INFO

Maitane Etxeberria gakoa izan da Bera Beraren garaipenean, bere debutaren 10. urteurrenean

Espero baino gehiago sufritu du Bera Berak ligako laugarren garaipena eskuratzeko (22-20). Bigarren zatiaren hasieran partida kontrolatuta zuela zirudien baina Porriñoren erreakzio batek markagailua estutu du eta Etxeberria –Silvaren bi geldiketekin batera– gakoa izan da garaipena bideratzeko.

Maitane Etxeberria, Guardesen aurkako norgehiagokan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Maitane Etxeberriak Bera Berako lehen taldearekin debutatu zuela 10 urte bete diren honetan –zehazki, ostegunean izan zen urteurrena–, talde donostiarrak ligako laugarren garaipena erdietsi du, Porriño 22-20 markagailuarekin garaituta.

Talde bat eta bestea boladaka aritu dira bosgarren jardunaldi honetan. Donostiarrek sekulako hasiera egin dute –bi minutuan hiru baloi lapurtu eta segituan jarri dira aurretik. Ondoren, galiziarrek 2-2 berdindu dute baina 4-0eko partzial batekin –zeinean Etxeberria bera nabarmendu den–, etxekoek argi utzi dute partidako faboritoak zirela, nahiz eta Porriñok oso kontuan hartzeko liga hasiera osatu duen. Hots, partida honetara puntuz berdinduta iristen ziren bi taldeak (sei puntu).

Sei minutuan golik ezin eginda egon da Porriño, Bera Beraren defentsa ona nabarmendu dela, bai eta galiziarren akatsak ate aurrean ere. Ondoren baina, beste sei minutuz ate aurrean ezin asmatuta egon da etxeko taldea eta 6-5era gerturatu dira kanpokoak.

Kolpe batzuk elkartrukatu ostean, Barros gipuzkoarrak Porriñoren 7. gola egin duenean (8-7, 23. minutuan), hutsartea eskatu du Imanol Alvarezek, taldea zuzendu asmoz. Zenbait aldaketa ere egin ditu eta lehen zatia itxura onarekin amaiatu du, beste bi golekin aldea handituta (10-7).

Bigarren zati hasieran ere, lehendabizikoan egin legez, segituan handitu du distantzia (14-9, 35. minutuan), Boada, Fernandes, Cavo eta Gavilanen golekin.

Cavok beste bi gol eginda, Lyndie Tchaptchet-en estreinekoarekin eta Boadaren bigarrenarekin, alderik handiena ezarri dute donostiarrek (18-13, 49. minutuan). Bitartean, Porriñoko teknikari Ismael Martinezen hasperenak nagusitu dira Jose Antonio Gaskako pabiloi hezean. Berak zuzendutako jokalariek ate aurrean egindako hutsegiteengatik haserre agertu da, batez ere Casasolarekin, zeinak 12 jaurtiketetatik soilik bi asmatu dituen. Samartin eta Santome ere ez dira bereziki ongi aritu.

Baina aipatu legez, boladaka jokatze horretan, Bera Beraren erlaxazioa eta Ayelen atezainaren inspirazioa aprobetxatu ditu Porriñok, markagailuan gol batera hurbiltzeraino, 1-5ko partzialarekin (19-18). Berdintzeko erasoa ere alde izan dute eta hor nabarmendu da, hain zuzen ere Maitane Etxeberria, Alice Silvaren geldituari errentagarritasuna atera eta kontraerasoan 20-18koa jartzeko.

Etxeberriak berak egin du 21. gola ere –bere bosgarrena, orotara– eta nahiz eta, Porriñok beste gol batekin erantzun duen, Cavok egin du lasaitasunaren gola, minutu bat baino zerbait gehiago falta zela (22-19, 28. minutuan).

super amara Bera Bera: Silva, Etxeberria (5), Cavo (6), Arroyo, Tchaptchet (2), Fernandes (2) y Arrojeria (2) –hasierako zazpikoa– Urretabizkaia, Boada (2), Loidi (1), Menendez (1), Erauskin, Gavilan (1), Karsten eta Aalla (o.a).

Conservas Orbe Rubensa Porriño: Palomino, Samartin (3), Casasola (2), Valles (2), Prelchi, Bengoetxea y Barros (3) –hasierako zazpikoa– Santome (2), Campo (1), Buforn (4), Bono (2, 1p) eta Ayelen (1) (o.a.).

Epaileak: Sergio Gutierrez eta Sergio Martinez (Valentzia). Super Amarako Arroyo (2), Fernandes eta Boada zigortu zituzten 2 minutuko kanporatzearekin eta Porriñotik, Prelchi eta Barros.

Partzialak: 2-2, 5-2, 6-3, 7-5, 9-7, 10-7 –atsedenaldia- 13-9, 14-11, 15-12, 18-13, 19-18 eta 22-20.