Beroaren gainetik, Aferdi eta Pelayo gailendu dira Donostiako II. Maratoi Erdian
42 herrialdetako bi mila parte-hartzailetik gora ibili dira Gipuzkoako hiriburuan korrika beroari eta hezetasunari aurre eginez. Eguraldiak baldintzaturik, ezin izan dituzte iazko markak berdindu irabazleek.
Donostian igande eguerdi aurrean sekulako beroa eta hezetasuna izan da, baina horrek ez ditu hiruko II. Maratoi Erdian 42 herrialdetatik etorri diren 2.200 korrikalariak kikildu. Azkenean, Abderrahmane Aferdi marokoarra (1h02:56) eta Kantabriako Irene Pelayo (1h14:21) nagusitu dira. Biak ala biak bakarrik helmugaratu dira, lasterketaren azken kilometroetan arerio guztiak atzean uztea laga ostean.
Gizonezkoen lasterketa emakumeena baino estuago joan da. Izan ere Houssame Benabbou, Marokon jaio baina Extremaduran bizi den egungo 50 kilometroetako Europako txapeldunak aurreneko kilometroetan erritmoa markatu du. Bosgarren kilometrora iristerako Benabbou eta Aferdi biak elkarrekin bakarrik geratu dira aurrean, eta 21 kilometro pasatxoen azken laurdenera arte elkarrekin eman dute lasterketa.
Une txar askoa pasa omen du Aferdik hamabosgarren kilometro inguruan. «Zirkuito ona da hau markak egiteko, hain laua izanda, baina hamabosgarren kilometro inguruan ‘bareak’ jo nau eta momentu txarra pasa dut. Hala ere erritmoa mantentzea lortu dut, batez ere ikusleen animoei esker, eta handik aurrera amaierara aurrera jo ahal izan dut», aitortu du lasterketako irabazleak helmugan.
«Nire aurreneko txapela da hau eta pozarren nago. Ezin da denboraldia hobeto hasi!», aitortu du Aferdik. Ezin izan du, hori bai, iaz Ayed Lamdassem herrikideak ezarritako marka hobetu, zortzi segundora geratu den arren. Benabbou izan da bigarrena (1h03:17) eta Jorge Blanco (1h03:27), hirugarrena.
Erbia eta garailea
Irene Pelayok ez du parekorik izan emakumeen kategorian. Elena Loyo arabarrak, iazko irabazleak, hauxe izan du bere aurreneko lasterketa urtebeteren ostean eta hasierako kilometroetan Loyok berak ezarri du erritmoa.
Hasiera baten Zuiako korrikalariak hamargarren kilometrora arte segitzekoa zen, baina gorputza apur bat gehiago estutu eta hamaugarren kilometroraino jarraitu du. Elena Loyok lasterketa uzteaz bat, Irene Pelayok ez du parekorik aurkitu.
«Iaz hirugarren amaitu nuen eta nahi nuen ordukoa hobetzea. Ederra izan da benetan», onartu du Estatuko maratoi txapeldunak helmugara alde handiaz garaile iritsi eta gero. Yesica Masek (1h19:25) eta Sara Benedik (1h19:48 osatu dute emakumeen podiuma.