INFO

«Ezin gara borrokaz ahaztu» aldarri hartu eta erreferenteak sortu asmoz jaio da ‘Geldiezinak’

Euskal kirolaren historian nabarmendu diren hainbat emakumeren lana balioetsi eta belaunaldi berrientzako erreferenteak sortzeko helburuekin jaio da ‘Geldiezinak’ egitasmoa. Kirolari andana batu da EiTBko Multibox aretoan, ekitaldiari are zirrara gehiago eskainiz.

Ibone Belaustegigoitia mikrofonoarekin, alboan Maider Unda eta Maialen Chourraut dituela. (Aritz LOIOLA | FOKU)

‘Geldiezinak’ egitasmoa zerbaiten «hasiera» izatea aldarri hartuta bertaratu da kirolari andana EiTBk Bilbon duen egoitzara. Une zirraragarria izan da, hainbat erreferente eremu bakar batean elkartu baitira, emakumeak lehen lerroan egon behar direla indartuz.

«Izan nahi dut andre eta jabe, esku eta buru, aski eta aske; kristalezko sabaiak arrakalatzeko, bularrekin ez bada, eskuekin». Mezu indartsu hau izan da proiektuaren aurkezpeneko oinarri eta ekitaldiaren bukaeran Bingen Zupiria Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak emandako datuak zer hausnartzeko eman du: Nazio Batuen Erakundeak (NBE) iaz eginiko ikerketa baten arabera, erritmo honetan, gizon eta emakumeen berdintasun totala lortzeak 300 urte beharko lukeela.

Etsigarria izan daiteke datua eta Maialen Chourrautek (Lasarte-Oria, 1983) –Olinpiar Jokoetan urrezko, zilarrezko eta brontzezko domina irabazitakoak– hasperen ere egin du, baina argi dauka ekinean jarraitu behar dutela. «Beharrezkoa da gizartean ikustaraztea eta horretarako, norbaitek guregan arreta jarri behar du», esan dio NAIZi, ekitaldiaren bukaeran.

Maider Telleriak (Donostia, 1973), Bartzelonako Olinpiar Jokoetan belar-hockeyan urrezko domina kolkoratutakoak, argi eta zehatz esan du «baliabideak» direla gakoa. Orduan, 1992ko hitzorduk olinpikora, gizon eta emakumezkoek baliabide berdinak izan zituzten, Estatu espainolean zen ekitaldi horretan garaipenak pilatu asmo argiz. Baina gertaera hura anekdotikoa izan zela esan du.

Karmele Gisasola (Mallabia, 1994) eta Nerea Arruti (Urnieta, 1990) herri kirolariek ere bidean agertzen diren oztopoei egin die erreferentzia eta beraz, besoak inoiz jaitsi behar ez dituztela ohartarazi dute. «Aurten, esaterako, banakako pentatloia egin gabe geratu gara. Badirudi aurrera goazela eta geldiezina dela aurrerapausoa baina zenbaitetan horrelako atzerapausoak ematen dira eta beraz, ekinean jarraitu behar dugu», esan du mallabiarrak.

Nerea Arruti, Karmele Gisasola eta Alazne Etxaburua herri kirolariek ere parte hartu dute egitasmoan. (Aritz LOIOLA/FOKU)

«Ezin gara borrokaz ahaztu», gehitu du eta Arrutirekin bat etorri da erreferente izatea –edo etiketa hori jarri izana– ohorea dela. «Ez zara kontziente. Nik gustokoa egiten dut, herri kiroletan bilatu dut beste kirolek eskaintzen ez zidatena eta gustora nabil. Errekonozimendu hau edukitzea ohorea da», onartu du urnietarrak.

Maider Undak (Gasteiz, 1977) adierazi du une batzuetan «motxila jartzen dizutela» baina lana dela benetan kostatzen dena. 2012ko Londresko Olinpiar Jokoetan brontzezko domina erdietsi zuen borroka librean eta uste du bere balentria guztiek izan dutela merezitako errekonozimendua.

