Eskoziarren aurrera egiteko kuraia eta final-zortzirenetako kanporaketak
Ez da inolako ezustekorik izan Munduko txapelketan eta multzoetako faseko azken jardunaldian erabakiko dira final-laurdenetarako txartelak. Argentinak eta Japoniak final moduko bat jokatuko dute eta Eskoziak Irlandaren kontrako garaipen handi bat behar du aurrera egiteko.
Irlandak Munduko txapelduna den Hegoafrika mendean hartu arren final-laurdenetarako sailkapena ziurtatu gabe dauka. Multzoen faseko azken jardunaldian erabakiko aurrera egingo duen Parisen Eskoziaren aurka jokatu behar duen norgehiagokan. 80.000 zale elkartzea espero da harmailetan partida gogoangarri bat ikusteko.
Eskoziak garaipena lortzearekin batera, Irlandak bonus puntuak lortzea ekidin beharra dauka. Gregor Townsend entrenatzaileak nabarmendu duen bezala, Munduko txapelketa batean inoiz egin duten partidarik borobilena burutu beharko dute. Ez da batere samurra izango.
Irlandak oso indartsu dagoela erakutsi du. Munduko talderik onena da eta atseden hartzeko astia izan du Hegoafrikaren kontrako partida gogorra irabazi ostean. Irlandak ematen duen mailan egongo da gakoetako bat.
Eskozia gogotsu iritsiko dela argi dago. Errumaniari sekulako jipoia eman zioten larunbatean (84-0) eta hamabi entsegu lortu zituzten. Azken partidan 7 eta 22 irabazi zuten irlandarrek Sei Nazioetan. Joan den urteko torneoan ere Irlandak garaipena lortu zuen eta 26-5 menderatu zuen Eskozia Dublinen jokatutako partidan. 2021eko edizioan ere 24-27 gailendu ziren irlandarrak Murrayfield-en eta 2020an ere nagusitu ziren etxean (19-12).
Bien bitartean, Hegoafrikak etxeko lanak egin zituen igande gauean Tongaren kontra (49-18) eta final laurdenetarako txartela poltsikoan daukala esan daiteke. Kalean geratuko litzateke Eskoziak Irlandaren aurka 21 puntu baino gehiagorengatik irabaziko balu, lau entsegu baino gehiago lortu eta irlandarrek ere egingo balituzkete.
Irlandaren kontrako porrotean puntu ugari galdu zituen hankarekin egindako jaurtiketetan, baina kanporaketa erabakigarriak jokatzeko unea heltzerakoan berreskuratu dute Handre Pollard. Ez zuen hutsik egin Tongaren aurka. Mapimpi hegalekoak, ordea, matrail hezurra apurtu zuen eta ezingo du gehiago jokatu.
Zelanda Berriak eta Frantziak eskura
Eskoziaren eta Irlandaren arteko emaitzak baldintzatuko du zeintzuk izango diren final laurdenetarako kanporaketak. A multzoan Zelanda Berriak eta Frantziak eskura daukate sailkapena. Munduko txapelketa etxean jokatzen ari den selekzioak Italiaren kontra neurtuko ditu indarrak eta garaipen batekin lehen postua ziurtatuko luke ostiralean Lyonen jokatuko den partidan. Italiak, Eskoziarekin gertatzen den bezala, aurrera egiteko aukerak ditu.
Hala ere, Zelanda Berriaren kontra jasotako jipoiarekin (96-17) Frantziari gailentzea ezineskoa dirudi. Goi mailako selekzioen eta gainontzekoen arteko aldeak oso handiak izaten jarraitzen dute eta ez da ezusteko emaitzik gertatu txapelketan zehar. Namibiari irabaztea lortu zuen Uruguayk Zelanda Berriaren kontra irekiko du azken jardunaldia ostegunean.
Australiaren itxaropena eta kanporaketa bat
Multzoetako fasean hirugarren postuan amaitzen duten selekzioek ere hurrengo Munduko txapelketarako sailkapena eskuratuko dute. Krisi larrian dagoen Australian ospatuko da 2027an. Eddie Jonesek zuzentzen duen taldea kanporatua izateko zorian dago Fiyi eta Galesen kontra galdu ostean. Portugalen aurkako garaipenak (34-14) itxaropena ez galtzeko aukera eman dio Australiari, baina aurrera egiteko Fijik galdu egin beharko luke azken jardunaldian. Uste baino gehiago kosta zitzaion arren Georgiari irabaztea (17-12), zaila dirudi Fijik Portugalen aurka huts egitea.
Bonus punturen bat lortuta ere aurrera egingo luke Fijik. Baionan eta Biarritzen jokatutako Patrice Lagisquet entrenatzaileak lan bikaina egin du Portugalekin, baina erronka zailegia dirudi.
Berdintasun gehien D multzoan egon da. Ingalaterrak sailkapena ziurtatuta dauka eta Samoaren kontra neurtuko ditu indarrak azken jardunaldian. Bigarren txartela Argentinaren eta Japoniaren arteko norgehiagokan erabakiko da. Bi taldeak puntutara berdinduta daude sailkapenean eta irabazten duenak aurrera egingo du.
Emaitzak ikusita, Argentinak faboritoa dirudi, baina Michael Cheika hautatzaileak gogoratu duen bezala 2019ko Munduko Txapelketan Japoniak final-laurdenak jokatu zituen eta Argentinak ez. Nantesen jokatuko da igande eguerdian final-zortzirenetako kanporaketa bat ematen duen norgehiagoka. Argentina erraz gailendu zitzaion Chileri azken partidan (59-5) eta Japoniak Samoa menderatu zuen (28-22).
Bestalde, Tongak eta Errumaniak txapelketako azken partida jokatuko dute eta Georgiak ere dagoeneko final-laurdenetarako sailkatua dagoen Galesen aurka agur esango dio torneoari.