INFO

Ezkurdia urakana Salaberria debutariaren gainetik pasa da (22-9)

Azken unean hortzak estutu eta bere doai onenak ateratzeko gai izan bada ere, Iker Salaberriak gogotik sufritu du Ezkurdiaren aurka, bai fisikoki zein mentalki. Ezkurdiak, egungo Lau eta Erdiko txapeldunak, ez dio aukerarik eman maila nagusian estreinakoz aritu den goizuetarrari.

Ezkurdia erabat nagusi izan da Lekunberrin. (Gorka RUBIO | FOKU)

Ezkurdia Salaberriaren gainetik pasa da Lekunberriko pilotalekuan, goizuetarraren zenbait zale pilotalekuan zirela, maila nagusian bere debuta baitzen. Iaz Promozioko txapela irabazi zuen Iker Salaberriak eta lehen mailan estreinakoz, Lau eta Erdiko egungo txapeldunaren aurka jokatzea egokitu zaio. Agerian geratu da bien arteko aldea, sasoiko dagoela erakutsi baitu Arbizukoak.

17 tanto jarraian eginda, 18-1eko markagailua ezarri du Ezkurdiak, fisikoki ez ezik, mentalki ere sekulako mina emanaz goizuetarrari. Lehendabiziko sakea motzegi ateratzeak ere nahiko zarata eragin dio psikologikoki.

Ezkurdiari lanak bukatzeko lau tanto falta zitzaiola, 75 pilotakada soilik zituzten eramanak. Frustrazio aurpegiz eta negarrari ezin eutsita aldageletarako bidea hartu du Salaberriak eta oraindik ere malkoak begietan zituela itzuli den arren, barru barrutik atera du bere harrotasun eta kemena eta zazpi tanto takada batean egin du, sakea berreskuratu eta sake-errestoan, zabalera botata, Ezkurdiari ezinezkoa egin baitzaio erantzutea (18-8). Bere doaiak erakusten hasi denerako –airez bost tanto eder egin ditu–, baina, berandu egin zaio Salaberriari.

Tanto bakoitza amorruz ospatzen zuen, partida hasiera makala burutik ezin kenduta. Partidan bertan baino, estreinako honen aho zapore gazia zeraman pentsamenduan eta horrek erabat baldintzatu dio egungo txapeldunaren aurka.

Errestoa txokora botatzeko egin duen hautu bakarrean Ezkurdiak sakea berreskuratu du eta oraingoan, Salaberriak zerbait gehiago estutu duen arren, arazorik gabe iritsi da 22ra.

Udara ona osatu du Arbizuko aurrelariak eta bolada horri segida eman dio 2023ko Lau eta Erdiko lehendabiziko partidan. Dena dela, «fisikoki ea nola» dagoen ikusteko dagoela adierazi du, partida oso pilotakada gutxikoa izanik, oraindik ikusteke baitago nola moldatuko den lehia exijenteagoetan.

Hurrengo jardunaldian Peio Etxeberriaren aurka neurtuko ditu indarrak, finalerdietarako txartel bat jokoan izango dela. Bilboko Deportivo pilotalekuan arituko da, inoiz jokatu gabeko eskenatokian «asko ezagutzen» duena pilotariaren aurka. «Ez dakit asko ezagutzea ona edo txarra den –adierazi du barre artean, ETBko kameren aurrean–, baina partida zaila izango da. Peio erakusten ari da joko maila onarekin dabilela, bolada luzez, eta goialdean egoteko pilotaria da. Puntu garrantzitsua egongo da jokoan».

Lekunberriko pilotalekuan jokatutako partidari dagokionez, onartu du Salaberriak ez duela bere egunik onena izan eta horrela, «batek errazago jokatzen du». Sakearekin min handia egiten den frontoia dela esan du Ezkurdiak eta hasiera batean, urduri eta beldurtuta ere bazegoela. 16 tanto egin ditu Arbizukoak, horietatik 9, sakean: «Sakearekin aprobetxatu dut, belaunera jaurtiz, eta aurreratzen zenean ikusi egiten nion», adierazi du. Azken tantoa sakea zabalera botata egin du.

FITXA TEKNIKOA:

Ezkurdia: 22

Salaberria: 9

Pilotakadak: 144. Iraupena: 37:39 minutu. Markagailua: 1-0, 1-1, 2-1, 18-1, 18-2, 18-8, 19-8, 20-8, 20-9, 22-9. Egindakoak: 16 Ezkurdiak eta 7 Salaberriak. Galdutakoak: 2 Ezkurdiak eta 6 Salaberriak. Gorabeherak: Lekunberriko pilotalekua goraino beteta, giro paregabearekin. Sakea, urdin.