INFO

Axun Lasa eta Pili Zabala «hunkiturik» Tolosako gazteekin batera ‘Lasa eta Zabala’ ikusterakoan

40 urte beteko dira Joxi Lasa eta Joxean Zabala gazte tolosarrak bahitu, torturatu eta hil zituztenetik. Urteurrenaren harira, Egiari Zorrek herriko ikastetxeekin elkarlanean, batxillerreko ikasleekin filmaren proiekzioa eta ondoren senideekin solasaldia antolatu du.

Pili Zabala, Axun Lasa eta Martxelo Otamendi astearte goizeko proiekzioan. (Maialen Andres | FOKU)

‘Lasa eta Zabala’ filma proiektatu dute Tolosako Leidor aretoan astearte goizean, duela bederatzi urte estreinatu zena, baina bazuen berezitasun bat proiekzio honek; ikusleak. Joxean Lasa eta Joxi Zabala desagertu zirenean jaio gabe ziren oraindik, ezta hamar urte beranduago beren gorputzak aurkitu zituztenean ere, ezta gazte tolosarren gorpuzkinan Tolosara heldu eta Ertzaintzarekin izandako liskarrak gertatutakoan. Tolosako ikastetxeetako ikasleak izan dira ikusle, eta ondoren Axun Lasa eta Pili Zabala senideek hartu dute hitza, Martxelo Otamendiren gidaritzapean.

400 bat ikasle elkartu dira Leidorren, eta gertakaria urrun sentitzearen sentsazioz edota filmean ezagutu dutenarekin oraindik ere harrituta, ez da inor galderarik egitera animatu, nahiz eta oholtzatik behin baino gehiagotan bota amua mikroa gazteek hartzeko. Egiari Zorrek antolatu du ikastetxeekin elkarlanean proiekzioa eta ondorengo solasaldia, eta 40.urteurrenaren harira, gazteekin gaia lantzea erabaki zutela kontatu dute proiekzioaren hasieran, «egungo gazteak izango dira etorkizuneko kudeatzaileak, eta iraganetik ikaspenak atera behar ditugu».

Axun Lasa eta Pili Zabala sarri eseri dira bien anaien kasuaz hitz egiteko, baina astearte honetan «emozionaturik» zeudela azpimarratu dute. Izan ere, Lasak azaldu du Estatu indarkeriaren biktimak izanik, informazio gutxi zabaldu dela beraien kasuaz, eta beraiena ere «egia dela», eta ondorioz, «horrelakoak gertatu» direla. «Emozionatu egiten nau horrenbeste gazte hemen ikusteak, pasarte hau ere jaso duzuela jakiteak», nabarmendu du.

Zabalaren ustez garrantzitsua da gazteek film hau ikustea, beraiek direlako etorkizuna: «Ez da ezkutatu behar, ezta isildu ere: Euskal Herrian gertatu da hau ere». Aipatu du helburua ikasleak beraien azalean jartzea dela, senideenean alegia, eta gehitu du: «Pentsa noraino iritsi daitekeen gorrotoa, gizaki batek beste bat horrela tratatzeko».

Pili Zabala: «Araututa dago bortxazko desagerpenen kasuan nola entregatu hilkutxa senideei, eta ez zuten hala egin. Familiek eskertuko genuke barkamena, gertatutakoa delitua delako»


Filmaren ostea

Lehen aldiz pelikula ikusitakoan sentitu zutenaz galdetuta, Lasak aitortu du gogorra izan zela: «Ezinegona sortu zidan gure mina horrela zabaltzeak, filmarekin gure mina herri guztiak zekien, eta intimitatea galdu genuen horrekin». Hala ere, nabarmendu du «aukera» gisa ikusi zutela: «Egia zabaltzeko aukera bat da, estatuaren indarkeriaren biktimek ez ditugu bitartekoak gure egia zabaltzeko». Zabalak ere bat egiten du inoiz imaginatutakoari irudiak jartzea gogorra dela esaterakoan, eta hala ere adibide partikular bat jarri du: «Gure etxean ahizpa batek ez du ikusi, ezin du». Azaldu du filma ez dela «atsegina», baina egia juizial baten berri ematen duela, eta «dokumentu historiko garrantzitsua» dela bere ustez.

Pasarte gogorren artean, Tolosako hilerrikoa gogoratu dute; beraiek ere bertan baitzeuden. Lasak kontatu du bizi zuten «krudeltasuna» adierazteko ez duela hitzik: «Hamabi urte beraien bila igaro ostean, hilerrira joan eta jipoitzea, hitzik ez duen krudelkeria da». Eta Ertzaintzaren orduko jarrera kritikatu du: «Beraiek dira profesionalak, beraiek dituztek bitartekoak horrelako egoerak nola kudeatu ikasteko, eta senideei eskatzen digute horrelako egoera batean garraxirik ez egiteko? Hori non gertatzen da?».

Zabalak ere oso presente ditu egun horretako gertakariak, eta Ertzaintzaren aurkako salaketa guztiak artxibatu izana salatu du. «Araututa dago bortxazko desagerpenen kasuan nola entregatu hilkutxa senideei, eta ez zuten hala egin. Familiek eskertuko genuke barkamena, gertatutakoa delitua delako. Konponbide bat behar dute gertatutakoek, eta bitartean guk ezin dugu dolu bat egin».

Lasak ere dolu prozesua zaildu zuela gaineratu du: «Urteak pasa behar izan ditut dolu hori egiteko; polizia tartean ezin genuen dolu hori egin».

Axun Lasa «ETAren biktimak 100 boltioko foku baten azpian baldin badaude, guk ezin dugu 25 batiokoarekin egon, guztiak izan behar gara aitortuak»

Mina eta maitasuna

Dolua egoki kudeatzea izaten da zenbait kasutan bizipen horiei heltzeko modua, baina zaila izaten da mina sendatzen, hala uste dute behintzat gazte tolosarren senideek. Zabalak maitasunarekin egin duela aurrera kontatu du, «gure etxean maitasun inkondizional bat egon da, amorrua egon zitekeen baina gorrotorik ez dugu inoiz izan». Lanketa pertsonal handia egin behar izan duela adierazi du: «Ez genuen gorrotatzeko denborarik, energia guztia senideak bilatzera bideratu genuen». Lasak aitortu du egindako bidea oso zaila izan dela, eta horrenbestekoa zela bere mina, gorrotatzeko indarrik ere ez zuela: «Ezin nuen kudeatu, ezin nuen ibili ere egin, baina hitz eginez onartzera iritsi nintzen urte askoren lanarekin. Onartu eta orain maitasunarekin zabaltzen ahalegindu».

Minen aitortzak eta erreparazioak duela hogei urte baino presentzia handiagoa dute gaur egun, hala ere, kontatu dute estatuaren biktimen aitortza «beti berandu eta mantso» doala. Zabak dio inoiz ez direla «beraien oinetan jarri», biktimak beti izan direla ETAren biktimak gehiengoarentzat, eta ez beraiek. «Ez dugu arazorik elkar ulertzeko gure mina errespetatzen badute», adierazi du. Eta Lasak gehitu du «estatu terrorismoko biktimak» aitortzeko eskatzen dutela; horrekin ez dutela esanahi sarritan leporatu zaien bezala «ETAren biktimak ez aitortzeko» baizik eta guztiak aitortzeko. «ETAren biktimak 100 boltioko foku baten azpian baldin badaude, guk ezin dugu 25 batiokoarekin egon, guztiak izan behar gara aitortuak». Eta bide horretan, filmak bide bat egin dezakeela sinetsita daude.