Itziar Ituño aktorea, Athleticen urriko enbaxadore
Basauriko aktorea 125. urteurrenaren hamargarren enbaxadorea da, Jon Rahm, Jokin Altuna, Honey Tahljieh, Thomas Hitzlsperger, Marino Lejarreta eta Joane Somarriba -euskal txirrindularitzaren ordezkari gisa-, Maria Arthuer, Juan Villoro, Txus Vidorreta eta Julian Lopezekin batera.
Athletic Clubek Itziar Ituño aktorea urriko enbaxadore izendatu du. 1974ko ekainaren 19an jaio eta Basauriko Kareaga auzoan hazia, laurogeiko hamarkadako tituluek zeharkatutako belaunaldikoaren parte da eta Ituñok Gabarraren sinbolismoa oroitzen du klub zurigorriak zabaldutako adierazpenetan. «Aitarekin autobusean joan nintzen, Bailen kaleraino iritsi ginen eta bertan jendetza ikusi genuen, benetan zirraragarria izan zen», aipatzen du.
Athleticek nabarmentzen duenez, Ituñok «bere identitate zein erroekiko duen harrotasuna sarritan azaldu du eta Athletic Clubekin baloreak partekartzen ditu». «Oinarri propioak mundu osoaren aurrean aldarrikatuz, ahalegina, konpromisoa eta Euskal Herrian sortutako talentuan sostengatuta», gaineratzen du talde zuri-gorriak bere webgunean.
Soziologian lizentziatuta da, laurogeitamarreko hamarkadaren amaieran, Euskal Telebistako “Goenkale” telesailaren bitartez ezaguna egin zen eta gaur egun «nazioartean ospe gehien duen» euskal aktoreetako bat dela azpimarratzen du Athleticek .
Horren lekuko, Instagram sare sozialean dituen 5 milioi jarraitzaileak edo Wikipediako bere orria 32 hizkuntza ezberdinetan kontsultatzeko aukera izatea.
Aktore bizkaitarrak talde zuri-gorriari egindako adierazpenetan azaltzen duenez, «Hemendik kanpo, batzuetan, ez dakite Euskal Herria zer den edo non dagoen, baina nik Athletic ezagutzen ote duten galdetzen diet. Baiezkoa ematen didatenean, ni bertakoa naizela esaten diet».
Ituñok klubeko intsigniak jaso zituen Jon Uriarte presidentearen eta Jose Angelen Iribarren eskutik Getaferen aurkako norgehiagokan.