INFO

Suaren gainean dantzan arituta lortu du Iñaki Artolak ligaxkarako txartela (22-21)

Alegiarra 10-2 aurreratu bada ere, Asier Agirrek behetik gora etorrita partida 21-21 berdindu du, agonia betean, gipuzkoarra partidan hobekien gurutzatu duen pilota jotzera behartuta.

Iñaki Artolak ikaragarri sufritu du Asier Agirre gainditzeko. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Suaren gainean dantzan aritu den Iñaki Artolak poza baino lasaitu handiagoa hartu du ostiral gauean Agoitzen, partidako tantorik luzeenean, ziurrenik partida osoan hobekien gurutzatu duen pilotakadarekin erretzea saihestu duenean. Partidan lehen zatian alde handiak pilatu baditu ere (10-2), alegiarrak sekulako agonia bizi behar izan du Asier Agirre on bati irabazi (22-21) eta, bi urteren buruan, Lau eta Erdiko ligaxkako ligaxkan sartuta.

Iñaki Artolak erabakitasun handiarekin eta oso fresko ekin dio partidari lehen pilotakadatik. Presioak beretzat handia behar bazuen ere, alegiarrak aurkariak baino abiadura bat gehiago eman dio pilotari eta horrek tantoaren aginte makila eman dio tanto ia guztietan. Joko klasikoagoarekin, baina erremateari muzin egin gabe, aurrelari gipuzkoarra 7-0 aurreratu da markagailuan, Asier Agirreri askoz gehiago egiteko aukerarik eman gabe, nahiz eta tantorik gehienak nahiko gogorrak izan diren.

Joko oldarkorragoarekin, izan dituen aukera apurretan arriskuak hartuz eta sake-errematean duen arriskuari etekina aterata, oso maldan gora (10-2) zuen partidan sartzeko modua egin du, baina azken azken txanparaino ez du berdinketarik lortu (21-21) hein handi batean egindako opariengatik. 15-13 zirela saketik egindako pasarekin edo 16-15ean eta 20-18an aukera-aukerako sake-errematea eskuineko marrara botata.

Materiala geratu eta partida irauli

Hala ere, lehiaren bigarren erdi horretan partida bere aldera ekartzea lortu du eta partida zakura eramateko zorian izan da, berak ere koxkaren bat jo duen Artolaren sake bat lagun. Partida oso fisikoa izan da Agoizkoa eta pilotariak bezala, materiala ere dezente gastatu lan erdietatik aurrera –11-6ekoan 154 pilota zituzten gurutzatuta–. Pilotak geratzearekin, Artolak ordura arte sartutako abiadura ez zen nahikoa Agirreren defentsa ona gainditzeko eta hor agertoki horretan Arrotxapeakoak beste dohain batzuk erakutsi ditu tantoa amaitzerakoan.

Hala ere, unerik kritikoenean gurutzatu du alegiarrak bere pilotakadarik onena eta horrexek eman dio urrea balio duen garaipena. Amezketan ere ez dira triste izango, hurrengo ostiraleko Altunaren aurkako Larrunarriko derbian giro bikaina ziurtatuta dute eta.

FITXA TEKNIKOA:

Artola: 22

Asier Agirre: 21

Pilotakadak: 336. Iraupena: 64,24 minutu. Markagailua: 7-0, 7-1, 9-1, 9-2, 10-2, 10-6, 12-6, 12-7, 15-7, 15-13, 16-13, 16-15, 18-15, 18-17, 20-17, 20-18, 21-18, 21-21, 22-21. Sakeak: 4 (pasa 1) Artolak eta 3 (pasa 1) Asier Agirrek. Egindakoak: 11 Artolak eta 10 Asier Agirrek. Galdutakoak: 7 Artolak eta 5 Asier Agirrek. Lau eta erdiko marraz atzetik: 1 Asier Agirrek. Gorabeherak: Sarrera bikaina Agoizko udal pilotalekuan. Iker Iriarte aritu da Artolaren botilero lanetan eta Josu Eskiroz Asier Agirrerekin