INFO

Reinhold Messner Guinness errekorren liburutik at geratu da

Eberhard Jurgalskiren ikerketan oinarrituta, ekimen horrek dio tiroldarra ez dela hamalau zortzimilakoak igo zituen lehen alpinista. Ohore hori Ed Viestursi eman dio; halere, estatubatuarrak dio Messner izan zela lehena.


Duela urtebete aipatzen genuen Eberhard Jurgalskiren ikerketa zehatzek zortzimilakoen historia goitik behera aldatuko zutela. Ikerlari alemaniarrak, teknologia oso aurreratuan oinarritua, ondorioztatu zuen Reinhold Messner ez zela hamalau zortzimilakoen zerrendaren lehen jabea. Hots, ez zituela erraldoi horien benetako gailur guztiak zapaldu.

Hain zuzen ere, Jurgalskik eta bere taldeak dio Messner Hans Kammerlander-ekin batera 1985. urtean Annapurnara eginiko igoeran benetako tontorretik 65 metroko distantziara eta bost metroko desnibelera geratu zela. Berdin dio tiroldar horiek bide berri bat zabaldu zutela zortzimilakoaren ipar-mendebaldeko horman. Marra handia, alegia, garai haietarako. Kontua da, ikerlariarentzat alpinistok ez zutela benetako tontorra zapaldu.

Bada, ikerketa hori aintzat hartu du Guinness errekorren liburuak, eta, horregatik, Messnerren izena ezabatu du. Ekimen horrentzat, hortaz, ez da zortzimilakoen zerrenda horretan historia egin zuen lehena.

Alpinismoa kirol arautu bat ez denez, gai horren inguruan beti polemika egon da. Nazioarteko alpinismoaren komunitateak Messnerrek lortu zuen balentria beti onartu du. Inor ez da “bide” horretatik aldendu. Baina zintzilik dago erakunde ofizial baten iritzia. Besteak beste, UIAA edo Nazioarteko Alpinismoaren Batzarrarena.

Babesa

Hortaz, Ed Viesturs da Messnerri ohore hori kendu dioena, edo Guinness errekorren liburuak hori erabaki duena. Alabaina, alpinismoaren komunitateak ez du zalantzarik: tiroldarra lehena izan zen. Estatubatuarrak berak ez du bat egin aldaketa horrekin: «Messner lehena izan zen, eta kito. Eta, beraz, aitortza hori eman behar zaio. Hamalauen zerrenda osatzeko ateak zabaldu zituen. Mendi horiek estilo oso onarekin igo zituen. Hori gutxi ez, eta erakutsi zuen egundoko sasoia eta burua oso indartsu zituela. Gainera, eskalada guztietan ez zuen oxigeno gehigarririk erabili. Nik bezala, beste batzuek ere, Messnerren bidea jarraitu dugu; inspiratzailea izan zen. Jatorrizko zerrenda onartzen dudanez,  argi eta garbi diot Messner lehena izan zela».

Tiroldarra bere aldetik, duela urtebete bezala, orain ere ez dator bat Jurgalskirekin eta Guinness errekorren liburuarekin: «Nire alpinismoak ez du errekorrekin inolako loturarik. Alpinismo tradizionalean ez da inoiz errekorrik egongo. Alpinista guztiak estimatzen ditut; izan ere, eskarmentu handiak bizi izan dituzte zortzimilako horietan».