Azken unean ihes egin dio garaipenak Ordiziari ligako lehen partidan (34-35)
Bigarren zatian goierritarrek markagailua irauli arren, Belenos taldeak 34-35 irabazi du Altamiran azken jokaldian 60 metrotatik gauzatutako zigor kolpe bati esker. Ohorezko B Mailan, Hernanik 15-14 irabazi du Getxoren aurkako derbia.
Porrot batekin abiatu du Ordiziak denboraldi berria. Etxean galdu dute azken jokaldian Belenos taldeak gauzatutako zigor kolpe baten ondorioz. 60 metrotatik egindako jaurtiketa bat izan da.
50. urteurrena ospatuko du Goierriko taldeak eta, AMPO kooperatibarekin duten babesle hitzarmena berrizteko agerraldian, denboraldiko helburua play off-etarako sailkatzea dela aipatu zuten. Federico Gallo argentinarrak entrenatzaile bezala errepikatuko du.
Ordizia galtzen hasi da estraineko partida Altamiran eta hiru entsegu jaso dituzte lehen zatian. 14-24 galtzen joan dira atsedenaldira. Oier Goiak egin du denboraldi berriko lehen entsegua.
Primer ensayo de @ORDIZIARUGBY.
— División de Honor de Rugby (@DHFerugby) October 1, 2023
🚂 Oier Goia ✅
📺 https://t.co/WTt4oGkRwf #DHRugby pic.twitter.com/SwCyzapyjU
Bigarren zatian markagailua iraultzea lortu dute eta 34-27 irabazten joan dira norgehiagoka amaitzeko hamar minutu geratzen zirenean. Belenos taldeak aldea murriztu du entsegu batekin eta Mikel Perezek txartel horia ikusi du azken txanpan. 60 metrotatik egindako jaurtiketa batekin lortu du garaipena kanpoko taldeak azken jokaldian.
Una patada desde 60 metros para ganar el partido. 🤯 @BelenosClub 🎯 #DHRugby pic.twitter.com/BZZGrizOj3
— División de Honor de Rugby (@DHFerugby) October 1, 2023
Ohorezko B Mailan, igotzea helburu duten Hernanik eta Getxok euskal derbia jokatu dute Landaren. Gipuzkoarrak irabazten hasi dira Jokin Oleak eta Unai Zuriarrainek egindako bi entseguri esker, nahiz eta bizkaitarrek aldea murriztea lortu atsedenaldi aurretik. 12-7 irabazten hasi da Hernani bigarren zatia, baina Getxo aurretik jarri da bigarren entsegu bat egin ondoren. Beñat Arizetak gauzatutako zigor kolpe bati esker garaipena lortu dute etxekoek.
𝐆𝐀𝐑𝐀𝐈𝐏𝐄𝐍𝐀 𝐆𝐔𝐑𝐄𝐀 𝐃𝐀!@hernanirugby 15@GetxoRugby 14#BultzaHernani | #HCRE pic.twitter.com/3EitUwxaQ4
— Hernani Club Rugby Elkartea (@hernanirugby) October 1, 2023
Partida gehiago izan dira asteburuan Ohorezko B Mailan. Bigarren jardunaldia jokatu da dagoeneko eta indartsu hasi dira Zarautz eta lehen postuan dagoen Universitario Bilbao. Gipuzkoarrek Bera Bera gainditu dute etxean (45-12) eta bizkaitarrek La Unica iruindarrak (65-6). Uribealdeak ere lehen garaipena eskuratu zuen Gijonen zelaian larunbatean (14-38) eta Gaztedik Oviedo taldeari irabazi zion (32-24).