INFO

Zerbitzu publikoek «okerrera egin dutela» salatu dute sindikatuek erakundeen aurrean

«Zerbitzu publikoak indartzeko, soldata eta enplegua hemen adostu» lelopean, ELA, LAB, CCOO, Steilas, Satse eta ESK sindikatuek elkarretaratzeak egin dituzte Bilbo, Donostia eta Gasteizen, Lakuako Gobernuan, Eudel eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean.

Sektore publikoko langileek Bilbon egindako elkarretaratzea. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Bilbo, Donostia eta Gasteizko elkarretaratzeetan parte hartu duten sektore publikoko langile eta sindikatuek salatu dute astelehen honetan «zerbitzu publikoek nabarmen egin dutela okerrera, eta lan baldintzak okertzen ari direla etengabe», eta horrek zuzeneko eragina dauka «herritarrei eskaintzen diegun zerbitzuaren kalitatean». Urriaren 25 eta abenduaren 19ko greba egunen lanketa barnean egin dituzte elkarretaratzeak.

ELA, LAB, CCOO, Steilas, Satse eta ESK sindikatuek deituta, Lakuako Gobernuaren aurrean Gasteizen, Eudelen egoitzan Bilbon eta Gipuzkoako Foru Aldundian Donostian egin dituzte mobilizazioak.

«Zerbitzu publikoak indartzeko, soldata eta enplegua hemen adostu» lelopean, sindikatuek argi azaleratu nahi izan dute «egoera horren aurrean ezin dugula beste aldera begiratu», eta erakunde eta alderdi politikoei mezu garbia bidali nahi izan diete: «Behingoz zerbitzu publikoen eta horiek ahalbideratzen dituzten langileen alde erabakiak har ditzatela».

Hain zuzen, eskatu diete «Estatutik datozen mugak behingoz kentzea, soldata publikoak eta enplegu publikoaren beharrak hemen erabakitzeko»; «gure erakundeek zerbitzu publikoak indartzea, enplegu publikoa sortzea eta kontsolidatzea, lan baldintzak hobetzea ahalbideratuko duten aurrekontuak onartzea»; %10eko soldata igoera; enplegu publikoa sortzea eta egonkortzea, «benetako behin-behinekotasuna» %8ra mugatuta; «arlo publikoa indartzea, pribatizazio berririk ez egiteko konpromisoa hartzea eta publiko egiteko planak adostea», lan kargak arintzea eta osasun bermatzeko neurriak adostea; Administrazioaren benetako euskalduntzea bermatuko duten planak adostea; berdintasunerako benetako urratsak ekarriko dituzten genero arloko neurriak; eta jardunaldiaren murrizketa adostea.

Bertaratuek eta sindikatu deitzaileek ere adierazi dute hurrengo egunetan urriaren 25 eta abenduaren 19an «lantokiak hustu eta kaleak betetzeko helburuarekin» lanean jarraituko dutela.