalerdia irabaztyeko, baina gogoan izan behar da ligaxkan haiin zuzen Jaka eta Martijaren aurka galdu zutela Caixabank Masterseko iazko irabazleek. Laugarren jardunaldian, Altsasun, 19-22 nagusitu ziren Lizartzakoa eta Etxeberrikoa joan den abuztuaren 18an.
Bat dela edo bestea dela, Joseba Ezkurdiak, San Mateoetako finala irabazi berritan, baikor aurkitu du bere burua. «Uda amaiera aldera hobeto sentitzen ari naiz, gauzak hobneki eginez gainera. Eta azkenengo torneoa irabazita, berriz, moralez ere hobeki nago baikorrago», adierazi du.
Finalerdietarako, 2.000 ikusleko konfigurazioarekin, ia sarrera guztiak salduta daude. Finala, igandean, urriaren 1ean, jokatuko da, Nafarroa Arenan. Pilota jaialdia 17.00etan abiatuko da. Igandeko finalerako, berriz, 3.000 ikuslerentzat sarrera jarriko da.
Zentzu horretan, Julen Martija ostiralean zein igandean harmailak beteta eta giro bikaina izango delakoan azaldu da. «Ia beteta dago dena eta ziur nago jendeak askom gozatuko duela eta ea guk, finalerdian, partida polit bat egoten dugun eta jendea gustura joan litekeen etxera», azpimarratu du.