INFO

Xabier Mendiguren Bereziartu hil da, Kontseiluaren aurreneko lemazaina eta itzultzaile oparoa

Xabier Mendiguren Bereziartu hil da, gaixotasun baten ondorioz. Ezkion sortu zen, 1945eko uztailaren 13an. Euskalgintzaren Kontseiluko lehenbiziko idazkari nagusia izan zen. Euskarazko itzultzaile oparoenetakoa zen, baita idazlea eta ohorezko euskaltzaina ere. Doluminak eta esker ona gailendu dira.

Xabier Mendiguren Bereziartu, Heinrich von Kleisten ‘Michael Kohlhaas’ eleberriaren itzulpena aurkezten, Iruñeko Katakrak-ekin, 2019an. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Xabier Mendiguren Bereziartu idazle, itzultzaile, euskaltzain eta Kontseiluko idazkari nagusi ohia hil da bart gauean, 78 urte zituela, eritasun baten ondorioz.

Mendiguren Euskalgintzaren Kontseiluko aurreneko lemazain gisa egin zen batez ere ezagun. Baina Euskal Herrian itzulpengintza modernizatu zuten eragile handienetako bat ere izan zen. Egile ugari jarri zituen euskal irakurleon esku, Shakespeare, Dickens, Pavese eta Zweig adibidez. Alemanetik zuzenean euskaratzen lehena izan zen, filosofia erruz itzuli zuen, Schopenhauer eta Nietzsche kasu, antzerkia ere bai, eta teorialaria eta irakaslea izan zen. Maite zituen hizkuntzak; dozena bat ikasi zituen.

Iñaki Mendiguren itzultzailearen anaia zen.

Haren beila asteazkenean izanen da, Errekaldeko bailatokian, arratsaldeko lauretatik zortzietara.

Xabier Mendiguren Bereziartu, Kontseiluaren bulegoan, 2008an, idazkari nagusi zela. (Gari GARAIALDE/FOKU)

1998tik 2010era bitarte, hamabi urtez, Kontseiluko idazkari nagusia izan zen. 2022ko abenduan, antolakundearen 25. urteurrenean, hala adierazi zion Naiz Irratiari: «Kontseiluak kohesioa eta bide berriak ekarri zizkion euskararen normalizazioaren bideari».

Horrela oroitu zuen elkarrizketa hartan Kontseiluaren sorrera: «Urteak aurrera zihoazen eta gauzak egiten ziren. Baina oraindik euskal giroa Euskal Herri osoan ikusteko asko falta zen eta horri bultzada bat eman behar zitzaion; hitz batean esateko, euskararen normalizazioa behar zen, euskaldunen artean erabili ahal izateko eta kanpotik datozenek arazorik gabe ikasi ahal izateko».

Erronka horretan era guztietako eragileek parte hartzen zuten: «Egoera nahiko zatikatua zen, jende asko ari zen lanean, talde desberdinetan, baina elkartasuna behar zen». Ilusio handiz, jende pila bat konbentzitu zuten lankidetzan aritzeko. «Horrek animoa eman zigun eta gizartean giro bat sortzea lortu genuen poliki-poliki». Bai Euskarari kanpainan, estadioak betez, indar handia hartu zuten.

2010ean, Xabier Mendiguren Bereziartuk Paul Bilbao Sarriari pasatu zion Kontseilua gidatzeko testigua. (FOKU)

«Euskararentzako bizitza bat izan da»

Idurre Eskisabel gaur egungo Kontseiluaren idazkari nagusiak esker ona bertzerik ez du Mendigurenentzat eta haren ingurukoentzat. «Euskaraz bizitzeko ahaleginean, ez bera bizitzeko ahaleginean, baizik eta hori euskaraz ardazten garenontzat kolektiboki egiazko errealitate, egiazko posibilitate izan dadin ahalegin horretan, euskararentzako bizitza bat izan da Xabierrena», adierazi du.

Hori «oso modu berezian» egin zuela erantsi du, «oso ongi ulertuta ahalegin horrek, proiektu horrek, euskaraz bizitzeak esan nahi duen horrek guztion bultzada eta ekarpena behar duela. Horregatik Kontseiluko konpromisoa ere. Ekimen honen lehen bulkadan gai izan zen, hori zen bere gaitasun handietako bat: besteak ondo hartzekoa eta desberdinak artikulatzekoa. Oso ondo ulertu zuen eta oso ondo ulertarazi zigun bide honetan euskaltzale guztion eta hizkuntzen berdintasunean sinesten dugun guztion ekarpena ezinbestekoa dela, bakoitzak bere lan eremu eta sektoretik eginda, bakoitzak bere ikuspuntutik».

