INFO

Euskaltzale Independentiston Topaketak: «Euskara arazo da, eta antidoto izan behar du»

Euskal Herrian Euskarazek lehen aldiz antolatu ditu Euskaltzale Independentiston Topaketak. Asteburu honetan dira, Villabonan. Indartsu hasi dira, solasaldi bizi-bizi batekin. «Eusten diogu, baina gero eta korrontearen kontrago goaz. Beste giro bat behar du hizkuntzaren gaiak», aldarrikatu dute.

Euskaltzale Independentiston Topaketei solasaldi mamitsu batek eman die hasiera, Villabonan. (Iñigo URIZ | FOKU)

Ez dira ados jarri zenbat gu bizi garen zehazterakoan. Eneko Bidegainek bi komunitateren artean ikusten du gatazka, euskaldunak eta frantsesak Ipar Euskal Herrian, euskaldunak eta espainiarrak Hegoaldean. Estitxu Garaik hamaika, hogei zenbatu ditu eta aniztasun hori subiranotasun gosearekin nola lotu, hor ikusten du erronka, justizia sozialaren ikuspuntutik, guztiontzat hobea izanen den toki baten bila, zapalkuntzei aurre egiten dieten bertze borrokekin batera: feminismoa, etorri berriak, ekologismoa... Amets Arangurenek infinitu gu ikusten ditu. D ereduan ikasia, «los de castellano» ziren gainerako guztiak, eta orain, A eredukoei euskara irakasten dabilela, ohartu da uste baino aunitzez ere hurbilago daudela beregandik.

Baina denak bat etorri dira euskara inposatzeko ideian. Bertze hitzen bat erabiliko lukete, estatu guztiek egiten duten moduan. «Eskatu», proposatu du Amets Arzallusek. «Eman», Lorea Agirrek. «Ematen dugu nahikoa. Hain gara irekiak gure buruari ere bideak ixten dizkiogula». Entzuleen artean txaloak eragin ditu hendaiarraren arrapostuak.

Euskal Herrian Euskarazek lehenbizikoz antolatu ditu Euskaltzale Independentiston Topaketak. Ez da denbora aunitz elkarteak bere burua independentista gisa definitu zuela espreski, eta hortik etorri da gogotsu prestatu eta itxaron duten asteburu osoko plana, Villabonan. Bi xede dituzte, alde batetik burujabetzak eta euskarak elkar nola elikatu dezaketen gogoetatzea, bertzetik euskaltzaleen komunitatea sendotzea.

Gurea Antzokiko solasaldia izan da aurreneko ekitaldia, eta Gurea Antzokia jendez beteta egon da. Gustura atera dira, gainera, bildutakoak, mahai-ingurua interesgarri egon delako.

Abertzalea naiz eta harro nago

Gazteenak –eta behin bakarrik aipatuko dugu hori– behin baino gehiagotan galdetu du ea dena grabatzen ari al ziren. Baiezkoa izan da erantzuna baina hori ez da traba izan lokatzetan sartzeko. Zergatik euskararen errepublika? Zehatz erantzun du musikari iruindarrak. «Hasteko, eduki izatetik forma izatera pasatzeko eta, hala, gure liburutegietatik euskal literaturaren atala desagertzeko».

‘Jakin’ aldizkariko zuzendariak abertzaletasuna non gelditzen den galdetu du. «Ni abertzalea naiz. Ez dago oso modan hau esatea». ‘Me too’ baten gisan, kideek aitortza bera egin dute. Azaldutako baikortasunarekin bere burua ere harrituta, bertsolari lapurtarrak Txillardegiren esaldi ezagun bat ñabartu du. Lehen partea konpartitzen du: Euskara estatu batekin agian ez da salbatuko. Baina bigarren partearekin –estaturik gabe seguru ezetz– duda egiten du. «Estaturik gabe ere iritsi gara hona. Eusten diogu eta aitorpen bat, meritu eta ohore bat behar du euskalgintza horrek».

Korrontearen kontra igerian ari garela erantsi du, gero eta kontrago. Horregatik, behar gorria ikusten du honetaz pentsatzeko eta eragiteko, politikan eta norberaren inguruan.

Borondate eraldatzailea

Gordexolako irakasleak «borondate eraldatzailea» eskatu du, gutxienez hori. «Bakoitzak gure esparruan eragiteko aukera izugarria dugula sinetsi behar dugu. Helburu handiak ezin ditu bitarteko helburu txikiak ito. Horiei ere arreta jarri behar diegu», defendatu du.

«Euskara diskriminazio ardatz bat da, eta antidotoa izan behar du, gizarte honen baitako herri talde desjabetu horiek guztiak batura batera ekartzeko», aldarrikatu du Agirrek, postitez betetako Ibai Atutxaren ‘Barbaroak eta zibilizatuak’ liburua eskuetan.

