INFO

Asun Garikano hizkuntzalaria euskaltzain oso izendatu du Euskaltzaindiak

Asun Garikanok Patxi Goenagaren hutsartea beteko du Euskararen Akademian. Orain, euskaltzain oso berriak zortzi hilabeteko tartea dauka sarrera hitzaldia prestatzeko. 99 lagun dira sorreratik izendatutako euskaltzain osoak. Gaur egun, 24 euskaltzain osoz eta 10 emerituz osatua dago Euskaltzaindia.

Asun Garikanok Patxi Goenagaren hutsunea beteko du. (EUSKALTZAINDIA)

Euskararen Akademiak euskaltzain berria izendatu du, ostiral honetan Nafarroako Parlamentuan egin den osoko bilkuran. Euskaltzain osoek bozketa egin dute Patxi Goenaga emeritu izatearen ondorioz sortutako hutsunea betetzeko, eta Asun Garikanok lortu du gehiengo osoa. Uztailean amaitu zen hautagaiak aurkezteko epea. Hautagai bakarra aurkeztu zuten euskaltzainek.

Orain, zortzi hilabeteko tartea izango du euskaltzainak sarrera hitzaldia prestatzeko, eta epe berdina izango du erantzunezko idatzia egin behar duen euskaltzainak berea prestatzeko. Gero, harrera ekitaldia egingo zaio.

Asun Garikano Iruretagoiena Tolosan jaio zen, 1962an. Euskal Filologian lizentziatua da. Gasteizko Iraleko irakasle eta Gasteizko Legebiltzarreko EIMAko kide izandakoa. Ameriketako euskaldunei buruzko bi liburu argitaratu ditu, ‘Far Westeko Euskal Herria’ (Pamiela, 2009) eta ‘Kaliforniakoak 1533-1848’ (Pamiela, 2013).

Itzultzaile gisa, ingelesetik euskarara itzuli ditu Robert Louis Stevensonen, William Faulknerren, John Steinbecken, Patricia Highsmithen eta beste zenbait egileren lanak; euskaratik gaztelaniara, berriz, Bernardo Atxagaren obra guztiak.

Edizio lanaren arduradun izan da ‘Garziarena’ aldizkarian (1992-1994) eta Euskaltzaindiaren ‘Erlea’ aldizkarian (2009-2016). Halaber, Atxagaren euskarazko eta gaztelaniazko obra guztien edizioaz arduratu da.

Gaur egun, Euskaltzaindiak aurten bertan abian jarritako Testu-bankua proiektua gidatzen du. Hezkuntza komunitateari zuzendutako egitasmo horrek curriculumaren euskal dimentsioarekin lotutako testu hautatuak eskainiko ditu, gaurkoak eta atzokoak, lau ataletan banatuta: Historia, Hizkuntza, Literatura eta Gaurko Gizartea.

1918tik 2023ra, 99 euskaltzain oso

Gaur egun, 24 euskaltzain osoz, 10 euskaltzain emerituz, 143 euskaltzain urgazlez eta 65 ohorezko euskaltzainez osatua dago Euskaltzaindia. 99 lagun euskaltzain oso dira 1918tik gaurdaino akademiak izendatu dituenak.

Hona hemen gaur egungo euskaltzain osoen zerrenda. Guztira hogeita lau dira, 14 gizonezko eta 10 emakumezko: Ana Toledo, Asun Garikano, Adolfo Arejita, Aurelia Arkotxa, Andres Urrutia, Andres Alberdi, Bernardo Atxaga, Castillo Suarez, Itxaro Borda, Miren Azkarate, Miren Agur Meabe, Mikel Zalbide, Miriam Urkia, Jean-Baptiste Coyos, Jabier Kaltzakorta, Joseba Lakarra, Alfontso Mujika, Beñat Oihartzabal, Miren Lourdes Oñederra, Paskual Rekalde, Patxi Salaberri, Pello Salaburu, Roberto González de Viñaspre eta Sagrario Aleman.

Emerituak, aldiz, hamar dira, gizonak denak: Jean-Louis Davant, Andres Iñigo, Xabier Kintana, Jose Luis Lizundia, Andoni Sagarna, Ibon Sarasola, Patxi Uribarren, Xarles Videgain, Patxi Zabaleta eta Patxi Goenaga.