INFO

Euskararen ofizialtasuna aldarri, ikastolen paperari hots egin diote Nafarroa Oinezen

Euskarak Nafarroa osoan ofiziala izan behar duela eta horretan ikastolek paper garrantzitsua jokatzen dutela aldarrikatu dute Oinezen. Lainoa saretzearekin batera egun zoragarri bat bistaratu da Etxarri Aranatzen. Antolatzaileak oso pozik ageri dira.

Jendetza bildu du Etxarri Aranazko ospakizunak, goizez zein arratsaldeko kontzertuetan. (Idoia Zabaleta | Foku)

‘Hotsein’ leloarekin ospatu da igande honetan Etxarri Aranatzen Nafarroa Oinez. Jende andana bildu du eta, eguraldia lagun, poz-pozik utzi ditu antolatzaileak. Arratsaldean jakinarazitako balorazioan esan dutenez, bai jende kopuru aldetik bai eta inolako ezbeharrik izan ez delako, «arrakastatsua» izan da eguna.

«Egunari begira jarritako helburua bete dela eta euskararen aldeko festa erraldoi bat antolatzeko erronkari oso ongi erantzun zaio. Horregatik, era batera edo bestera parte hartu eta lagundu duten milaka lagunei eskerrak» eman dizkie Nafarroa Oinezen antolakuntzak. Orain Zangotzako ikastolari pasako diote lekukoa.

Ekitaldi hunkigarri baten ondotik ireki dute hiru kilometroz eta ezuste politez betetako ibilbidea. Behe lainoaren azpian esnatu da eguna Sakanan, eskualdeko 14 herrietako ikasleak hartzen dituen Andra Mari ikastolako kideek emozio saltsa bat zuten barnean. Ardura eta ohorea batetik, egindako lan handiaren ondoko nekea bestetik. Duela 54 urte dozena bat ikaslerekin hasi zen proiektuak 400 inguru ditu gaur egun, eta esker ona adierazi diete apustua egin zutenei eta baita festa honetara hots egitera gerturatu diren guztiei ere.

Goizeko hamarretan hasi da festa, adar baten dei-soinuari erantzunez. Aurkezleak ongi etorria egin die bertaratutako erakundeen ordezkariei, eta ez dira gutxi izan: Iruñerriko Mankomunitatea, UEMA, Nafarroako Eskola Kontseilua, Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza, Kontseilua, Behatokia, Topagunea, AEK, IKA, Errigora...

Ordezkari politikoak ere, ugari: Mikel Irujo, Jose Maria Aierdi eta Begoña Alfaro kontseilariak, Jabi Arakama Euskarabideko zuzendaria, Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualde, EH Bilduko Laura Aznal, Adolfo Araiz, Eneka Maiz eta Bel Pozueta, Geroa Baiko Maria Solana, Mikel Asiain eta Uxue Barkos, eta UPNtik Iñaki Iriarte.

Igande berezi hau hotz eta lainotsu hasi den arren, batzuk kalimotxoa eskuan egon dira hasiera-hasieratik eta segituan girotu da Etxarri, adin guztietako jendea kotxez, autobusez eta trenez etengabe heltzen joan da eta. Goiz erdira aldera kafea hartzeko, txosnetarako ticketak erosteko nahiz garagardoak edo taloak hartzeko ilarak antzekoak ziren.

Beroa handitzen joan denean, bertaratu diren familiek, gazteek eta helduagoek itzal baten bila hasi dira. Eguzki betean zegoen Izaskun, puzgarrietako ilaran, NAIZeri azaldu dionean haurrekin Oinezera urtero etortzen saiatzen dela, Iruñetik. Eguraldi ona eskertu du, eta berak eta familiak «planik ez» daukatela aitortu duen arren, egun osoa Etxarri-Aranatzen igarotzeko asmoa dute, Iruñera trenez itzuli baino lehen.

Irekiera ekitaldian euskararen ofizialtasuna eskatu dute Nafarroa osoan, eta gure hizkuntzaren erabilerari bultzada emateko asmoa ere nabarmendu dute. Arnasgune batean dago Etxarriko ikastola, eta konbentzituta daude erreferente izan daitezkeela. «Gure herrialdeko herritar guztiei hizkuntza eskubide guztiak eta, zer esanik ez, euskaraz ikasi ahal izateko eskubidea bermatu behar zaizkie, muga eta zonifikazioen gainetik, bai Lerinen, Lezkairun zein Etxarrin. Euskaldunok merezi badugu euskara Europan ofiziala izatea... nola ez Nafarroa osoan!», nabarmendu du Izaskun Errazkin Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolako lehendakariordeak. Ipar Euskal Herriko egoera ere gogoan izan du Errazkinek, eta, bereziki, Baxoa euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatu du.

