INFO

Beren aldarrikapenak kaleetan entzunarazi dituzte pentsiodunek Adinekoen Egunaren biharamunean

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak deituta, manifestazioak egin dituzte hiriburuetan eta beste hainbat herritan ere. Bilbon, Babestu Bizkaia elkartearekin batera atera dira kalera eta Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiari eskutitza helarazi diote.

Pentsiodun ugarik egin dute bat Donostiako mobilizazioarekin. (Jon URBE | FOKU)

Asteleheneroko elkarretaratzeen ordez manifestazioak egin dituzte astelehen honetan pentsiodunek Hego Euskal Herriko hiriburuetan, baita beste hainbat herritan ere. Adinekoen Nazioarteko eguna izan zuten atzo eta, horregatik, berezia zen gaurko protesta. Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak deitu ditu mobilizazioak eta Euskal Herriko zaintza erabiltzaileen eta familien elkarteak batzen dituen Zaintza Babesten federazioko kideen babesa izan dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.

Bilboko mobilizazioa udaletxetik abiatu da eta Buenos Aires kalean gora abiatu dira ehunka pentsionista, Babestu Bizkaia elkarteko kideekin batera, Kale Nagusian barneratu eta Foru Jauregiaren aurrera iritsi arte. Bertan, Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduko Lola Gomezek eta Babestu Bizkaiako Iraide Urrizek eskutitza helarazi diote Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiari. Idatzian azaldu diote bost urte baino gehiago daramatzatela BPMk eta Babestu Bizkaiak bilera bat eskatzen, dauzkaten eskariak azaltzeko.

Bilboko mobilizazioan ehunka pentsionistak hartu dute parte. (N. L.)

Halaber, adierazi diote adinekoen bizi baldintza duinak ez daudela bermatuta, Hego Euskal Herrian 200.000 pentsiodun baino gehiago bizi direlako 1.080 eurotik beherako pentsioekin, «eta horrek ez die uzten oinarrizko beharrei aurre egiten».

Era berean, eskutitzean kritiko azaldu dira mendekotasuna duten pertsonak artatzeko baliabideen pribatizazioarekin, zerbitzua garestitu eta honen kalitatea zein lan baldintzak okertzen dituela iritzita. Gomezek eta Urrizek mobilizazioren amaieran azaldu dituzte BPMren zein Zaintza Babesten federazioko kide den Babestu Bizkaiaren aldarriak, bereziki azpimarratuz 1.080 euroko gutxieneko pentsioa.

Horrez gain, Gasteizeko eta Iruñeko gobernuei galdegin diete mendekotasuna duten pertsonak artatzeko kalitatezko sistema publikoa garatzea, eta EAEn, zehazki, zahar-etxeen inguruko dekretuaren zirriborroan zuzenketak egitea, betiere gizarte-eragileen parte hartzearekin.

Gasteizeko mobilizazioa Plaza Berritik abiatu da, udaletxe aurretik alegia, Iruñean bezala. Donostian Alderdi Eder izan dute abiapuntu eta, Bilbon egin bezala, gutuna helarazi diote Eider Mendoza Gipuzkoako Ahaldun Nagusiari. Nafar hiriburuan, bestalde, manifestazioa egin zuten ere igandean, ‘Mayores contra la Crisis’ plataformak antolatuta.