Esther Arrojeriarentzat (Usurbil, 1994), Bera Berako kapitainetako bat, garrantzitsua da «ikustaraztea» aurreko belaunaldietako emakumeek zein pauso eman zituzten lehiatu ahal izateko eta gainontzeko emakumeei bidea irekitzeko. Aitzindaria horretan, besteak beste, Ibone Belaustegigoitia (Bilbo, 1930) izan zen, tranpolin jauzian. Olinpiar Jokoetan lehiatu zen lehen euskal emakumea izan zen (1948an, Londresen) eta ekitaldira bertaratu zirenentzako berritasun bat izan zen, inspirazioa. Aitzindari izan ziren emakume horiek ahanzturan nola geratu direnaren seinale argia.

Ibone eta Bibiñe Belaustegigoitia kirolari ohiak eta aitzindariak. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Bere ahizpa Bibiñerekin –tenislari ohia– bertaratu da Ibone eta «kirolari puska» andanarekin eszenatokia konpartitzea zoragarria iruditu zaio. «Bidea zabaldu genuen», onartu du eta era berean nabarmendu du egungo emakumeak «trebeagoak eta azkarragoak» direla. Poztasuna ematen dio oraingoek lehen garaitu behar zituzten oztopo batzuetatik «salbu» egoteak.

Hiru ardatz: dokumentala, podcasta eta ipuinak

Bidea egiten jarraitu behar delako, hain zuzen ere, jaio da ‘Geldiezinak’ proiektua, sortzaileek nabarmendu dutenez. Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak eta Basque Teamek elkarlanean sortua da egitasmoa.

Ibone Belaustegigoitia, Maialen Chourraut, Maider Unda, Ainhoa Ibarra, Ainhoa Murua, Maider Telleria, Sara Carracelas, Leire Olaberria, Alazne Etxaburua, Nerea Arruti, Karmele Gisasola, Almudena Cid, Eli Pinedo eta Edurne Pasaban kirolarien, besteak beste, balentriak eta bizipenak kontatuko dituzte proiektu honetan, emaitzez harago «kirol-unibertsoaren berezitasunak ulertzen lagunduko duten gai interesgarriak» ere landuko dira.

‘Geldiezinak’ egitasmoan parte hartu duten kirolarietako batzuk. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Hiru ardatz izango ditu honek. Batetik, ‘Korina Films’ ekoiztetxeak egindako ‘Geldiezinak’ dokumental saila astero eskainiko da ETB1en, igandeetan, 11.30ean, ‘Helmuga’ saioaren barnean (urriaren 15ean emango dute lehen atala). Basque Team-eko kanaletan ere ikusgai egongo dira, bai eta EiTBko ‘Primeran’ plataforman ere. Iñigo Asensio –NAIZ Irratiko ‘Bigarren Kafea’ saioko aurkezlea, besteak beste– aritu da zuzendari lanetan.

Dokumentalarekin batera, podcast sorta bat ere egin dute, gai eta protagonista berberekin eta bakoitzak 20 minutuko iraupena izango da. Joseba Urkiola EITB Mediako kirol arduradunak zehaztu duenez, gainera, astelehentik hasita, protagonista bakoitzaren kapsulak helaraziko dira bide ezberdinetatik, hala aste osoa hartuko du kirolari bakoitzak.

Bestalde, haurtzarora bideratuta, 6 eta 11 urte bitarteko haurrei zuzendutako ipuin eta fitxa didaktikoen bilduma bat ere egin da –Paul Caballero eta Ane Undurraga izan dira hauen egileak–. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Lehen Hezkuntzako ikastetxe guztietan banatuko da, belaunaldi berriei ere kirolari hauek egindako balentriak helarazi eta hauentzat erreferente izan daitezkeenak ikustarazteko.