Elena Zabaleta Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakariak zera erantsi du: «Ikastolok Nafarroaren lurralde osoan zabaldurik gaude, eta gure konpromisoari eutsiko diogu, marra gorriak gaindituz: euskaraz hazi eta hezi nahi duten herritar guztiei, eskubide hori bermatuko diegu».

Ana Ollo Hualde Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak ere zonifikazioa gainditzeko erronka aipatu du. Indar bereziz zabaltzen ari den aldarrikapena den arren, Nafarroako Parlamentuan «gehiengo nahikorik» ez duela gogoratu du. Hala ere, «aldarrikapen demokratikoa eta bidezkoa» dela onartu du.

Xede ekonomikoari dagokionez, hagitz zaharkitua dagoen DBHko eraikina moldatzera bideratuko da egun honetan jasotako dirua.

Trantsizio geletako ikasleek moztu dute zinta. (Idoia ZABALETA / FOKU)

Behar berezikoei omenaldia

Andra Mari Ikastola izan zen euskarazko trantsizio gelak edo gela alternatiboak sortu zituen lehenetarikoa. Orain horrelako bi gela dituzte. Hain zuzen ere, behar bereziko ikasleak eta haien familiak omendu dituzte, eta haiek arduratu dira zinta mozteaz.

Hori baino lehen, Andra Mari ikastolak inklusibitatearekin duen konpromisoa nabarmendu du Errazkinek: «Ezinbestekoa da gure ikasle guztietara iristea, ezinbestekoa aniztasuna eta inklusioa gure egunerokoak izatea, denengana iritsi behar dugulako gizarte justuago bat lortzeko». Horretarako baliabideak eskatu dizkie agintariei.

Itsasontzi itxurako bizikleta baten gainean zihoan txirrindulari baten gidaritzapean, gonbidatuak ikastolako parkingean elkartu dira. Ondoren segizioa autokarabanen aparkalekuraino jaitsi da txalaparta doinuen artean eta hor beste ustekabe atsegin batekin egin du topo: dantza ikusgarria egin duen erraldoien konpartsarekin.

Erraldoien konpartsa Etxarri-Aranatzeko kaleetan barrena ibili da. (Idoia ZABALETA / FOKU)

Lekukoa Zangotzako Ikastolari

Merezitako bi omenaldi egin dira kultur etxean. Lehenik, hainbat urtez Nafarroako Ikastolen Elkarteko arduradun pedagogikoa izan den Ireneri Lopez Goñiri, eta bigarrenik, urte luzeetan zehar, Andra Mari Ikastolako irakasle eta herri kirolen sustatzaile izan den Jexux Senarri.

Amaitzeko, lekuko aldaketa egin da. Andra Mari Ikastolaren izenean, Izaskun Errazkin lehendakaria eta Iñigo Orella zuzendari pedagogikoa izan dira datorren urteko Oinez festa antolatuko duen Zangotzako Ikastolako ordezkariei lekukoa pasatu dietenak. Zangotzako Ikastolaren izenean, Carlos Arcelus lehendakaria eta Nagore Oria zuzendaria oholtzaratu dira.

Hiru gunetan banatuta, aukera zabala dago gozatzeko: Trikiteens, Nafarroa 1512, Gozategi, Alerta Gorria, Trikidantz, Alarma Morea, DJ Bull eta The Potes arituko dira, adibidez. Aurtengo Oinezen abestiaren musikagilea, Joseba Tapia, zuzenean ikusteko aukera ere bada.

Zangotzako ikastolak jaso du lekukoa. (Idoia ZABALETA / FOKU)

 

 

Euskara eta ohitura osasuntsuak sustatzeko asmoz, Nafarroako hamaika ikastolatako ehundik gora ikaslerentzat prestatutako jolas erraldoian ere ari dira disfrutatzen, Erronkan. Gainera, herri kirolak ikusteko aukera, tonbola eta haurrentzako mota askotako jolasak egon dira herriko txoko guztietan.

Giro alaiak blaitu du Etxarri-Aranatz egun osoan, uda luze honetako azken izozkiak hartzeko aukera eman duen eguraldiak lagunduta. Jaiaz gain, argi geratu da Andra Mari Ikastolak muino batetik zaintzen duen Sakanako bazter honetan euskararen hotsa entzuten dela.