 

 

Euskara batuaren aitzindarietako bat

Xabier Mendiguren Bereziartu Ezkion jaio zen 1945eko uztailaren 13an. Filosofia eta Letratan lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean, eta euskara eta euskal literatura irakatsi zituen.

Euskara batuaren oinarriak paratu zirenean, hizkuntza ulergarri, zehatz eta komunikatibo bat sortzeko xedearekin, erronka horri heldu zioten aitzindarietako bat izan zen. Euskaraz idazten trebatzeko hainbat ikastaro eman zituen.

Belaunaldi horrek itzultzeko modu berriak ekarri zituen. Itzulpen literala ez baizik eta testu ulergarriak lortzea zen helburu nagusia, nahiz eta testuaren egitura pixka bat aldatu.

Ikastolak zabaldu ziren garaian, 1974an, Iker taldearen fundatzaile izan zen. Bertan Saioka euskarazko lehen ikasliburuak sortu zituen kide ugarirekin, bertzeren artean, Jose Ramon Etxebarria, Xabier Kintana, Imanol Añon, Iñaki Antiguedad, Kepa Martinez de Lagos eta Karmele Baelo.

Itzulpena airea bezalakoa da

Geroago, Martuteneko Itzultzaile Eskolaren sorreran parte hartu zuen. Hango irakasle eta zuzendari izan zen 1990era arte. Eskola horren fruitu izan ziren Eizie Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea eta ‘Senez’ aldizkaria, itzultzaile eta itzulpengintzaren ikerlarien erreferentzia garrantzitsua.

«Airearekin bezala gertatzen da, garbia denean inor ez da hartaz ohartzen, kutsatzen denean sentitzen dugu haren mira; berdin gertatzen da itzulpenekin ere», erran zuen Eizien egindako elkarrizketa batean, 2012an.

Xabier Mendiguren Bereziartu Ezkion sortu zen, 1945ean. (Gari GARAIALDE/FOKU)

‘Pentsamenduaren Klasikoak’ bildumaren zuzendari teknikoa izan zen Mendiguren. Haur literaturako itzultzaile nekaezina izan zen, batez ere ingelesetik eta alemanetik. 1989an literatur itzulpenik onenaren Euskadi Saria jaso zuen ‘Xiberotar bat Nevadan’ liburuarengatik (Sweet promised land, Robert Laxalt).

Traduktologiaren teorizatzaile handietako bat

Euskaraz traduktologiaren inguruan jardun zuen egilerik oparoenatakoa ere izan zen. Itzulpengintzari buruz teorizatu zuen, eta euskarazko itzulpengintza periodizatu eta aztertzeko lehen saiakerak gauzatu. ‘Itzulpen teoriazko ezagupenak’ (Lazkao, Pax, 1983),‘Itzulpengintza, historia eta teoria’ (Donostia, Elkar, 1995) eta ‘Euskal Itzulpengintzaren Historia Laburra’ (Donostia, Elkar, 1996) saiakeretan irakur daitezke bere analisiak, edota ‘Senez’, ‘Riev’ eta ‘Jakin’ aldizkarietako hamaika artikuluetan.

‘Europako ezker berria’ (1972, Mensajero) eta ‘Euskal historian zehar’ (1980, Ikastolen Elkartea) saiakerak idatzi zituen, baita ‘Iparragirre’ (1981, Elkar) biografia eta ‘Bi istorio’ (1997, Elkar) narrazioa ere.

Elhuyar Hiztegiaren 2013ko bertsioa egin zuen taldea zuzendu zuen Miren Azkarate eta Xabier Kintanarekin batera. Zenbait lan lexikografiko euskaratu zituen eta EITBrentzat ere egin zituen itzulpen lanak.

2021ean, ohorezko euskaltzain izendatu zuen Euskaltzaindiak.

Korrikaren lekukoa eramaten, Edurne Brouard garaiko ekimenaren arduradunarekin, 2007an Iruñean. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Dolumin mezuak

Mendigurenen heriotzaren berri izan ostean, Idurre Eskisabel idazkari nagusiak bezala, Kontseiluak berak ere euskararentzat bizi izan dela nabarmendu du.

 

Xabier Mendiguren bere izenkide eta idazleak ere euskararen alde egindako lana goraipatu du. 

Politikaren alorretik ere iritsi dira dolumin mezuak, esaterako Maddalen Iriarte EH Bilduko batzarkide eta Arkaitz Rodriguez Torres Sortuko idazkari nagusiarenak.