INFO

Indarkeria matxistaren biktimak modu integralean babesteko plana prestatu du Segurtasun Sailak

Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak iragarri duenez, Ertzaintzak plan estrategiko bat abiatuko du indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak modu integralean babesteko. Une honetan, 5.512 emakume babesten ditu Polizia autonomikoak.

Indarkeria matxistaren aurkako elkarretaratze bat, artxiboko irudian. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Josu Erkoreka Lakuako Gobernuko Segurtasun sailburuak ostiral honetan eman du jakitera Ertzaintzak 2024an ‘Emakumeak indarkeria matxistaren aurrean modu integralean babesteko plan estrategikoa’ jarriko duela abian, Polizia autonomikoa genero-indarkeriaren eta indarkeria matxistaren biktima diren 5.512 emakume babesten ari den unean. Azken hamarkadan, Ertzaintzak indarkeria matxistaren biktima izan diren 35.585 emakume artatu ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoa.

Erkorekak adierazi duenez, helburua da edozein eratako indarkeria matxista jasaten duten emakumeei gaur egun ematen zaien arreta hobetzen jarraitzea, eta, hori dela eta, jada lantzen ari diren plan berria plan «integrala, zeharkakoa eta kalitatezkoa» izango da.

Neurrien artean nabarmentzen da indarkeria matxistaren biktimen arriskua baloratzeko polizia-tresnen eguneraketa eta modernizazioa. EHUrekin elkarlanean, helburua da, lehenik eta behin, «egungo tresna ebaluatzea sistema zehatzago batera, Euskadiko emakumeen egungo egoera sozialera moldatutako sistemara, aldatzeko».

Gainera, Ertzaintzak eta udaltzaingoek «genero-indarkeriaren» eta «etxeko indarkeriaren» delituen espedienteak erregistratzeko eta partekatzeko gaur egun erabiltzen duten tresna informatikoa indartuko da.

Emakumeen kontrako indarkeriaren zifrak

Josu Erkorekak azaldu duen bezala, hamarkada batean Ertzaintzak indarkeria matxistaren biktima izan diren 35.585 emakume artatu ditu EAEn. Hil honetako datuen arabera, Ertzaintza genero-indarkeriaren eta indarkeria matxistaren biktima diren 5.512 emakume babesten ari da: 2.674 Bizkaian, 830 Araban eta 2.008 Gipuzkoan. Horietatik 289 kasu larriak dira, arrisku handiko edo bereziko kasu gisa erregistratuta daudenak eta intentsitate handiko babes-neurriak dituztenak.

Aldi berean, Ertzaintzak urruntzeko neurriak betetzen ari diren 97 tratu txarren emaile ditu epailearen aginduz eskumuturreko telematikoen bidez kontrolatuta: 38 Bizkaian, 18 Araban eta 41 Gipuzkoan.

Bestalde, Ertzaintzaren zifren arabera, aurtengo urtarrilaren 1etik irailaren 30era bitartean, sexu-askatasunaren kontrako delituen biktima izan diren 429 emakume zenbatu dira. Iazko aldi berean 381 erregistratu ziren, eta horrek esan nahi du emakumeen kontrako sexu-indarkeriak (sexu-erasoak, esplotazioa, adingabekoak galbideratzea, exhibizionismoa eta abar) % 13 inguru egin duela gora (48 kasu gehiago).