INFO
Elkarrizketa
Irati Iciar Madinabeitia
Topaguneko lehendakari berria

«Jendarte osoa gonbidatuko dugu, euskararen mundukoa izan edo ez»

1975ean Oñatin sortua, gasteiztarra da Irati Iciar; «euskararen periferiako» aire freskoa dakar. Geu elkartetik, UEUtik eta feminismotik jasotakotik emanen dio indartsu ikusten duen euskaltzaleen mugimenduari. Entzute aktibotik, horrek eginen dituelako zilegi jendarteari eraldaketa bat proposatzeko.

Irati Iciar Madinabeitia, irailaren 22an Ermuan egindako ekitaldian. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Elkarrizketa batetik bertzera dabil Irati Iciar. Plazerez hartu gaitu; alai, maitakor. Historia ikasi zuen arkeologo izan nahi zuelako eta Udako Euskal Unibertsitatera hurbildu zen «historia galdu nahi ez zuelako». Bertan segitzen du. Gasteizko mugimendu euskaltzalean ere badabil, Geu elkartean. Orain, Kike Amonarrizen lekukoa hartu du Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaritzan.

Zorionak! Nola ari zara bizitzen errelebo hau?

Eskerrik asko! Alde batetik pozez, harrotasun puntu batekin, mugimenduarentzat interesgarria den zerbait ikusi dutelako nigan. Ermuko ekitaldian jasotako maitasun uholdearekin, aje emozionala eta guzti izan nuen. Bestalde, ardura sentitzen dut. Topagunea bada norbait euskalgintzan. Trena martxan dago, eta ni bertara sartuko naiz. Badauka lan talde handi bat, profesionala, esperientzia duena, badauka bazkideen mugimendu indartsu eta kohesionatu bat ere, eta ni ekarpentxoa egiten saiatuko naiz. Ilusionatuta nago uste dudalako nigan ikusi dutela garai berri baten irudia: emakumea naiz, ikuspegi feminista daukat, arabarra naiz, eta euskararen periferiaren aire fresko hori ekarri nahiko nuke euskalgintzara.

Emakume handiz inguratuta eginen duzu bidea.

Ekitaldian, neure burua aurkeztu nuenean, bi alma mater aipatu nituen: bata UEU da. 20 urte daramat bertan lanean, eta aurretik ere egon nintzen kide moduan. Eskertu behar diot bertan ikasi dudalako borondatezko lanaren indarra eta beharrezkotasuna. Topaguneak ere euskaltzaleak ditu eta borondatezko lan hori euskara elkarteen bidez kanalizatzen du. Bigarren alma materra Gasteizko Geu elkartea da. Bertan ikasi dut zer den gune oztopatzaile batean euskaraz bizi eta lan egiteko gogoa izatea, Gasteiz eta Araba ze eskuzabala den, ze gauza berri eta fresko egiten diren. Ilusioa sumatzen dut eta hori Geu elkarteari zor diot.

Geuri esker Topagunearen zuzendaritzan sartu nintzen, baina langilea naiz, aktibismotik nator, UEUtik eta Geutik. Topaguneak badauka zuzendari bat, Jasone Mendizabal, berak ematen dio jarraikortasuna lantaldearekin batera. Ni ez naiz ideologo bat, ez naiz lider moduan arituko; lanera nator. Lan modu komunitarioan sinesten dut, hori da feminismoak erakutsitakoa; emakume, gizon eta genero ezberdinetako jende handiz inguratuta lan egingo dugu.

Handi horietako bat Kike Amonarriz da. Pandemiak baldintzatutako lau urtez izan da Topaguneko lemazain. Elkarrizketa egin nion hasieran, eta kontatzen zidan herriz herri ibiliko zela, pasioa transmititzen.

Hori da Kikerengandik jaso dudan ikaskuntzarik handiena, ze inportantea den koherentzia. Sinesten du eta praktikatzen du gertutasun hori, jendea motibatzea eta dantzan jartzea. Kike bera ere horrela ikusten dugu. Neu ere koherente izaten saiatuko naiz. Batez ere lanean eta lanerako.

 

«Azaroaren 18an Arrasaten egingo dugun hirugarren kongresuarekin gizarte eraldaketa bat probokatu eta proposatu nahi dugu, euskararen erabilera foku hartuta»



Topaguneak fase berri bat hasiko du. Batera Jauzi dinamika duzue abian eta azaroaren 18rako kongresua antolatzen ari zarete.

Sistema berri bat erabiltzea erabaki dugu, aldaketaren teoria, laborategi sozial bezala. Horren bidez Batera Jauzi fenomenoa sortu zen. Nik ere parte hartu dut eta oso aberasgarria izan da. Teoria honek esaten duena da inguruan aldaketa bat eragin nahi baduzu aldaketa hori zure baitan ere egin behar duzula. Hirugarren kongresuarekin gizarte eraldaketa bat probokatu eta proposatu nahi dugu, euskararen erabilera foku hartuta. Topaguneko hainbat pertsona eta euskal mundutik pixka bat aldenduta daudenak elkarrekin ari gara. Ezin dut asko aurreratu bazkideekin lantzen jarraitzen dugulako. Azaroaren 18ra ahalik eta adostuen eta landuen dagoen proposamen batekin iristea nahi dugu.

