INFO

Kevin McCarthy AEBetako Ordezkarien Ganberako burua kargugabetu egin dute

AEBetako Ordezkarien Ganbera presidenterik gabe geratu da. Kevin McCarthyk akordiora iritsi zen demokratekin eta zenbait errepublikano moderaturekin Gobernuaren itxiera eragozteko. Horrek sutu egin zituen eskuindarrenak. Demokratek argi utzi zuten bere etxe barruan bilatu behar zuela babesa.

Kevin McCarthy, Ordezkarien Ganberako presidente ohia. (Chip SOMDEVILLA | AFP)

Ameriketako Estatu Batuetako Ordezkarien Ganbera presidenterik gabe geratu da. Kevin McCarthy errepublikanoak bederatzi hilabete baino gutxiago egin ditu Nancy Pelosi urteetan izandako aulkian. Larunbatean McCarthyk akordioa lortu zuen demokratekin eta zenbait errepublikano moderaturekin, AEBetako Gobernuaren itxiera eragozteko. Horrek sutu egin zituen diputatu eskuindarrenak.

Matt Gaetz Floridako ordezkari ultrak salatu zuen McCarthyk Joe Bidenekin Ukrainari buruz akordio sekretua zeukala: akordiotik kanpo egonda ere herrialdea finantzatzen jarraitzeko. Atzo berriz aipatu zuen «diru gehiago dago Ukrainarako gure hegoaldeko muga zaintzeko baino».

Hala, igandean iragarri zuen McCarthy alderdikidea kargutik kentzea proposatuko zuela. Biharamunean, astelehenean, horretarako mozioa aurkeztu zuela baieztatu zuen Gaetzek.
McCarthyk ez zuen alferrik itxaron nahi izan, eta astearteko saioaren hasierara eraman zuen mozioaren bozketa, presidente-aulkia kolokan zuela jakinik.

Ordezkarien Ganberako osaerarekin –221 ordezkari errepublikano, 212 demokrata– aski zen bost errepublikanok alderdiaren aurka bozkatzea, gehiengoa kolokan jartzeko.

Bozketaren aurretik, zazpik iragarri zuten aurkako botoa; azkenean zortzi errepublikano agertu dira McCarthyren aurka (216-210). Joan den urtarrilean Donald Trumpek sartu behar izan zuen errepublikanoen kalapitaren erdian, McCarthyk gutxieneko babesa lortzeko. Azkenaldian presidente ohiak adierazi izan du ez dagoela pozik Ordezkarien Ganberako buruarekin, eta oraingo honetan ez du hura salbatzeko ahaleginik egin Trumpek.

Eztabaidan hogei ordezkari inguruk parte hartu dute, denak ere errepublikanoak. McCarthyren alde mintzatu dira gehienak, hura kanporatzea hanka-sartze historikoa zela ohartaraziz. Haien alderdikide Andy Biggsek eta Matt Gaetzek, aldiz, gogor kritikatu dute Ganberako presidentea, erabateko kaosa ekarri izana leporatuz.

Demokratek ere argi utzi dute McCarthyk bere etxe barruan bilatu beharko zuela babesa. Ezin ahaztu duela hilabete baino gutxiago iragarri zuela Ganberako buruak Joe Biden presidentearen aurkako impeachment edo kargugabetze-prozesua, eta ikerketaren lehen saioa joan den astean izan zela. Ganberako sektore muturrekoena baretzeko ahalegina McCarthyren porrota izan da: argi dago ez direla konformatzen, eta era berean demokratengana hurbiltzeko izan zitzakeen zubiak zartarazi zituen.

Ez dago argi orain zer gertatuko den, ezta nork ordezkatuko duen McCarthy ere, Kongresuaren 234 urteko historian sekula ez baita halakorik gertatu. AEBetako Kongresura blokeoa dakar honek. Speaker berri bat egon arte, ezin da legerik onartu.

Oposizio demokrata eta errepublikano ultren artean

Kevin McCarthy aurtengo urtarrilean bilakatu da Ordezkarien Ganberako lehendakari. Iragan azaroko hauteskundeetan, errepublikarrek gehiengoa kendu zieten demokratei Kongresuko Behe Ganberan, baina oso tarte txikiagatik. 221 ordezkarirekin, gehiengo absolutua baino hiru diputatu gehiago besterik ez dituzte. Errepublikanoen arteko zatiketak eta haietako askok Donald Trumpekiko duten leialtasunak konplikatu egin zuten Ganberako presidentearen hautaketa; hamabost bozketa egin behar izan ziren McCarthy aukeratua izan aurretik. 

Bederatzi hilabete hauetan, Ganberako eledunak desadostasun handiak izan ditu Freedom Caucus-eko diputatu ultraeskuindarrekin –batik bat Floridako ordezkari Matt Gaetz-ekin–, bere lana behin eta berriro oztopatu baitute. Hala ere, ez du demokratengana hurbildu nahi izan akordio bila.