INFO

‘Euskaraz barra-barra’ kanpainaren ihes-gela ibiltaria abiatu da Donostian

Donostian egin du lehen geldialdia ‘Euskaraz barra-barra’ kanpainaren ihes-gela, asteburuko txanda guztiak erreserbatuta dituela. Egitasmoa sustatzeko eta gizartearen aktibazioari bultzada emateko helburuarekin, guztira Euskal Herriko 13 herri zeharkatuko ditu ihes-gelak.

Donostian egin du lehen geldialdia ‘Euskaraz barra-barra’ kanpainaren ihes-gela ibiltariak. (IREKIA)

‘Euskaraz barra-barra’ kanpainaren ihes gela ibiltariak Donostian hasi du ibilbidea ostiral honetan, asteburuko txanda guztiak dagoeneko erreserbatuta daudela. Egitasmoa sustatzeko eta gizartearen aktibazioari bultzada emateko antolatu den ekimenak 13 udalerri bisitatuko ditu, eta, Donostian izan ondoren, Elizondon, Laudion, Bermeon, Elgoibarren, Balmasedan, Errenterian, Gasteizen, Andoainen, Zumarraga-Urretxun, Portugaleten, Zornotzan eta Mungian egongo da, Lakuako Gobernuak jakinarazi dutenez.

Merkataritzan eta ostalaritzan euskaraz hitz egiteko guneak identifikatzeko sortu da ‘Euskaraz barra-barra’ marka, Lakuaren, Nafarroako Gobernuaren eta Euskararen Erakunde Publikoaren eskutik, Hiruko Itunaren barruan. Kontsumitzailea erdigunean jarri eta estres linguistikoa murrizteko asmoz, euskararen lurralde osora zabalduko da egitasmoa datozen hilabeteetan. Hasieran eremu pribatuan jarriko da martxan, eta etorkizunean pixkanaka eremu publikora hedatzea ere aztertuko da.

‘17. logela’ du izena ostiral honetan Donostian abiatu den ihes-gelak, eta modu honetan laburbiltzen du istorioaren abiapuntua bere web orrialdean: «Thotel luxuzko hotel kateak ehun urte daramatza euskal herritarrik ezagunenen loa zaintzen mundu osoan zehar. Urteurren borobil honetan, ibiltari bilakatu da, herritar guztiei bere izaretan lo egiteko pribilegioa eskaintzeko».

Guztira, beraz, 13 herri zeharkatuko ditu ihes gela ibiltariak datozen hiletan, eta geldialdi bakoitzean hiru egun egingo ditu: ostiraletan 16.00etatik 21.00etara eta larunbat eta igandeetan 10.00etatik 21.00etara. Udalerri bakoitzeko 20 txanda izango dira, eta bakoitzean gehienez bost lagunek parte hartu ahalko dute espazioari eta jokoaren ezaugarriei behar bezala erantzuteko.

16 urtetik gorakoa den eta euskara ulertu edota hitz egiteko gai den edonork parte har dezake ihesgelan, mugarik gabe. Saio bakoitzak 40 minutuko iraupena izango du eta denbora tarte horretan ihes gelatik irtetea lortu ezean, amaitutzat emango da jokoa.

Dagoeneko ireki da erreserbak egiteko aukera, eta saio kopurua mugatua denez, antolatzaileek eskatu dute lehenbailehen izena emateko, ihes gelan parte hartu nahi izanez gero. Doako esperientzia izango da baina ezinbestekoa izango da aurretiko erreserba egitea webgunean.