Etxean uso izatetik otso izatera pasa da Jokin Altuna Artola on baten aurka (22-15)
Lehen erdian alegiarrak estutu handi bat eman badio ere, 6-11 ere aurreratu da txintxarria, sakea eta sake-errematea lagun, amezketarrak partida bere aldera ekarri eta lehen puntua eskuratu du.
Azken emaitzak irudika dezakeena baino askoz gehiago sufrituta, baina azken urteetan bezala, garaipenarekin ekin dio Jokin Altunak bere zortzigarren finala izango litzatekeenaren bideari, Amezketan bertan, Iñaki Artolari 22-15 gailenduta. Sei urte ziren bi auzokideak elkarren aurka buruz buru jokatzen ez zutela eta puska batean gogoan izango du txintxarriak eulia garaitzeko pasatzen utzi duen aukera. Partidaren lehen erdian estutu handia eman dio Baikokoak bere lekua topatu ezinik aritu den aurkariari, baina sailez aparteko pilotariek hori dute, ezer gutxi behar dutela partida iraultzeko eta bat batean usoa zirudien Altuna otso bilakatu da lehen puntua eskuratzeko. Gaurkoan sakea eta sake-errematea izan ditu amezketarrak soluzio oso maldan gora jarri zaion partida konpontzeko.
Pronostikoen kontra, Iñaki Artola izan da partidaren aginte makila lehen aldiz hartu duena. Paperak aldatuta balituzte bezala, lehendabizi eskuin biziarekin aurkaria lekutik aterata, alegiarra izan da aurrera pausua ematen lehena, oldarkor eta, era berean, eraginkor. Gauzak bikain egin ditu hasiera horretan Baikokoak, baina, era berean, ezin uka aurkaria ere bere mailaz behera aritu dela.
Aldapan gora
Txapelketa bateko lehen partida beti izaten da zaila pilotari guztientzat eta etxean aritzeak ez dio batere onik egin Jokin Altunari, lotuta ikusi dugu amezketarra, pilotaren bila joateko beldurrez bezala, gehienean defentsan eta ezkerrez pilota bihurritu ezinean bezala. Eta hasiera orekatu xamar baten ostean, txintxarriak markagailuan zuloa egitea lortu du 6-11, aurreko tantoan Jokin Altunak aldageletarako bidea hartzera behartu ostean.
Baina, hala ere, Jokin Altuna izan da lehen atsedenaldi luzera aurretik heldu dena, denbora gutxian tantoak egiteko duen gaitasunari esker. Defentsa handia erakutsi duen tanto batean berreskuratu du sakea Aspekoak eta etekina atera dio (12-11).
Aldagelatik bueltan izan du bere unea Iñaki Artolak, berriz ere pilotari abiadura emanda Altuna deseroso sentiaraziz (12-14) baina ordurako partidak beste traza bat hartua zuen. Hein handi batean amezketarrak tantoak amaitzeko beste abilezia bat duelako eta gaurkoan sakea izan da horretarako bidea ireki diona. Lehen pilotakadarekin mina egin dio amezketarrak auzokoari eta sake-errematean ere oso fin aritu da.
FITXA TEKNIKOA
Altuna III.a: 22
Artola: 15
Pilotakadak: 263. Iraupena: 56,21 minutu. Markagailua: 2-0, 2-3, 4-3, 4-5, 5-5, 5-6, 6-6, 6-11, 12-11, 12-14, 20-14, 20-15, 22-15. Sakeak: 6 Altuna III.ak eta 3 Artolak. Egindakoak: 9 Altuna III.ak eta 9 Artolak. Galduak: 3 Altuna III.ak eta 6 Artolak. Lau eta erdiko marraz atzetik: 1 Artolak. Gorabeherak: Sarrera guztiak agortuta Amezketako Larrunarri pilotalekuan jokatutako jaialdirako. Gorka Altuna izan du botilero lanetan Jokin Altunak eta Iker Iriarte aritu da Iñaki Artolarekin. Lehen sakea gorri.