«Gaur egun, euskara problema bat da toki guztietan, baita bizilagunen bilera bat egiteko ere. Euskaraz egiteko eskatzen baduzu beti esango dizu norbaitek ez duela ulertzen. Baina euskara soluzioa da taldetasuna egiteko».

Gaineratu duenez, feminismoak aunitz erakutsi dio euskalgintzari, menderakuntza sistema identikoa delako. «Menderakuntza sistemak identifikatu behar ditu euskalgintzak», proposatu du. «Borroka emantzipatzaile guztiak gonbidatu behar ditugu, atea irekita utzi sar daitezen, eta aldi berean euskara ere borroka horietan txertatu behar da. Joan-etorriko harremana ezinbestekoa da».

Hizkuntza memoria falta da

Arzallusek euskara aspalditik dela diskriminazio ardatza eta oraindik ez dugula horren memoria behar bezala egin azpimarratu du. «Hizkuntzaren baitan egin diren bortxaketak, tortura psikologiko eta fisikoak, zer konplexu bizi izan ditugun eta bizi izan dituzten gure arbasoek, eta bizi ditugun oraindik ere».

Euskara hiztunok dugun eskubide bat da, batez ere euskaraz ez dakienak ditu eskubideak, ordea, bertsolariaren arabera. «Ez jakiteko eskubide hori babesten da, eta hori nahiko nuke auzitan jarri». Gehiago ere erran du: «Eredu elebiduna hezkuntza ez da eraginkorra. Hezkuntza legea bide horretatik badoa, ez jakiteko eskubidea betikotuko da».

Gonbidatzeari buruz, zera azaldu du: «Gu indarkeriak ekarri gaitu hona eta irabaztekotan sedukzioz irabazi behar dugu bakarrik. Egunen batean estatua izaten badugu, munduko estaturik jatorrena izango gara. Euskara ofiziala bada, ezin da eskatu jakitea, progresiboki?».

Agirrek gehitu du erakargarri izan behar hori indarkeria sinboliko erabatekoa dela, emakumeok ongi dakigun bezala.

Ezker abertzaleari dei zuzena

Publiko artetik, Sagrario Alemanek dei zuzena egin dio ezker abertzaleari. «Itzulerarik gabeko une batera iristeko arriskua dugu ez badugu zerbait egiten (...) Jardunbidea euskaraz egin dezaten eta karrikan eredu izan daitezen eskatzen diet». Patxi Gaztelumendik azken sprinta egin du euskara, kirola eta lurraldetasuna uztartuz eta Kirolaldia proposatuz.

Amaitzeko, aipatutako guztia laburtzeko eta sinpletik hasteko, Lazkao Txikiren aipu bat ekarri du Amets Arzallusek. Euskararen alde zer egin dezakegun galdetu omen zioten Joxe Mieli. Bere erantzuna: «Euskararen alde zer egin? Hitz egin».

Ekitaldi politikoa

Amaia Agirre bertsolariak eman dio hasiera ekitaldiari, eta Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi ohia mintzatu da gero. Astelehenean zendu zen Xabier Mendiguren antolakundearen lehen lemazaina izan du gogoan.

Hizkuntza gutxituetan mintzo direnei keinu bat eginez, Paola Martinez Millanguir eta Paulina Melinka Poffald Quelempam maputxeak igo dira ondoren oholtzara. Hizkuntza gutxituetako hiztunok gure hizkuntzari eustearen garrantzian jarri dute fokua eta Euskal Herriarekiko elkartasuna adierazi dute.

Azkenik, Kattalin Zubizarretak Olaia Inziarteren ‘Behe klasekoa’ kanta abestu ondoren, EHEko kide Sugoi Etxarrik eta Intza Gurrutxagak hartu dute hitza. Mugimenduak tokian toki borroka ugari piztu izan dituela gogorarazi, eta bidelagun izan diren euskaltzaleei eskerrak eman dizkiete.

Lortu dena handia izan arren, urte luzetako lan horren fruitu gehienak, jada, jaso dituztela azpimarratu dute. «Hizkuntza politiketan jauzia emateko beharra dago». Datozen urteei begira, EHEk dituen erronka nagusiak zerrendatu dituzte: euskara ofizial egitea Euskal Herri osoan, hizkuntza ereduak gainditu eta euskaldunduko duen hezkuntza sistema eraikitzea, pantailak euskalduntzea eta euskararen espazio seguruak edo arnasguneak sortzea.

Erronka horien aurrean, «erakunde publikoak beste alde batera begira» daudela salatu dute eta euskalgintzako eragileen artean «estrategia eta ekintza-ildo bateratuak» indartu behar direla nabarmendu dute.

Euskararen errepublika eraikitzearen beharra ozen aldarrikatu dute, baita Euskal Herri euskalduna posible dela ere.