Hirugarren greba eguna Bizkaiko ostalaritzan: «Dena doa gora, gure soldatak izan ezik»
Greba egiten ari dira Bizkaiko ostalaritzako langileak eta hirugarren eguna izan dute asteazken honetakoa. Salatu dute 2018koa dela azken hitzarmena eta 2020tik ez dietela soldata igo. ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuak datorren astelehenean bilduko dira Bizkaiko Ostalaritza Elkartearekin.
«Dena doa gora, gure soldatak izan ezik», azaldu dio NAIZi Iranzu Castresanak. Jatetxe bateko langilea da eta Bizkaiko ostalaritzan ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deitu duten hirugarren greba egunarekin bat egin du asteazken honetan. Bilboko Silken Indautxu hotelaren aurrean egin dute elkarretaratzea eta tentsio uneak ere bizi izan dira, zuzendaritzak Ertzaintza deitu baitu.
Greba komiteak hotelera sartu nahi izan du, greba egiten ari ziren langileak ordezkatu dituztelako susmoa baitzuten, baina poliziak ez die sartzen utzi eta lan ikuskaritza deitu dute. Ondoren, Bilboko kaleetan zehar jarraitu du mobilizazioak.
LAB sindikatuko Iñigo Alonsok patronalaren jarrera salatu du, sindikatuek deitu behar izan baitute datorren astelehenean egitekoak diren bilera. ELAko Marije Fernandezen arabera, otsailetik ez dira Bizkaiko Ostalaritza Elkartearekin batu eta sindikatuek eskaerak mahai gainean jartzeko beharra dute.
Besteak beste, KPIaren araberako soldata igoera eskatzen dute. «Eskaintzen digutena % 5eko igoera da, eta ez gara horrekin konformatuko», azaldu du Fernandezek. Izan ere, KPIaren araberako igoera akordiora heltzeko gutxiengoa da alde sozialarentzat eta, Alonsok jakitera eman duenez, % 12ko igoera ekarriko luke neurriak.
«Azken hitzarmena 2018koa da eta 2020ra arte aurreikusten zituen igoerak», adierazi du Alonsok. Beraz, 2020tik ostalaritzako langileei ez dizkiete soldatak igo, nahiz eta pandemiaz geroztik sektoreak gorakada handia izan duen.
Castresanak azaldu du ez dela soldata sektoreko langileek duten arazo bakarra: «Nahi dugu ordutegiak ahal den neurrian errespetatzea, hortik kanpora egiten ditugun orduak kontrolatuta egotea eta etxez etxeko banatzaileak ere hitzarmenean sartzea, egun autonomo bezala ari direlako».
Halaber, salatu du pandemiaz geroztik sektoreak gora egin duen arren, langileen baldintzek okerrera egin dutela: «Lehen ordutegia aldatu behar bazizuten 72 ordu lehenago abisatu behar zizuten, orain bi egun lehenago egin dezakete». Era berean, kritiko azaldu da jendarteak gaiarekiko duen jarrerarekin, uste baitu «normaltzat» jotzen dela ostalaritzan baldintza oso txarretan lan egitea.
Datorren astelehenean bilduko dira ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuak Bizkaiko Ostalaritza Elkartearekin, Lan Harremanen kontseiluan. Fernandezek argi utzi nahi izan du negoziatzeko borondatea badaukatela eta patronalak jarrera bera agertu ezean urriaren 11n eta 12an greba egingo dutela.
Jarraipen zabala
LABeko zein ELAko ordezkariek azaldu dute sektorea konplexua dela antolaketa sindikalari dagokionean eta greba bereziki lantoki handietan eta Bilboko hoteletan eragiten ari dela, baita Loiuko aireportuko kafetegietan ere. Halaber, besteak beste itunpeko hainbat eskolatako jantoki zerbitzuari ere eragin dio lanuzteak, Gasta eta Baska bezalako enpresetan ere deituta baitzegoen greba.
Biek ala biek ziurtatu dute % 60-70 inguruko jarraipena izan duela grebak, nahiz eta, atomizatutako sektorea izanda, zaila den datu zehatzik ematea.