Sei estatu, hiru kontinente, geopolitika, interesak eta, hor nonbait, futbol apur bat
2030eko Munduko Futbol Kopa Estatu espainiarrak, Portugalek eta Marokok antolatuko dute, Uruguai, Argentina eta Paraguairen parte hartzearekin. Negoziazioen nondik norakoek, interes geopolitikoek eta gero eta handiagoak diren kostuen partekatzeak azal dezakete aldrebeskeria.
Munduko Futbol Txapelketa Estatu espainiarrean, Portugalen eta Marokon eginen da 2030. urtean. Horrez gain, Uruguai, Argentina eta Paraguai ere egoitza izanen dira, bakoitzak bere herrian jokatu ahalko baitu txapelketako lehenengo partida. San Mamesek eta Anoetak norgehiagokak hartzeko aukera omen dago, eta horri heldu zioten inguruotako lerroburu nagusiek asteazkenean. Gutxik galdetu zuten, ordea, nola den posible “mundial” batek hiru kontinentetan banatutako sei egoitza izatea.
Eta ez da aldrebeskeria honen arrazoia inork ezkutatu duelako. Hautagaitza nola garatu den aztertuta egungo futbolaren erradiografia bat izango dugu. Hasiera batean, 2018an, Luis Rubiales Espainiako Federazioko presidente ohiak hautagaitza Marokorekin batera aurkeztu zuen. Rabat hasiera batean erori, eta Portugal sartu zen orduan. UEFA Europako Federazioak bere babesa eman zion hautagaitza iberiarrari. Txinak, Hego Amerikak eta Arabia Saudik Grezia eta Egiptorekin partekatutakoak ziren beste aukerak.
Hor hasi zen diplomazia, edo agian ‘bazar negoziazioa’ izenda genezakeena. Riad-en hautagaitza zen aurkari sendoena espainiarrentzat. Rubialesen lehen mugimendua bere hautagaitzan Ukraina sartzea izan zen. Nork esanen zion ezetz Errusiak inbaditutako herrialdea zuen hautagaitzari? Gauzak, ordea, ez ziren hain errazak izan, eta ez zen ofizialdu. Bigarren mugimendua, orduan, Maroko berriz sartzea izan zen, helburu argi batekin: FIFAko herrialde afrikarren botoak banatzea, gehiengoa Arabia Saudiren aldekoa baitzen.
Txinak ez zuen azkenean bere hautagaitza ofizialdu, eta Hego Amerikakoak aukera gutxiago zituen, 2026ko Munduko Kopa Ipar Amerikan antolatuko dutelako AEBek, Mexikok eta Kanadak. Hala ere, txapelketaren hasierako partida batzuk Atlantikoaren bestaldera eramateak gauzak erraztu zizkion Espainiak bultzatutako proiektuari. Rubialesen eskandaluak, bistan denez, ez du FIFAren erabakia baldintzatu.
Diplomazia eta kostuen partekatzea
Hautagaitzak lurralde bat baino gehiago jasotzeko joera azaltzeko bi arrazoi eman ohi dira. Interes geopolitikoak eta halako txapelketa bat antolatzeak duen kostua banatzea.
Lehenari buruz, zalantza gutxi, oraingoan. Izan ere, Madrilen eta Rabaten arteko sintonia erabatekoa izan da azken urteetan, Mendebaldeko Sahara behin betiko traizionatzeraino. Espainiak ez du Marokorekin Italiak Libiarekin daukan arazoa nahi, eta monarkia alauitak migranteen jarioa kontrolatzen duen bitartean, Moncloari bost gainerakoak. Baita Marokoren hautagaitzaren barruan, egoitza sekundario gisa okupatutako Dakhla agertzea ere.
Kostuarena beste kontu bat da. Gero eta garestiagoa da horrelako hitzorduak antolatzea, eta Andrew Zimbalist eta beste ikertzaile batzuen lanen arabera, gehienetan «luxu» garesti bat izaten dira anfitrioientzat. Badira hautagaitzak partekatzeko arrazoi ekonomikoak, beraz. Hego Koreak eta Japoniak 2002an antolatutako Munduko Kopak 8.000 milioi dolar balio izan zituen. Dozena bat urte beranduago, Brasilek 15.000 milioi ordaindu behar izan zituen –%84 Estatuak jarrita–. Iaz, Qatarrek 220.000 milioi inbertitu zituen, azpiegitura gehienak hutsetik abiatu behar izan zituelako. “Mundiala” erakusleiho aparta da, eta normala da herrialde batek antolatu nahi izatea, baina egungo kostuekin, denen onerako izanen dela argudiatzeak ez du zentzurik.