INFO

Amaia Gabantxok lortu du, bigarrenez, Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen Saria

Amaia Gabantxok irabazi du Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen Saria, Miren Agur Meaberen ‘Hezurren erretura’ lana ingelesera itzultzeagatik. Bermeon jaio zen Amaia Gabantxo 1973an eta lan eskerga egin du itzulpen arloan.

Amaia Gabantxo eta Miren Agur Meabe, gaur Bilbon. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Amaia Gabantxo itzultzaile bermeotarrak eskuratu du aurtengo Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen Saria, Miren Agur Meaberen ‘Hezurren erretura’ eleberria ingelesera itzultzeagatik. Parthian Books argitaletxe galestarrak argitaratu du lana, ‘Burning Bones’ izenburupean. Itzultzaileak eta argitaletxeak 4.000 euroko saria partekatuko dute eta, horrez gain, 2.000 euro arteko laguntza jasoko dute argitalpenaren sustapenerako. Gabantxok bigarren aldiz jaso du saria, 2018an ere irabazi baitzuen.

Bilboko Bidebarrieta Kulturgunean egin da sari emate ekitaldia ostegun honetan, eta betan izan dira Bingen Zupiria Lakuako Gobernuko bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria, Jokin Gorriti Laboral Kutxako ordezkaria, Amaia Gabantxo itzultzailea eta Miren Agur Meabe idazlea.

Jokin Gorriti Laboral Kutxako ordezkariak, Imanol Otaegi Etxepare Euskal Institutuko euskal kultura sustatu eta hedatzeko zuzendariak, Elizabete Manterola eta Naroa Zubillaga EHUko irakasle eta EIZIEko kideek eta June Monroy Etxepare Euskal Institutuko komunikazio teknikariak osatu dute epaimahaia Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen Sariaren bederatzigarren edizioan.

Jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratutako literatura lan baten itzulpen lana saritzeko asmoz sortutako lehiaketan, obraren itzulpena eta argitaletxearen sustapena baloratzen dira. Hain zuzen, Amaia Gabantxoren ibilbidea eta egindako itzulpen lana eta Parthian Books argitaletxearen potentziala eta euskal literaturarekiko interesa nabarmendu du epaimahaiak.

Horrela, itzulpena «kalitate handikoa» izateaz gain, «zuzenean euskaratik hizkuntza nagusi batera egindako itzulpena izatearen garrantzia» nabarmendu du sariaren epaimahaiak.

Bestalde, Parthian Books argitaletxearen euskal kultura testuinguru ingelesean zabaltzeko potentziala ere aitortu nahi izan dute, bigarren aldiz plazaratu baitu Miren Agur Meaberen eleberri bat ingelesez. Meaberen bi obraz gain, Karmele Jaioren ‘Amaren eskuak’ lana ere argitaratu du ingelesez.

Bere hitzaldian, Zupiriak balioan jarri nahi izan du Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen Sariaren emaitzak duen eragina. «Gure literaturari mugak zabaldu eta beste kultura eta hizkuntza batzuetan ere gure sormen literarioa eta gure idazleen talentua ezagutarazteko balio du», esan du.

Idazlea, abeslaria eta itzultzailea

Amaia Gabantxo (Bermeo, 1973) idazlea, flamenko abeslaria eta euskal literaturan espezializatutako itzultzailea da. Lan eskerga egin du itzultzaile moduan, eta berari esker itzuli dira ingelesera ‘Twist’ eta ‘Belarraren ahoa’ (Harkaitz Cano), ‘Kristalezko begi bat’ (Miren Agur Meabe), ‘Zorion perfektua’ (Anjel Lertxundi), ‘Vredaman’ (Unai Elorriaga), ‘Borrokaria’ (Bernado Axaga), ‘Harri eta herri’ eta ‘Maldan behera’ (Gabriel Aresti) eta orain saritua izan den ‘Hezurren erretura’ (Miren Agur Meabe), besteak beste.

Kolaboratzailea da hainbat literatura argitalpenetan, kritikari zein editore gisa. Euskara, literatura eta sormen idazkera irakaslea izan da University of East Anglia, University of Chicago eta School of the Art Institute in Chicago zentroetan, eta azken urteetan Irlandan, Britainia Handian eta Amerikako Estatu Batuetan argitaratu eta jardun du.

Bere saiakerak eta fikziozko lanak ‘Words Without Borders’, ‘The New Engagement’, ‘The Massachusetts Review’ eta ‘The TLS’ argitalpenetan agertu dira, besteak beste, eta hainbat sari jaso ditu, esate baterako, Wingate beka (2001), OMI Writers Translation Lab saria (2015) edo Etxepare-Laboral Kutxa itzulpen Saria (2018).

Parthian Books

Parthian Books Galesko Cardigan hirian egoitza duen argitaletxe independentea da. 1993an sortu zen, eta ordutik, literaturaren ahots aniztasuna zabaltzea xede, idazle berrien lanak, Galesko literatura klasikoaren eta garaikidearen obrak eta Europako beste hizkuntzetatik ingelesera itzulitako lanak argitaratzen ditu.

Gaur egun, bi bildumen bitartez sustatzen beste hizkuntzetatik ingelesera itzulitako lanak: Parthian Baltics Series, fikzioan eta poesia baltikoan oinarritua, eta The carnival of voices, Europako hizkuntzetatik itzulitako eleberrietan oinarrituta. Azken bilduma horretan aurki daitezke euskara, letoniera, katalan, txekiera, frantses, eslovakiar eta turkieratik itzulitako eleberriak.

Argitaletxeak, orain saritua izan den lanaz gain, beste bi euskal obren itzulpenak argitaratu ditu dagoeneko: ‘Kristalezko begi bat’ (Miren Agur Meabe) eta ‘Amaren eskuak’ (Karmele Jaio). 2022ko udan argitaratu zuen ‘Burning Bones’ eleberria.