Euskalgintza osoan sentitzen da erabileran jauzi egiteko beharra. Zein da zuen proposamenaren ezberdintasuna?

Ikuspegi sistemikoa erabili dugu. Oso inportantea da gizarteak sistema baten moduan funtzionatzen duela ulertzea eta aldagaiak ondo identifikatzea, guztiekin lan egiteko. Proposamena euskal gizarte osoari egingo diogu, euskaren mugimendukoa izan edo ez. Gai gara gauza ederrak egiteko, baina ez gaude bakarrik, ezin dugu bakarrik, bidaideak behar ditugu.

 
«Multiaktibistak gara: klima, feminismoa, baztertuak, euskara... Guztietan ezin dugu indar bera ipini beti, baina ekimen ilusionagarriak proposatzen baditugu herritarrak aktibatu egiten dira»



Hor dago koxka, nola inplikatu jendea, pixka bat desaktibatuta gauden garai honetan.

Mugimendu sozialak guztiz desaktibatuta baino lausotuta, tristetuta sumatzen ditugu. Baina pandemian bi Euskaraldi egitea lortu genuen. Norbanakoak mobilizatuko dira proiektu ilusionagarri, eraginkor eta egingarri bat proposatzen badiezu. Hori badakigu. Ez da agian jarraian izango, proiektuka, tarteka aktibatuko dira eta gero desaktibatu. Multiaktibistak gara: feminismoan ari gara, klima aldaketaren aurka, herriko baztertuen alde, euskara bultzatzen... Guztietan ezin dugu indar bera ipini une oro, baina ekimen ilusionagarri eta parte-hartzaileak proposatzen baditugu herritarrak aktibatu egiten dira.

Digitalak ere bere garrantzia du hor, ezta?

Justu pandemiak kontzientzia hori eman digu. Urte askoan lan egin dugu aurrez aurrekotasuna eta birtuala aparte egongo balira bezala, baina konturatu gara dena bat dela. Jauzi bat gertatuko bada, digitalean ere gertatuko da, aurrez aurrekoaren aldi berean.

 

Irati Iciar Madinabeitia gasteiztarra da eta UEUn egiten du lan, Eibarren. (Aritz LOIOLA/FOKU)



Momentu berezian gaude. Alde batetik, joera atzerakoi bat dago hizkuntza gutxituak kolpatzen, oldarraldi judiziala horren adibide. Bertzetik, agendaren erdian dago auzia.

Inoiz baino presenteago daude hizkuntza gutxituak. Espainiako Kongresuan erabili ahal izatea sinbolikoa da; Europan ere zein maila eta modutan erabili ahal izatearen auzia hor dago. Guretzat positiboa izan da jende askorengana iritsi delako: ‘Kontxo, bada aberastasun lingustiko bat nire inguruan’. Oldarraldiari dagokionez, irmo egin behar zaio aurre, komunitate oso bat erasotzen delako. Azaroaren 4ko mobilizazioak indar erakustaldi bat izan behar du.

Entzute aktibotik egin nahi duzu lan.

Poz-pozik nago euskaltzaleen mugimendua indartsu ikusten dudalako, baina baditugu etxeko lanak: nola erakarri gazteak, nola erakarri migranteak. Zer inportantea den entzute aktibotik edatea, horrek bakarrik egingo gaituelako zilegi eta emango digulako indarra gizarte eraldaketa hori bideratzeko eta proposatzeko. Kongresuan hamar urterako ildoak markatuko ditugu. Guztia bazkideekin kontrastatuko dugu, egunero euskararen biziberritzea lantzen ari direnekin. Badugu indargune hori: pentsamendu globala eta tokian toki eragiteko gaitasuna. Tokian toki uhinak sortuko dira eta uhin horiek batzen, handitzen, euskal gizarte osoa zipriztintzen joango dira.

Euskararen inguruan aktibatutako herritar ugarirengana iristen zarete. Ipar Euskal Herriko Topagunea sortzea ere lortu duzue.

Hori izan da Kikeren garaiko lorpen handietako bat. Mugimendua bazen aurretik baina erakundetzeak indarra ematen dio. Euskal Herri osoan 100 bazkide inguru ditugu, hauek euskara elkarteak dira eta kideak dituzte.

Kukulaisi ere baduzue.

Entzumen aktibo horren emaitza da, bere garaian Tokikom bezala. Euskararen erabileran aisialdiak pisu handia dauka. Bilgunea da Kukulaisi.