INFO

Goiatz Labandibarrek lehen eleberria kaleratu du: ‘Bekatua’

36 urte ditu Garazik, eta bere bikotea ez den 18 urteko gazte baten ohean esnatu da parrandako gau baten ostean; ohean dagoela bururatutakoak bildu ditu Goiatz Labandibar idazleak bere lehen eleberrian. Ramiro Pinilla eleberri laburren 2021eko saria irabazi zuen, eta Ereinek argitaratu du.

Goiatz Labandibarrek bere lehen eleberri laburra aurkeztu du astelehen goizean Donostian. (Gorka Rubio | FOKU)

Narrazio laburrak idatzi izan ditu orain artean batez ere, eta sarritan entzun behar izan du «noizko nobela?» galdera, «agian, inoiz ez» erantzun ohi zuen Goiatz Labandibar idazleak, baina udazkenarekin batera iritsi da idazle oiartzuarraren lehen eleberria, ‘Bekatua’. Tekila usain eta zaporez bustitako ia ehun orrialdeko eleberri laburra aurkeztu du astelehen goizean Donostian.

Garazi da eleberriko protagonista, eta Uxue Razquin Erein argitaletxeko editoreak azaldu du protagonistari «biharamunak irauten dion adina irauten» duela liburuaren irakurketak. 36 urte dituen emakumea da Garazi, eta 18 urteko gazte baten ohean esnatzen da parrada baten ostean; gazte hori ez da «bere Axi», eta biharamuneko ideien zurrunbiloak jaten du protagonista. «Tonu jostari eta makarra» nabarmentzen dela azpimarratu du editoreak.

Aipaturiko eszenarekin abiatzen da eleberria, etengabean hori da eszenatokia. Gazte ezezagunaren ohean dagoela, protagonistak dituen hausnarketek osatzen dute liburua: «sozialki ondoegi ikusita ez dauden bi kontu zeharkatzen dira; batetik Garazik adarrak jarri dizkiola bere bikoteari, eta bestetik bera baino ia hogei urte gazteagoa den mutil batekin». Abagune horretatik Garazi pertsonaiak bere buruari eta gizarteari begiratuko dio, «hasiera batean konexio gabeko ideiak izan daitezkeenetan loturak eta koherentzia lortuz», zehaztu du idazleak.

Razquinek azpimarratu du eleberriko «indargunea» protagonista bera dela: «Oso ongi eraikita eta finkatuta dago pertsonaia, eta horrek bere hausnarketek, pasadizoek eta ideiek beste pisu bat hartzea ekarri dute; Garazi ezagutzera iristen zara». Hirugarren pertsonan dago idatzita, eta idazleak azaldu du Garaziren ikuspegia bakarrik jasotzen dela kontakizun osoan: «Axi eta Mattin (bere bikotea eta ondoan duen gaztea) ez dira aktiboak kontakizunean, ez dut interesik izan beraien ikuspegia zein den asmatzeko, protagonista bat eta bakarra dago, Garazi».

Ideiaren iturburua
Labandibarrek lo egin ezinean gaudenean sortzen den ideia zurrunbiloaren inguruan idatzi nahi zuen, «norbaiten lo ezina» kontatu, eta momentu horretan bururatzen diren konexiorik gabeko ideiak landu. Aurkezpenean kontatu du, horretarako aitzakia bat behar zuela: «Krisi existentzial horretara edota erresaka emozionalera iristeko aitzakia bat behar nuen, baina ez nuen  nahi zerbait transzendentala edota atzera bueltarik gabekoa izaterik, ez nuen heriotzarekin lotu nahi». Razquinek aitortu du asko gustatu zitzaiola irakurritakoan, eta euskal literaturan estilo horretako eleberrien «falta sumatzen» duela.

Ereineko editoreak eleberri osoan dagoen umorea azpimarratu du, eta izenburura ere tonu hori eramateko beharraz ohartarazi zion idazleari lehen bertsioa irakurtzerakoan. Izan ere, hasiera batean ‘Biharamuna’ zen eleberriaren izenburua; baina azkenerako, hamaika proposamen egin ostean ‘Bekatua’ izenburua egokiagoa iruditu zitzaien. Azaleko irudiak ere horren berri eman nahi du, Iñaki Zapirainek egindakoa da, eta Labandibarrek azaldu ditu aurkezpenean irudiaren nondik norakoak: «Uste dut aipatzen nuen ideien zurrunbiloa keak adierazten duela, txupitoa jartzearena Iñakiren ideia izan zen, eleberriko elementuetako bat delako, eta eskua zein eskuaren itzalak ere badu bere esanahia».

2021eko Ramiro Pinilla eleberri laburren saria irabazi zuen Labandibarrek, eta ondoren, Ereinek, argitaratzea erabaki zuen. Luzeerari dagokionez beraz, eleberria izan arren, laburra izateko baldintza zuen eta horrela mantentzea erabaki dute ondorengo editoretzan ere. Labandibarrek lehiaketara aurkezteko asmorik gabe idatzi zuen eleberria, eta ondoren lehiaketako neurriekin bat zetorrela ikusita aurkeztea erabaki zuen. Narrazioak idaztetik eleberria idaztera igarotzea asko kostatu zaion galdetuta, ezezkoa erantzun du idazleak: «Prozesu luzea izan da, ez dut azkar idatzi, baina ez nuenez egin beharrik, erraz egin dut».